Foru Aldundia Alderdi Popularrarekin elkartu da, 2019ko aurrekontu proiektua negoziatzeko
Foru Aldundia Alderdi Popularrarekin elkartu da, 2019ko aurrekontu proiektua negoziatzeko
Datozen egunetan itxiko du foru erakundeak batzarkide taldeekin egiten ari den bilera-sorta, EAJ/PNV eta PSE-EErekin egingo dituen topaketekin
Gipuzkoako Foru Aldundiak 2019ko bere aurrekontu orokorren proiektua Batzar Nagusietako taldeekin negoziatzeko bilera-sortarekin jarraitzen du, gaur elkartu baita Alderdi Popularrarekin. Foru erakundearen aldetik, Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olano; Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako foru diputatu den Denis Itxaso; eta Ogasun eta Finantzetako foru diputatu den Jabier Larrañaga bertaratu dira. Alderdi Popularra, bere aldetik, Juan Carlos Cano Batzar Nagusietako bozeramaileak ordezkatu du. Topaketan, foru erakundeak bere proposamenaren lerro nagusiak xehatu ditu, oposizioko taldeek egin dezaketen edozein ekarpen edota hobekuntza proposamen entzuteko duten prestutasuna berretsiz.
Diputatuen Kontseiluak pasa den urriaren 30ean onartu zuen aurrekontu orokorren proiektua eta, ondorengo astean, diputatu bakoitzak bere departamentuaren zuzkiduraren berri eman zuen Batzar Nagusietan. Orain batzarkide taldeekin elkartzen ari da Aldundia, eta jada batzartu da EH Bildu, Podemos-Ahal dugu eta Alderdi Popularrarekin, eta datozen egunetan EAJ/PNV eta PSE-EErekin elkartuko da. Ondoren, aurrekontu proiektua Batzar Nagusietan eztabaidatu eta bozkatuko da, osoko bilkuran: osoko emendakinak abenduaren 12an, eta 21ean egingo da behin betiko eztabaida eta bozketa.
Guztira, 2019ko aurrekontu proiektuak 875,5 milioi euroko zuzkidura dauka, hau da, aurtengoan baino 19 milioi eta %2,2 gehiago. Olanoren gogoratu duenez, inoizko aurrekonturik sozialena da eta, gainera, berari esker, Foru Aldundiak 2015ean hasitako prozesua “gauzatzea” lortuko du. Honen eraginez, Gipuzkoak atzean utzi du paralisia, eta modernitatearen bidetik dabil. “Aurrekontu hauek behin betiko itxiko dituzte iraganetik arrastaka genituen hainbat kontu, esaterako hondakinen kudeaketa edota errepide sarea amaitzea. Honela, Gipuzkoak karga hauek gainetik kendu eta etorkizuna diseinatu eta eraikitzeari ekin ahal izango dio buru-belarri”, zehaztu du. “Legealdi hasieran konpromisoa hartu genuen herritarrekin, eta gure hitza bete dugu”, azpimarratu du.
2323