Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Foru Aldundiko langileriak maiatzaren 11n hasiko du lan presentzialera itzultzeko prozesua

Foru Aldundiko langileriak maiatzaren 11n hasiko du lan presentzialera itzultzeko prozesua

Foru erakundeak lan arloko deseskalada egiteko bere Kontingentzia Plana onartu du, “egoerak ahalbidetu ahala” gauzatzen joango dena

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak Lan Presentzialerako Kontingentzia Plana onartu du gaur, foru langileak normaltasunera itzultzeko prozesua gauzatzeko. Prozesu hau maiatzaren 11n hasiko da, eta modu mailakatuan egingo da, egoerak ahalbidetzen duen neurrian. Eider Mendoza foru bozeramaileak esan duenez, gaur egun langileen erdiak baino gehiagok telelana egiten du, COVID-19 gaitzak eragindako bat-bateko agertoki aldaketaren aurrean azkar erreakzionatu baitzuen foru administrazioak. “Egoera berrira egokitzen asmatu dugu, eta orain helburua da normaltasunerako bidea modu berean egitea. Helmuga, orain arte bezala, herritarrei behar dituzten kalitatezko zerbitzuak eskaintzen jarraitzea da”, aldeztu du.

            Mendoza gaur agertu da hedabideen aurrean bideokonferentzia bitartez, gaurko Gobernu Kontseiluan hartu diren erabakiak xehatzeko helburuarekin. Bere hitzaldian gogoratu duenez, Aldundiak 1.800 langile baino gehiago ditu gaur egun eta, ondorioz, lurraldeko enpresa nagusietakoa da. “Covid-19ak eragin duen egoeraren ondorioz, erdia baino gehiago telelana egiten ari dira, 701 lanaldi osoan eta 248 txandaka. Presentzialki lanean ari direnen artean kasuistika desberdinak daude baina, laburrean, esan dezakegu oinarrizko zerbitzuak ematen ari diren pertsonak direla”, azaldu du.

Mendozak esan duenez, nabarmentzekoa da urte hasieran 16 bakarrik zirela modalitate honetan lanean ari ziren langileak. “Emergentzia egoera ezarri eta astebetera ezarri zen masiboki telelana. Hau da, ezohizko egoera iritsi eta egun gutxiren buruan 900 lagunetik gora zeuden telelana egiten Aldundian”, azpimarratu du. Erantzun azkar honi esker, Aldundiak orain arte eskaintzen zituen zerbitzu gehienak ematen jarraitu ahal izan du, oraingoan modu telematikoan. “Honen adibide da martxan daukagun Errenta kanpaina, aurten inoiz baino telematikoagoa izaten ari dena”, adierazi du.

            Egoera honetatik abiatuta, Aldundiak prestu du jada deseskaladarako plana, pandemia iritsi aurreko agertokira buelta bideratzeko “Azken egunetan egoerak nabarmen hobera egin du, eta badirudi azkenean bidearen amaieran argia ikusten hasiak garela. Horregatik, jada onartu dugu Lan Presentzialerako Kontingentzia Plana; hau da, normaltasunera egingo dugun bidea”, azaldu du. Hiru fase aurreikusten ditugu: lehenengo fasea, orain gaudena, eta ezinbestekoak diren pertsonak bakarrik ari dira presentzialki lanean; tarteko fasea, zeinetan langileak modu mailakatuan beraien lanpostuetara itzultzen joango diren; eta azken fasea edo normaltasun egoera.

Tarteko fase hau maiatzaren 11n jarriko da martxan, eta etapazka joango da. “Fase honetan, telelana lehenetsiko da, eta langileriaren zati batek aurrez aurre lan egin beharko du. Aurrez aurreko lan taldeak espazio desberdinetan banatu ahal izango dira, ahal izanez gero, talde osoa ez kutsatzeko. Departamentuek, bere aldetik, pertsona bakoitzak nola lan egingo duen zehaztu beharko dute: presentziala, telelana, mistoa, txandak... Fase aldaketak Gobernantza foru diputatuaren Foru Aginduen bidez hartuko dira”, zehaztu du.

            Normaltasunera itzultzeko fase hau, era berean, etapa ezberdinetan banatzen da Kontingentzia Planean, eta hauetako bakoitzean langile gehiago itzuliko dira lan presentzialera. “Aldundiak hurrengo astelehenean lehen etapa hau martxan jartzea erabaki du, eta oinarrizko zerbitzuak ematen ez dituzten langileen itzuleraren lehen urratsekin hasiko gara, laneratze hau mailakatua izateko asmoz. Estatuko hamabostaldiak kontutan izanda, hauek agortzen doazen heinean lehen fasearen hurrengo etapak martxan jartzea baloratuko da. Hala ere, gure zerbitzu beharren arabera emango ditugu pausuak, eta hauek ez daukate zertan Estatuaren faseekin bat egin beharrik.

            Prozesu guzti honetan zehar, “eta COVID-19 gure gizartean presente dagoen bitartean”, orain arte aplikatzen etorri garen prebentzio neurriekin jarraitu dugu. Hau da, gaixotasuna izateko sintomak dituzten langileen kontagioak ekiditeko neurriak; pertsona kalteberak babesteko neurriak; higienea eta garbiketa neurriak indartzen jarraituko da; bereizketa fisikoa ezartzeko neurriak; espazio komunen eta bileren murrizketa; mugikortasuna murriztea; eta babeserako material hornidura.

