Foru Aldundiak enplegu publikoaren aldeko apustua indartu du 2023ko EPErekin, 90 plaza izango dituena
Foru Aldundiak enplegu publikoaren aldeko apustua indartu du 2023ko EPErekin, 90 plaza izango dituena
Foru Aldundiak enplegu publikoaren aldeko apustua indartu du 2023ko EPErekin, 90 plaza izango dituena
Gaur onartutako deialdiari esker, erakundearen egonkortze eta belaunaldi erreleboan aurrera egiten jarraituko da, Irune Berasaluze Foru Aldundiko bozeramailearen arabera.
Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2023ko enplegu publikoaren eskaintza, 90 plazarekin. Plaza horien hautaketa-prozesuetarako deialdia datozen hiru urteetan egingo da. Ohiko deialdia da, Estatuak bere aurrekontu-legean lanpostu hutsak betetzeko ezartzen duen erreposizio tasak araututakoa, jubilazioengatik, etab. “Zehatz-mehatz aztertu dugu Aldundiko plantilla, tasa hori ahalik eta gehien aprobetxatzeko, bi helburu nagusirekin: enplegu publiko egonkorra sortzen jarraitzea eta bitartekotasuna murriztea, eta erakundearen belaunaldi-aldaketari ekitea. Biak ere funtsezkoak dira da herritarrei arreta eraginkorra ematen jarraitzeko, kalitatezko zerbitzuak eskaintzen jarraitzeko, eta Gipuzkoako erronka sozial eta ekonomikoei erantzuteko”, nabarmendu du Irune Berasaluze Aldundiko bozeramaileak.
Aipatutako 90 plazak honela banatuko dira: administrazio orokorreko 25 teknikari (TAG); ogasuneko 18 goi-mailako teknikari; 3 mediku; abokatu 1; albaitari 1; arkitekto 1; administrazio-kudeaketako erdi mailako teknikari 1; 5 gizarte-langile; erizain 1; 12 administrari; 4 gidari; suhiltzaileen 4 ofizial; suhiltzaileen bi sarjentu; eta suhiltzaileen 12 kaporal. “Bai enplegu publikoaren eskaintzaren konfigurazioan, bai onartuko ditugun deialdietan, langileen ordezkaritzaren gehiengoarekin lortu dugu akordioa, zehazki, ELArekin eta LABekin”, gaineratu du bozeramaileak.
Hautapen frogen egutegia ez dago osorik definituta, baina legeak EPE honen bidez onartutako plazen deialdia egiteko hiru urtera arteko aukera ematen duen arren, aurrekoak osatzeko baliatuko da. Horri esker, abenduan 100 administrari eta 2 letradu plaza deitu ahal izango dira. Izan ere, ekonomia, eraginkortasun eta efizientzia arrazoiengatik, enplegu publikoko eskaintzetako plazak metatzen dira, hautaketa-prozesuak batera gara daitezen.
Bestalde, 2024ko abenduaren 31 baino lehen amaitu beharko dira behin-behinekotasuna murrizteko 20/2021 Legearen egonkortze-prozesuei dagozkien 68 deialdiak. Lege hau betez, foru erakundea 422 plaza publikoren eskaintza kudeatzen ari da. 68 deialditatik, 46 lehiaketa bidez ebatzi behar dira, eta 22 lehiaketa-oposizio bidez. Helburua da datozen urteetan legez ezarritako % 8ko behin-behinekotasun tasa lortzea. Prozesu horren barruan, joan den hilaren 4an 1.745 hautagaik parte hartu zuten Irungo Ficoba erakustazokan 32 administrari plaza betetzeko hautaketa-prozesuko azterketan. Azken hamarkadan gure lurraldean egin den probarik jendetsuena da.
Horri 2022an hasitako 5 deialdi arruntak, abenduan egingo direnak eta 2023ko egonkortze gehigarriko prozesuei dagozkien beste 5 deialdi gehitu behar zaizkio. “Aldundian belaunaldi-berritzea gauzatzeko prozesua puri-purian dago eta datozen urteetan jarraipena izango du. Erakundeak inoiz izan duen enplegu publikoaren eskaintzarik handienean murgilduta gaude, eta horri esker, barne-egitura bizi ditugun garaiotako
eskakizunetara egokitzeaz gain, enplegua egonkortu ahal izango dugu, eta erretiroari aurre egingo dion ‘baby boom’-aren belaunaldiaren lekukoa bermatu ahal izango dugu”, azaldu du Berasaluzek. Ildo horretan, eskerrak eman nahi izan dizkie probak antolatzeaz eta kudeatzeaz arduratzen diren Aldundiko langileei, haien “lprestutasunagatik eta konpromisoagatik”: "Hautaketa-prozesuen halako kopuru bat diseinatu, prestatu eta aurrera eramatea ahalegin handia da", adierazi du.
