Suhiltzaileek 2.558 esku-hartze egin zituzten iaz
Suhiltzaileek 2.558 esku-hartze egin zituzten iaz
Zerbitzuko jardueraren erdia baino zerbait gehiago, % 54, erreskateak eta salbamenduak izan ziren
Gipuzkoako Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzuak larrialdiko 2.558 esku-hartze egin zituen iazko urtean erregistratu ziren 2.242 ezbeharretan. Ezbeharren erdiak baino zerbait gehiago, % 54, erreskateak eta salbamenduak izan ziren; heren bat, suteak, Zerbitzuaren jardueraren % 31 izan zirenak; eta gainerakoa, berriz, laguntza teknikoak (% 7,5) eta alarma faltsuak (% 6,5). Hala ondorioztatzen da Imanol Lasa Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak eta Arkaitz Orbegozo zerbitzuburuak gaur aurkeztutako estatistika-memoriatik.
Suteei dagokienez, 707 ezbehar izan ziren, guztira, eta horrek % 8ko gehikuntza txiki bat ekarri zuen, aurreko urtean erregistratutako suteen aldean. 2017. urtean izan ziren sute gehienak hiri-suteak izan ziren, tamaina txikikoak, etxebizitzetan (245 ezbehar), nahiz eta 63 industria-sute ere erregistratu ziren, fabrika, lantegi edo biltegietan; 42 sute landa-eraikinetan edo baserrietan; 77 baso-sute edo landaretza-sute; eta 107 sute era askotako garraiobideekin zerikusia izan zutenak.
Aurreko urteetan gertatu izan den bezala, 2017an izandako sute gehienak egunez gertatu ziren (% 57); zehazki, goizeko 08:00etatik arratseko 20:00etara, goraldi batzuk egonik bai egunaren erdiko orduetan bai arratseko azken orduan. Hala eta guztiz ere, esan behar da nola askotan suterik larrienak gauez izaten diren, detekzio denbora handiagoa izaten baita, eta sutea libreki bilaka baitaiteke, kalte handiagoak eraginez. «Gainera, ikusten da maizago izaten direla suteak asteburuetan, bai larunbatean bai igandean», adierazi du zerbitzuaren arduradunak.
Orobat, 2017an, Foru Aldundiko suhiltzaileek erreskate eta salbamenduekin lotutako 1.223 ezbeharri erantzun zieten, eta horrek ere % 18ko gehikuntza ekarri zuen atal horretan.
Erantzundako halako ezbehar guztietatik, 185 jarduketa izan ziren trafiko istripuak, biktimak harrapatuta gertatu zirela; 456 artapen, arriskuan zeuden pertsonei, barne hartuta etxebizitzetan sartzeak eta mendiko erreskateak; 170 esku-hartze, ur, gas edo argindar ihesekin zerikusia zuten ezbeharretan; eta 145 artapen, animaliei, barne hartuta Asiako liztorraren habiak kentzea (vespa velutina), zeintzuetatik 119 jarduketa kontatu baitziren, eta halako jarduketek progresiboki jaisten jarraitu dute Suhiltzaile Zerbitzuan, espezie hori 2012an lurraldean sartu zenez geroztik.
Erreskate eta salbamenduen kasuan ere, asteburuetan eta astelehenetan gertatu ziren halako gorabehera eta jarduketa gehienak, bereziki esanguratsuak eta garrantzitsuak izanik, haien kopuruagatik, trafiko istripuekin eta mendiko jarduketekin zerikusia zutenak. Suhiltzaileen esku-hartze gehien metatu ziren hilabeteei dagokienez, abendua izan zen lehena, eta gero, abuztua eta otsaila.
2016. urtearekin alderatzen badugu, ikusten da gehikuntza bat dagoela bai 2017an izandako ezbeharren kopuruan, % 17 igo baitziren aurreko urtearen aldean, bai Suhiltzaile Zerbitzuak egindako jarduketa kopuruan, horiek ere igo baitziren, ia % 21. Gehikuntza horren arrazoi nagusietako bat izan zen ezen 2016a urte bereziki ona izan zela aurreko urteen aldean fenomeno meteorologiko kaltegarriekin zerikusia duten esku-hartzeei dagokienez (uholdeak, haizeteak, ziklogenesiak...); 41 esku-hartze izan ziren guztira urte horretan, eta 179 iaz. «Adibidez, abendua oso hilabete gogorra izan zen lurraldean fenomeno meteorologikoei dagokienez. Hilabete horretan bakarrik 80 ezbehar erregistratu ziren, 2016 osoan erregistratutakoen ia bikoitza», zehaztu du Orbegozok.
Suhiltzaile Zerbitzuak parte hartutako esku-hartzeetan ebakuatu edo erreskatatutako pertsonei dagokienez, 480 pertsona kontatu ziren, guztira, eta horietatik 44, hildakoak ziren. Esku-hartzeen % 43an, abisua eman zenetik esku-hartzea hasi zen arte igarotako denbora, 10 minutukoa baino laburragoa izan da. Bestalde, 15 minutu baino gutxiagotan hasitako jarduketak erreferentzia gisa hartuz gero, portzentaje hori % 68ra igotzen da, esku-hartze guztiak hartuta.
