Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Foru Aldundiak legegintzaldiko ibilbide-orria partekatuko du

Foru Aldundiak legegintzaldiko ibilbide-orria partekatuko du

Bilera bat egingo du etzi Chillida Lekun, hainbat esparrutako 200 ordezkarirekin baino gehiagorekin.

2024/06/11
Gipuzkoako Foru Aldundia

Foru Aldundiak legegintzaldi honetarako Gipuzkoako ibilbide-orriko mugarri nagusiak partekatuko ditu aste honetan lurraldeko erakundeetako eta elkartegintzako eta ekonomia sareko ordezkariekin. Topaketa etzi izango da, osteguna, Chillida Lekun, eta aurreikusten da enpresetako, hirugarren sektore sozialeko elkarteetako, ikerketa eta ezagutza zentroetako, hezkuntzaren sektoreko, boluntariotzako, kulturako, kiroleko eta erakundeetako 200 pertsona baino gehiago bertaratzea. Foru bozeramaileak gaurko Diputatuen Kontseiluaren ondorengo agerraldian iragarri du hitzordua: "Oso ekitaldi xumea eta hurbila izango da, baina garrantzi handikoa, aukera emango digulako Aldundiaren lehentasun estrategikoak partekatzeko lurraldeko gizarte antolatuarekin, gizarte hori funtsezkoa baita lehentasun horiek gauzatzeko".

Eider Mendoza diputatu nagusia eta Jose Ignacio Asensio diputatu nagusiordea arduratuko dira joan den otsailean Diputatuen Kontseiluak onartutako Plan Estrategikoak marraztutako ibilbide-orriaren xehetasunak emateaz; Planak lau zutabe estrategiko eta 118 ekintza lerro izango ditu 2024-2027 aldirako. Berasaluzek azpimarratu duenez, "aurrekaririk gabeko" eraldaketa teknologikoek, sozialek, ekonomikoek eta ingurumenekoek baldintzatutako testuinguru batean, Aldundiak "Gipuzkoan bizi diren pertsona guztien ongizate integrala lehen planoan" kokatzeko apustua egiten du, “gure lurraldea proiektu osoak eta zentzudunak garatzeko aukerak sortuko dituen lurraldea izan dadin, hala proiektu pertsonalak, bizi proiektuak eta proiektu profesionalak, nola kolektiboak (enpresak, elkartegintza….)”.

Gaineratu duenez, "elkarlanaren eta esperimentazioaren printzipioei eutsiz eta horietan sakonduz, horietan benetan sinesten dugulako", Aldundiak "beste ukitu bereizgarri bat" eman nahi die bere politika guztiei, "giza eta komunitate faktorearekin, giltzarri gisa, eta ez hainbeste departamentuen logikatik, baizik eta ikuspegi zeharkako eta partekatu batekin". Norabide horrekin erantzun hobea eman nahi die kezka, behar eta erronka berriei, hala nola nahi gabeko bakardadeari, indibidualismoari, osasun mentalari, belaunaldi erreleboari, bazterkeria egoeren kronifikazioari eta krisi klimatikoari, "ongizatean eragina dutelako, eta agenda partekatu berri baten bidez aurre egin nahi diogulako, eskura ditugun gaitasun ekonomiko eta fiskal guztiak erabiliz".

Ildo horretan, jakinarazi du diputatu nagusia, joan den asteazkenean iragarritako moduan, dagoeneko harremanetan jarri dela batzarkide-taldeekin, “epe luzerako” akordioak lortzeko, bai aurtengo eta datorren urteko aurrekontuei lotuta, bai zerga erreformarako ponentziari lotuta. "Indar politiko guztien lankidetza beharrezkoa eta desiragarria da, herritarrek ere eskatzen dute, eta gobernu honek bere esku dagoen guztia egingo du akordioak lantzeko".

Berasaluze itxaropentsu agertu da horren inguruan, legegintzaldiko "etapa berri bat" aipatuz. "Ziklo berri bat irekiko dugu, hasiera batean behintzat, hauteskunde deialdirik gabea, zaratarik, polarizaziorik eta hauteskundeek berekin dakartzaten tentsiorik gabea. Dagoeneko lortu dira aho bateko akordioak, esate baterako, zerga arloan, eta, orain, bidea zabalik daukagu herritar guztien mesederako adostasunak lortzeko, ziurgabetasun garai hauetan konponbideak eta segurtasuna eskaintzeko".

Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (EGEF)

Era berean, Kontseiluak onartu eta berretsi du 2021-2027 aldirako Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) finantzaketa izango duten proiektuak. Partaidetza hori 2 helburu politikotan kontzentratutako 4 proiektutan gauzatzen da. Europak finantzatuko ditu Aldundiaren 4 proiekturen % 40 eta laguntza teknikoak, 16.623.602 euroko balioarekin.

Laguntza horiek EBren helburu politikoen barruan egituratzen dira, eta Gipuzkoaren kasuan, horietako bitan biltzen dira: batetik, ‘Europa adimentsuago bat izatea, berrikuntzaren, digitalizazioaren, eraldaketa ekonomikoaren eta enpresa txiki eta ertainen babesaren bidez’, eta, bestetik, ‘Europa ekologikoagoa eta karbonorik gabea izatea, Parisko Akordioa aplikatuko duena eta trantsizio energetikoan, energia berriztagarrietan eta klima aldaketaren aurkako borrokan inbertituko duena’ Helburu horiek, bozeramailearen hitzetan, "guztiz bat datoz Aldundiaren lehentasun estrategikoekin. Laguntza horiek oso babes garrantzitsua dira lurralde gisa aurrera egiten jarraitzeko".

