Foru Aldundiak eta Afagik Alzheimerra duten pertsonen egungo egoera eta etorkizuneko erronkak partekatu dituzte
Foru Aldundiak eta Afagik Alzheimerra duten pertsonen egungo egoera eta etorkizuneko erronkak partekatu dituzte
Foru Aldundiak eta Afagik Alzheimerra duten pertsonen egungo egoera eta etorkizuneko erronkak partekatu dituzte
“Zuk zaintzen duzu, guk zaintzen zaitugu” lemapean, Afagik agerian jarri nahi du zer egoera bizi duten Alzheimerra duten pertsonek eta haien zaintzaileek
Datorren astelehenean, irailak 21, Alzheimerraren Mundu Eguna izango da, baina, aurtengo 2020. urte honetan, modu desberdin batean ospatuko da. Afagik, Alzheimerra edo beste dementzia batzuk dituzten pertsonen senitartekoen eta lagunen Gipuzkoako elkarteak lortu nahi duena da, “Zuk zaintzen duzu, guk zaintzen zaitugu” goiburuaren pean, erakustea Alzheimer gaitzaren aurkako borrokan dauden beharrizanak, eta eskakizunak planteatzea, eta horrela, agerian jartzea zer-nolako egoera bizi duten gaixoek, familiek eta zaintzaileek. Afagiko lehendakari Koldo Aulestiak eta Gizarte Politiketako foru diputatu Maite Peñak bilera batean partekatu dute zer egoera bizi duten, gaur egun, Alzheimerra duten pertsonek eta haien familiek COVID-19ak markatutako testuinguruan, baita etorkizuneko zer erronka detektatu dituen Afagik, pandemiaren testuinguruan azaleratu direnak.
Maite Peñak azpimarratu du Afagik egiten duen lana “behar-beharrezkoa” dela, “baita COVID-19aren testuinguruan ere, egokitze gaitasun handiarekin beti, Alzheimerra duten pertsonei eta haien familiei eskaintzen dizkieten arreta eta laguntzaren bitartez. Laguntza hori funtsezkoa da garai hauetan, hain zailak eta ziurgabetasun handikoak”. Diputatuak gaineratu duenez, “diziplinartekotasunetik, abordatze eta arreta integraleko eredu batean sakontzen jarraitu behar dugu, erasandako pertsonentzat ez ezik, baita haien senitarteko eta zaintzaileentzat ere”.
Alzheimerren gaitza pairatzen duten pertsonak, gaur egun, 12.720 dira Gipuzkoako lurraldean; beraz, 38.160 familia-zaintzaileri ere eragiten die, “baina aurreikuspenek ohartarazten digutenez, 2050ean 36.000 pertsonari baino gehiagori erasango die, eta 108.000 familia-zaintzaileri baino gehiagori. Aurreikuspen horiek oso kontuan hartzen ditugu, eta laguntzen digute etorkizuneko gizarte politikak diseinatzen. Bide horretan jarraituko dugu lanean –erantsi du Peñak–, Afagi bezalako elkarteen eskutik, gizarte kontzientziazioa sakontzen, bitarteko gisa hartuta sentsibilizazioa, gizarte inplikazioa, eta ikerketari laguntza”.
Aurten, Afagik, COVID-19aren aurreikuspenez eta “gizarte erantzukizunagatik”, ez du ekitaldirik programatuko, berekin dakarrenik pertsonen kontzentrazio bat, hala nola urteroko giza kate solidarioa. Alabaina, Aulestiak beste urte batez, aldarrikatu du Alzheimerrari modu integralean helduko zaiola bermatzeko beharrezkoa den kontzientzia, erakundeen, hirugarren sektoreko elkarteen eta, oro har, gizartearen laguntzarekin. Horregatik, baterako lana eskatu du Alzheimerrari heltzeko, abiapuntutzat hartuta errespetuzko filosofia bat, erasandako pertsonen eta haien ingurunearen eskubideekiko, autonomiarekiko eta duintasunarekiko.
Hori horrela, Koldo Aulestiak defendatu du ezen, Alzheimerren gaitzari eta beste dementzia batzuei abordatze integral bat egin ahal izateko, “Afagin, jarraitzen dugula errepikatzen premiazkoa dela Alzheimerraren Plan Nazionala paralisi egoera honetatik ateratzea eta presaz inplementatzea, zeren eta zifrek erakusten baitute gure gizartearen zahartzeak –horrek, ondorioz, dementzietan duen eraginarekin– ez duela onartzen gehiago luzatzerik”.
Aulestiak zein Peñak defendatu dute prebentzioa oraindik giltzarria dela gaixotasunari aurrea hartzeko. “Alzheimerra, bereziki, eta dementziak, oro har, mendekotasunaren kausa nagusi gisa ageri dira, eta diagnostiko goiztiarra eta egokia da lortu nahi dugun helburuetako bat, zeren eta lehen sintomak askoz lehenago agertzen baitira gaixotasunaren agerpena bera baino”, gogorarazi du diputatuak.
1472