Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Foru Aldundiak herritarren zahartzearen erronkari aurre egingo dio egoitza zentroetan eta eguneko zentroetan 300 plaza berri sortuz

Foru Aldundiak herritarren zahartzearen erronkari aurre egingo dio egoitza zentroetan eta eguneko zentroetan 300 plaza berri sortuz

Markel Olano: “Itxarote-zerrenda handia dago oraindik ere, baina plaza berri horiek Gipuzkoako familia askok duten arazoa arinduko dute hein batean”.

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur aurkeztu du adinekoentzako egoitza zentroen eta eguneko zentroen kudeaketa eta baldintzak hobetzeko proposamena. Proposatzen diren neurrien artean, 300 plaza berri sortuko dituzte 2016-2019 aldirako, lurralde guztian sakabanatuak. Markel Olano diputatu nagusiak adierazi duenez, Gipuzkoan “erronka handi bati heltzen ari gara”, hau da, “zahartzearen” arazo sistemikoari “aurre egitea”, eta plaza berri horiekin foru gobernuak “Gipuzkoako familia askok duten arazo hori arinduko du hein batean” eta, hala, “gure adinekoak gehiago eta hobeto zaindu ahalko ditugu”.  

Olanok nabarmendu du Foru Aldundiak uste duela bai herritarren “pixkanakako desfase” hori, baita eskariaren “igoera” hori ere “nahikoa arrazoi dela” EAEko Gizarte Zerbitzuen Maparen estaldura ratioa “igotzeko”, eta horregatik ari direla “arazoari aurre egiten, pixkanaka 300 plaza berri horiek sortuz, bai egoitzetan baita eguneko zentroetan ere”. “Hala, murriztu egingo da egoitzetan plaza eskatu duten 864 pertsonen itxarote-zerrenda”, esan du.

Diputatu nagusiarekin batera agertu dira Maite Peña, Gizarte Politikako diputatua, eta Joseba Zalakain, SIIS zentroko zuzendaria (Dokumentazio eta Ikerketa Zentroa). Agerraldian, Olanok azpimarratu du gaur aurkeztutako proposamenak sektoreko eragileekin “partekatutako azterketaren emaitza” direla. Azterketa sakon hori SIIS zentroak egin du, Foru aldundiak eskatuta, eta haren helburua izan da gipuzkoarren zahartzearen erronkari ”aurre egitea” eta adinekoentzako egoitza zentroen eta eguneko zentroen kudeaketa eta baldintzak hobetzea. “Plaza gehiago sortu arren, estaldurak murrizten joan dira Euskadin aurreko harmakadaren amaieratik, adinekoen kopurua eskaintzen diren plazak baino azkarrago igotzen ari baita”, adierazi du Olanok. Bestalde, erantsi du 2013tik itxarote-zerrendak “hazi egin direla” eta gabezia handienak Buruntzaldean eta Oarsoaldean daudela. Horren harira, esan du egoitza bat irekiko dutela Irungo Arbesen.

Erreferentziazko zentro berria

Halaber, diputatu nagusiak aurreratu du GFAk “zahartzearen arazoari aurre egiteko” hartuko duen beste neurrietako bat izango dela erreferentziazko zentro berri bat irekitzea, zahartzea eta ezintasuna artatzeko eredu berritzaileak erabiliko dituena, hain zuzen ere, aukera emango duena eskarian ematen ari diren aldaketei “erantzuteko”. Horren helburua da adinekoen arretaren arloan izaera “berritzailea, esperimentala eta hezigarria” duten jarduerak programatu eta gauzatzea. Era berean, adierazi du zentroa Pasaian ipintzeko lanetan dabiltzala, hori baita egoitza zentro eta eguneko zentroetan plaza "eskari gehien" duen lekuetako bat.