Horrela, lehenengo helburuaren baitan, foru erakundeak 8.989.608 euro jasoko ditu azken belaunaldiko azpiegiturak eta aplikazioak ezartzeko, eta "herritarrei, administrazioei eta lurraldeko erakundeei zerbitzu hobeak emateko, arreta berezia jarriz tramite ekonomikoetarako zuzeneko interakzioko tresnetan", adierazi du Berasaluzek. e-Gobernuko eta desburokratizazioko aplikazioak sartzen dira, batez ere zerga eremuan, bai eta IKTen azpiegitura aurreratuak ere, besteak beste, big datarekin, adimen artifizialarekin eta zibersegurtasunarekin lotutakoak.

Beste hiru proiektuak Jasangarritasun departamentuak gauzatzen ditu. Lehenengoak 1.945.800 euroko laguntza izango du, eta hondar-bero industriala aprobetxatzea du helburu. Horretarako, azken teknologiak erabiliko dira soberakin energetiko horiek erabiltzeko inguruko eraikinetan. Bigarrena, 828.000 euroko dirulaguntza jasotzen duena, lurraldeko ibai-ibilguak iragazkortzean datza, arrain espezieen mugikortasuna errazteko eta ibaiertzen ezaugarri geomorfologikoak leheneratzeko, ibaiei jatorrian zituzten ekosistemen konplexutasuna itzultze aldera. Besteak beste, erabiltzen ez diren presak eraitsi eta arrainak igarotzeko dikeak, arrapalak eta eskalak eraikiko dira.

Azkenik, hirugarren proiektua Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialaren baitakoa da. Plan horren barruan, Europak 4.860.194 euro jarriko ditu hiriarteko bizikleta-bideak eta oinezkoentzako bideak eraiki ditzaten, lotzeko hiriguneak elkarren artean, eta hiriguneak industrialdeekin, auzo isolatuekin eta bestelako erakarpen zentroekin. Bozeramaileak adierazi duenez, "helburua mugikortasun jasangarria bultzatzea da, herritarren artean bizikletaren erabilera sustatuz eta lanerako edo eguneroko bestelako joan-etorrietan garraiobideen aldaketa sustatuz, horrela zirkulazioan dauden ibilgailu motordunen kopurua murrizteko eta gehiegizko kutsatzaileak eta zarata gutxitzeko".

Landa mugak digitalizatzea

Azkenik, Kontseiluak onartu ditu landa-lurzoruko lurzatiak digitalizatzeko udalentzako laguntzak, eta 2024an 213.181,96 euro bideratuko dira horietara. 2021ean jarri zen abian programa hau, aitzindaria da EAEn eta estatuan, eta helburu du lurraldeko landa-ingurunearen jabetzen mugak hobeto definitzea eta eguneratzea, dauden mugak eta mugarriak behar bezala identifikatuz eta horien kartografia digitala eginez. Laguntza horien bidez lortu nahi da hamarkada bateko epean "Gipuzkoako landa-lur guztien kokalekuak GPS bidez geoerreferentziatuta egotea, eraldaketa digitalaren aldeko apustua landa-eremura ere zabalduz", azaldu du bozeramaileak.

Gipuzkoako landa-partzelen % 80 esku pribatuetan dago, eta jabetza oso banatuta dago; hartara, batez besteko partzelaren tamaina txikia da. Lurzatien mugak lausoak dira askotan, eta ez daude behar bezala eguneratuta. Nekazaritza eta basogintza ustiategietako titularren batez besteko adina altua da, eta belaunaldi-erreleboko defizit bat dago, partzelen mugen ezagutza galtzea dakarrena.

Bozeramailearen hitzetan, "arazoa da askotan ez dakigula lursailak non hasten eta amaitzen diren, informazioa belaunaldi batetik bestera galtzen da baserrietan, eta beti ez datoz bat katastroan dagoena, udaletan dagoena edo jabeek dutena. Prozesu hori amaitzen dugunean, informazio guztia ordenatuta, adostuta eta euskarri digitalean jasota izango dugu. Hori oso positiboa da lurren jabeentzat, bai eta erakunde publiko guztientzat ere; izan ere, landa-lursailen mugak ezagutzea funtsezkoa da lehen sektorea modu eraginkorragoan eta arinagoan kudeatu eta bultzatzeko".

Ildo horretan, gogorarazi behar da landa-lurzatiak Nekazaritza Ustiategien Erregistroan sartzen direla, eta erregistro hori funtsezkoa dela Lurralde Oreka Berdea Departamentuak nekazaritza eta basogintza eremuan laguntzak –Europakoak, besteak beste–, espedienteak eta baimenak izapidetzeko. Beraz, digitalizazioak "ageriko hobekuntza" ekarriko du. Aurreikusten da prozesua osatzeko 3 milioi inguruko inbertsioa egingo duela Aldundiak, eta udalerri bakoitzak jarriko du gainerako % 50a. Proiektuak ez die inolako kosturik eragingo lursailen jabeei. Orain arte Legazpi, Zegama, Ataun, Abaltzisketa, Azkoitia, Mendaro, Olaberria, Orexa, Zumarraga, Elgeta, Aia, Albiztur, Antzuola, Anoeta, Azpeitia, Baliarrain, Beizama, Deba, Aizarnazabal, Altzo, Amezketa, Arrasate, Asteasu, Belauntza, Eskoriatza, Idiazabal eta Oñatin egin dira lanak

  

2449