 

Zerga alorreko neurri berriak

Bestalde, gaurko Diputatuen Kontseiluak Foru Dekretu-Arau proiektu berria ere onartu du, COVID-19aren osasun krisia dela eta zerga arloko neurri osagarriak ezartzen dituena. “Dakizuen bezala, Gipuzkoako foru Ogasunak orain arte hainbat neurri onartu ditu, zergadunei zerga betebeharrak betetzea erraztu eta, ahal den neurrian, herritarrei eta enpresei likidezia emateko. Testuinguru honetan kokatzen da dekretu berri hau ere; beraz, neurri osagarriak dira, eta ez dira azkenak izango. Ezohizko egoera honek jarraitzen duen bitartean, gure araudia eta zerga sistema egokitzen jarraitu beharko baitugu”, aurreratu du Mendozak.

Gaur onartu den dekretuak hainbat neurri jasotzen ditu, baina ezaugarri komun batzuekin: orokorrean, zerga trataerak malgutzea dira, behar den kasuetan epeak luzatuz; eta neurri denak zergadunaren aldekoak dira, hau da, bilatzen dutena da herritarren eskubideak babestu eta konfinamenduak eragindako kalteak murriztea. Epe hauek luzatuko ez balira, zergadunaren kaltetan joango bailirateke. “Neurri gehienen kasuan, zergadunen partetik zuzenean jaso ditugun kezkei emandako erantzunak dira”, adierazi du foru bozeramaileak, erabaki nagusiak PFEZan eta Sozietateen gaineko Zergan kokatzen direla zehaztuz.

Pertsona fisikoen kasuan, neurri batzuk azpimarratzearren, etxebizitza kontuen epea luzatzen da. Hau da, gaur egun etxebizitza kontua ireki eta bost urteko epea dago higiezina erosteko. Dekretu honen bidez, egiten dena da urte bukaera arteko luzatu epea, orain bukatzen zaien zergadunek hobariak galdu ez ditzaten. Antzeko zerbait egin da etxebizitza salerosketen berrinbertsioaren kasuan. “Kasu hauetan, salmenta salbuetsita egoten da ohiko etxebizitza saldu eta beste bat erosi arteko bi urteko tartean. Orain egiten duguna da hau hiru urtera igo”, adierazi du Mendozak.

Sozietateen gaineko Zergaren kasuan, neurri nagusien “izpiritua” berdina da. Hemen ere, berrinbertsioen kasuan, epeak luzatzen dira, zergaduna ez kaltetzeko. “Hau da, adibidez, enpresa batek makina edo pabiloi bat saltzen badu gero beste bat erosteko, salbuespenaren epea luzatzen diogu. Salbuespen hori 2020 urtean amaitzen den kasuetan, urtebeteko luzatuko zaio”, azaldu du.

Sozietateen gaineko Zergan, baita ere, 64 bis artikuluaren epeak luzatzen dira baita ere. Artikulu honen bitartez, enpresa batek zerga hobaria jaso dezake, beste baten proiektu berritzailea finantzatzeagatik. Bada, finantzaketa kontratua formalizatzeko epeak luzatzen dira: orain arte, proiektu berritzailearen lehen hiru hilabetetan sinatu behar zen kontratu hori, eta orain bederatzi hilabetera luzatzen da. Eta, gainera, 64 biseko kenkaria urte anitzeko proiektuei aplikatu ahalko zaio finantzaketa kontratua sinatu aurretik exekutatzen hasi badira, eta kontratu hori 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldiko lehen bederatzi hilabeteetan sinatzen bada.

“Neurri hauekin, esan bezala, zergadunei gauzak erraztu nahi dizkiegu, araudia malgutu ahal den neurrian”, esan du foru bozeramaileak. “Eta, batez ere, ezohizko egoera honek eragin dituen eta justuak ez liratekeen egoera kaltegarriak ekidin, zergadunen eskubideak babestuz. Hasieratik esaten ari garen bezala, Gipuzkoako foru Ogasunaren borondatea zergadunei ahal den neurrian laguntzea da, eta norabide horretan jarraituko dugu lanean”, azpimarratu du.

 

Lehen hiruhileko salmentak

Azkenik, foru bozeramaileak Ogasunak hilero argitaratzen duen enpresen egoeraren buruzko txostenaren emaitza nagusiak aurreratu ditu. “Gaur argitaratu den txostenean COVID-19 gaitzaren pandemiak gure enpresetan izan dituen lehenengo ondorioak hautematen dira: salmentak behera, oro har”, esan du. Lan merkatuaren kasuan, bestalde, oraindik ez da islatzen ezohizko agertoki honen eragina, txosten hau egiteko erabiltzen den metodologiaren eraginez.

Zehaztu duenez, itsailean, salmentek %1,6 egin zuten behera, esportazioen beherakadaren ondorioz, nazioartean zegoen ezegonkortasunaren adierazle. Martxoan, berriz, -%9,4 jaitsi ziren salmenta osoak, kasu honetan barruko zein kanpoko merkatuan izan dutelarik eragina. “Konfinamenduaren eta jarduera ekonomikoa gelditzearen lehen ondorio zuzena da beherakada hau”, adierazi du. Ondorioz, urteko lehen hiruhileko metatuan ere emaitza negatiboa da: %7,1 egin dute behera salmentek, bai barrukoek (-%6) zein esportazioek (-%9), pasa den urteko epe berdinarekin alderatuta. Bozeramaileak gogoratu duenez, txosten osoa Ogasuneko web orrian dago gaurtik aurrera ikusgai.

  

1809