Peñak azaldu duenaren arabera, SIIS zentroaren ikerketatik lehentasun hauek ondorioztatu dira: egoitza “nahikoa” eskaintzen dela ziurtatzea, lurraldeko “desorekak murriztea”, eskainitako arretaren “kalitatea” eta erabiltzaileen eta beren familien “gogobetetzea” ziurtatzea, eta sektorean “zuzeneko lanpostu berriak sortzea".

Bestalde, adierazi du foru gobernuak, proposamen horren bitartez, ekipamendu berriak eraikiko dituela eta ZLPa aldatuko duela (zerbitzuari lotutako prestazioa) "bere estaldura handitzeko”, eta plazak birmoldatuko dituela behar bereziak dituzten adineko pertsonentzat (psikogeriatrikoak eta soziosanitarioak). Ildo horretan, azpimarratu du adinekoen profila aldatzen doala egoitzetan eta, horregatik, plaza psikogeriatrikoak egokitu egingo dituztela, Oiartzungo Petra Lekuona zentroan unitate berri bat zabalduz.

Era berean, azaldu du, alde batetik, udal jabetzako egoitzak pixkanaka eta era ordenatuan integratzen joango direla Kabian, eta horri esker “erabiltzaileentzako arreta iraunkorreko eta kalitatezko eredu gipuzkoar bat” lortuko dela. Bestalde, adierazi du aldi baterako egonaldien zerbitzua “bultzatuko" dutela, "adineko pertsonen eta haien zaintzaileen bizi kalitatean eragiten" baitute.

6.000 egoitza plaza

Plaza kopuruari dagokionez, Zalakainek adierazi du Gipuzkoan egun sei mila bat egoitza plaza daudela adinekoentzat. Horietatik % 90 inguru egoitza zentroetako plazak dira eta % 10 inguru etxebizitza komunitarioetakoak edo babestutako apartamentuetakoak. SIISeko zuzendariak azpimarratu du “plaza horien % 12 bakarrik direla plaza erabat pribatuak, hau da, “inongo” finantzazio publikorik ez dutenak". “Plazen % 50 titulartasun publikokoak dira (gehienak zeharkako kudeaketa izan arren) eta % 37, berriz, pribatuak, irabazi asmodun edo asmorik gabeko entitateek kudeatutakoak, baina administrazio publikoekin hitzarmena dutenak”.

Zalakainek gailendu du, adinekoen arretarako zerbitzu eta prestazio nagusien baterako estaldura kontuan hartzen bada, eta plaza publikoen eta hitzartuen garrantzia handiagoa izanik, Gipuzkoak erregistratzen duen erantzukizun publikoaren estaldura Araban eta Bizkaian erregistratzen denaren “gainetik” dagoela, baita edozein autonomia erkidegotan erregistratzen denarenetik ere. “Beraz, Gipuzkoa nagusi da bai EAEn, baita Estatuan ere".

Finantzaketaren erronka

Egoitzen eskaintzan proposatutako hobekuntzez gain, Peñak nabarmendu du GFAk bere gain hartuko dituela hainbat hobekuntza bai arretaren “kalitatean” baita dagoeneko dauden zentroen eta hitzartutako plazen “kudeaketan” ere.  Gai hori ere funtsezkoa da diputatuarentzat, eta gogorarazi du gaur aurkeztutako planaren finantzaketa publikoa gastuaren “eraginkortasuna”eta herritarren “aukera berdintasunaren” bezalako irizpideak kontuan hartuta bideratuko dela. Azkenik, Peñak bermatu du GFAk, bere aurrekontu ahalmenaren arabera, 2016-2019 aldirako aurrekontu eszenatokia zehaztuko duela, plaza kopurua “gehiago” handitzea eta tarifak gehitzea ahalbidetuko duena. Horretaz gain, beste funtsezko helburu bat ere azpimarratu du: “jarduera esparru orokor bat ezartzea 2016-2019 aldian egonkortasuna ziurtatzeko”. 

Beste neurrietako bat izango da Pasaian erreferentziazko zentro berri bat irekitzea, zahartzea eta ezintasuna artatzeko eredu berritzaileak erabiliko dituena
  

2297