Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Foru Aldundiak desadostasun irmoa adierazi du, Auzitegi Gorenak Uliazpik aurkeztutako errekurtsoa ez izapidetzea erabaki duela eta

Foru Aldundiak desadostasun irmoa adierazi du, Auzitegi Gorenak Uliazpik aurkeztutako errekurtsoa ez izapidetzea erabaki duela eta

Irune Berasaluze foru bozeramaileak adierazi duenez, zalantzan jartzen dira beste behin “bai hizkuntza eskubideak, bai Foru Aldundiak bere enplegu eskaintzak diseinatzeko eskumena”.

2024/05/17
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak deitoratu egin du Auzitegi Gorenak Uliazpi Fundazioaren egoitza-zentroetako 34 zaintzaile-plazaren deialdia baliogabetzen zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren (EAEAN) epaiaren aurka jarritako errekurtsoa ez izapidetzea erabaki izana. 32 lanpostutan euskarazko 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea eskatzen zen aipatutako deialdian. Foru erakundearen “desadostasun irmoena” adierazi du Aldundiko bozeramaile Irune Berasaluzek: “Erabakia onartzea beste erremediorik ez badugu ere, bidegabetzat jotzen dugu, sakondu egiten baitu joera kezkagarri batean: herritarren hizkuntza eskubideak, eta eskubide horiek bermatuz Foru Aldundiak bere enplegu publikoko politika diseinatzeko duen legezko autonomia zalantzan jartzearena, alegia”.

Bozeramaileak iragarri duenez, une honetan “mahai gainean dauden aukera ezberdinak” ari dira aztertzen Aldundiko zerbitzu juridikoak, eta nabarmendu du “gure borondatea” dela “aukera guztiak agortu eta amaieraraino iristea, funtzio publikoaren eta hizkuntza berdintasunaren esparruan ditugun eskumenen defentsan”. Onartu gabeko errekurtsoak alegatzen zuen epaiak Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren aginduak urratzen dituela, eta oker interpretatzen duela Konstituzio Auzitegiaren doktrina. Nolanahi ere, Berasaluzek azpimarratu du bide judizialak “irekita” jarraitzen duela, Aldundiak beste errekurtso bat aurkeztu baitzuen EAEJANen aurrean, zuzenbide autonomikoa urratzeagatik. Kasu honetan, epaiak Euskal Funtzio Publikoaren Legearen aginduak urratzen dituela alegatu du, langileak hautatzeko prozesuak lanpostuei esleitutako hizkuntza-eskakizunetara egokitzea arautzen dutenak.

Halaber, bozeramaileak berretsi du “Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako bat” dela euskara eta, hori horrela, ezin dela inola ere “diskriminaziotzat hartu lanpostu publiko bat betetzeko oposizio batera aurkezten den pertsonari euskara jakitea eskatzea. Erabat normalizatuta egon beharko luke, beste lurralde eta herrialdeetan bezala. Enplegatu publikoak herritarren zerbitzura daude, eta horiek nahi duten hizkuntzan arreta jasotzeko eskubidea dute. Administrazio gisa dugun betebeharra da zerbitzu publikoan hizkuntza-berdintasuna eta hizkuntza-eskubideak bermatzea. Gizarteak gehiengoz babesten du ideia hori”.

Era berean, Uliazpi Fundazioko lantaldeari eta gerentziari “Aldundiaren babesa eta elkartasuna” helarazi dizkie Berasaluzek, “erabaki honek eta aurretik etorritakoek eragin dezaketen segurtasun juridikorik ezaren eta zerbitzuari eragindako kaltearen aurrean”.  Gaineratu du foru erakundeak lantalde bat sortu duela “etorkizuneko LEPetan herritarren hizkuntza eskubideak blindatzeko eman ditzakegun urratsak aztertzeko, eraginkortasunez eta beharrezko berme guztiekin”.

Azkenik, hitzeman du Aldundiak “azken 40 urteetan egindako bideari” eutsiko diola. “Horri esker, pixkanaka eta adostasunak landuz, asko aurreratu dugu hizkuntza-normalizazioan eta euskararen berreskurapenean. Ibilbide hori akordiotik egin da, eta herritar gehienen babesarekin, gai horrekiko sentsibilitate handia erakutsi baitute. Beraz, aurrera jarraitzeko lan egingo dugu, elkarlanetik abiatuta, orain arte bezala, baina behar den irmotasunez ere, atzerapausorik ez onartzeko”. Ildo horretan, gogorarazi du berriki onartu dela Euskararen Erabilera Plana (2023-2027), bereziki euskararen erabileran eta hizkuntza-gaitasunetan azpimarra jartzen duena, bai Aldundiaren irudian, kanpo-harremanetan eta herritarrekiko interakzioan, bai etxearen eguneroko funtzionamenduan.

  

1899