Foru aurrekontuak 2024
Kontseiluaren barruan, datorren urterako aurrekontuak onartzeko prozesuaren jarraipena ere egin da. “Joan den astean, bigarren bilera-erronda bat egin genuen Batzar Nagusietako indar politiko guztiekin. Bilera horietan akordioak lortzeko hainbat puntu jorratu genituen, eta alderdietako ordezkariekin adostu genuen beren proposamen zehatza idatziz bidaltzea: Alderdi Popularrarenak eta Elkarrekin Podemosenak jaso ditugu dagoeneko. Zain gaude EH Bilduk bereak helarazteko, eduki genuen bileran hitzeman zuten moduan”, jakinarazi du. “Akordioak lortzeko ahalegin guztiak egiten ari gara, Gipuzkoarentzat eta herritar guztientzat onena dela uste dugulako: ahalik eta babes handiena duten aurrekontuak izatea. Aurrean ditugun erronka ekonomiko eta sozialei eraginkortasunez erantzuteko, eta segurtasuna eta norabide argi bat eskaintzen jarraitzeko gizarteari garai nahasi hauetan. Espero dugu aste hauetako ahalegin horiek fruituak ematea eta adostasuna lortzea”.
Helikoptero zerbitzua
Kontseiluak Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko Foru Aldundien arteko lankidetza-hitzarmena ere onartu du, suteak itzaltzeko helikoptero baten erabilera batera finantzatzeko. Hitzarmen honetan ezarritako banaketarekin bat etorriz, Gipuzkoak zerbitzuaren kostuaren % 27,52 finantzatuko du, eta, beraz, gaurko Kontseiluak 355.571,44 euroko aurrekontu-partida bana onartu du 2024 eta 2025erako. Gainera, helikopteroa erabiltzeko jarraitu beharreko prozedura arautzen duen eranskina jasotzen du hitzarmenak.
Iaz 36 baso-sute izan ziren Gipuzkoan, eta 73 hektarea kaltetu ziren. Aurten, urrira arte, 43 sute gertatu ziren guztira, 55 hektareako balantzearekin. “Gaurko erabaki honi esker, azkarrago, eraginkortasunez eta berme handiagoz aurre egin ahal izango diegu baso-suteak prebenitzeko eta itzaltzeko lanei. Albiste bikaina da, eta are gehiago gurea bezalako lurralde batean, non azaleraren % 60 inguru basoa den, Euskadiko portzentajerik handiena. Gurea bezalako opografia konplexu batekin, horrelako baliabide bat izatea bereziki garrantzitsua da, suteak eremu malkartsuetan gertatzen direnean bereziki”, gaineratu du Berasaluzek.
Bozeramaileak gogorarazi du aurreko hilabetean Aldundiak 339.742 eurotan hhanditu zituela baso-jabeentzako laguntzak, suteek, hondamendi naturalek eta hondamendiek eragindako kalteak prebenitzeko lanak babesteko, eta jasotako eskaera guztiei erantzuteko, 1.405 guztira (iaz baino 87 gehiago). “Horrela, basoetan suteei aurrea hartzeko funtsezkoak diren hainbat lan egiten laguntzen dugu, besteak beste: soiltzeak, sastrakak kentzea zuhaitzen inguruan zein ezpondetan, inausketak eta inausketa-hondarrak kentzea, suebakiak sortzea edo sua itzaltzeko ur-puntuak ezartzea. Guztira, 5.294 hektareatan jardungo da aurten, eta Aldundiak 1.4 milioi euroko laguntzak emango ditu guztira”.
Klima-aldaketa gero eta sarriago eta intentsitate handiagoarekin ari da muturreko fenomeno meteorologikoak eragiten, horien artean tenperatura oso altuak eta denboran zehar mantenduak, eta horrek baso-suteak izateko arriskua dakar. Landa-jarduera bertan behera uzteko prozesuak ere zailtasun handiagoak eragin ditzake suteak itzaltzeko orduan. Nahiz eta Gipuzkoako mendiek baso-pista sare garrantzitsua duten sua itzaltzeko bitartekoen lurreko sarbidea errazteko, eremu batzuetan sarbideak ez dira nahikoak edo ez daude, eta horrek zailtasun handiak sortzen ditu sua itzaltzeko lanei eraginkortasunez ekiteko.
Gainera, suteak itzaltzeko baliabide ugari izan arren, Euskadiko hiru lurralde historikoetan ez zegoen aireko bitartekorik. Aldi berean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak dituen aireko baliabideen parkeko aparatuak salbamendu-operazioetarako egokiak dira, baina ez baso-suteak itzaltzeko operazioetarako.
Hori guztia dela eta, hiru foru-aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin egoera aztertu ondoren, beharrezkotzat jo dute helburu horretarako berariaz diseinatutako aire-baliabide bat izatea eta, horrela, lehendik zeuden giza baliabideak eta baliabide materialak osatzea. Horrela, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak kontratatu egingo ditu, eta horren ondoriozko kostua gaur onartutako hitzarmenaren arabera finantzatuko da. “Basoak guztion ondarea dira, eta funtzio oso garrantzitsuak dituzte, hala nola biodibertsitatea mantentzea, paisaia, aisialdia, CO2 xurgatzea, ura araztea edo material birziklagarriak hornitzea. Basoen etorkizuna bermatzea Gipuzkoaren etorkizuna bermatzea da”, amaitu du bozeramaileak.
3642