Kontrol eta Komunikazio Zentroari dagokionez (Bai Esan), 2017an jasotako eta kudeatutako larrialdi dei edo abisu kopurua igo egin zen, guztira 5.693 dei izateraino, zeintzuetatik 3.082 (% 6 gutxiago 2016aren aldean) errepideetako departamentuari zegozkion, eta 2.611, berriz (% 25 gehiago), suhiltzaileen departamentuari.
Errepideetako departamentua eta suhiltzaileen departamentuak larrialdiko abisuak jaso eta transmititzeko prozesuei buruz batera egindako analisiaren emaitza gisa, 2016. urtetik aurrera, errepideei bakarrik eragiten dieten larrialdi dei guztiak zuzenean departamentu hori kudeatzen ari da, eta horrek ahalbidetzen du departamentu horietako bakoitzak arreta zerbitzu hobea eta espezifikoagoa ematea, ezabatzen baitira haien artean gerta daitezkeen bikoizketak, interferentziak edo atzerapenak.
“Etorkizuneko zerbitzua” eraiki
2018. urte honetarako, errealitate bat izango da Gipuzkoako Larrialdiak Koordinatzeko Gune Bateratu berria, Donostiako Suhiltzaile Etxean egongo dena, Garberan. Zentral bateratu berri horren definizioa eta diseinua Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren arteko lankidetza-hitzarmen baten esparruan kokatzen dira, eta baliagarria izango da Gipuzkoako larrialdientzako erantzuna modernizatzeko eta hobetzeko, Gipuzkoa Babestu 20_30 izeneko plan estrategiko baten barruan. 2017ko aurrekontuaren barruan 570.000 euro bideratu ziren proiektua prestatzeko, obrak egiteko, eta zentral bateratu berriaren azpiegiturak eta ekipamendua martxan jartzeko, Imanol Lasa Diputatuak azaldu duen bezala.
Inbertsio hori suhiltzaileen esparruan foru gobernua gauzatzen ari den eraldaketa prozesu orokorrean kokatu du Imanol Lasak. “Suhiltzaileena zerbitzu estrategikoa da guretzat. Orain arte erronka eta lehentasun nagusiak aztertzen jardun dugu, langileekin elkarlanean, eta orain ekintza fasean sartuta gaude, bete-betean. Baliabide gehiago jartzen ari gara, bai giza baliabideen -iaz egin genuen 25 plazako LEParekin-, bai materialen, eta baita antolakuntzaren arloan ere, indartzeko, eta Gipuzkoari gero eta zerbitzu arin eta eraginkorragoa emateko, beste arloetan bezala”.
Ildo horretan, mugarritzat jo du dagoeneko martxan den Gipuzkoa Babestu 20_30 modernizazio plangintza estrategikoa, datozen 15 urteetan zerbitzuaren etorkizuna eraikitzeko urratsak jasotzen dituena. Gogorarazi duenez, 80ko hamarkadan definitu zen zerbitzua, eta ordutik hona “aldaketa sakonak” izan dira demografian, errepide sarean eta larrialdien tipologian, besteak beste. Hori horrela, egitasmoak helburutzat du zaharkituta dauden alorrak zuzentzea, ezbharren aurrean erantzute denborak hobetzea, eta “arreta kalitatezkoa eta eraginkorragoa eskaintzea, Gipuzkoako gizartearen eskari berriei egokitutakoa”.
Besteak beste, honako neurriak aurreikusten ditu plangintzak: lurraldeko bi suhiltzaile zerbitzuen jarduera bateratzea –Aldundia eta Donostiako Udala-; bi jarduera eremu nagusi sortzea, bakoitza suhiltzaile etxe zentralarekin; suhiltzaile parke berriak ireki eta oraingoak birkokatzea; plantila birdimentsionatzea eta handitzea; suhiltzaileak lurraldean banatzea; eta zerbitzua eta pertsonak kudeatzeko eredu berria erabakitzea.
Foru Aldundiko teknikariek azken urte honetan lurralde osoko larrialdien arretaren kalitateari buruz egindako diagnostiko sakona du oinarri planak, 30 urtetik gorako zerbitzualdian egindako esku hartzeetatik jasotako benetako datu estatistikoak erabilita. Suhiltzaile plantillari, lurraldeko alkateei, eta batzarkide taldeetako arduradunei aurkeztu zaie dagoeneko, eta laster egingo da beste horrenbeste publikoki eta Batzar Nagusietan, alderdi politiko guztien ekarpen eta proposamenak jasotzeko helburuarekin: “Oso egitasmo sendoa eta ondo oinarritutakoa da, zerbitzuko teknikarien lanaren ondorioa delako, eta gainera sukalde eta kontsentsu lan handia ari gara egiten eragileekin”, esan du Diputatuak.
Aurrekontu handiagoa
2017an, Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko Departamentuak 2.497.433 euroko aurrekontua ezarri zuen Suhiltzaile Zerbitzurako. Zenbateko horren zati handi bat ibilgailu, ekipamendu eta material berriak erosteko erabili zen. Bereziki nabarmentzekoa da lehen irteerako bi autoponpa-kamioi berri erosi eta ekipatu izana, sua itzaltzeko merkatuko azken teknologiarekin, zeinak erabilgarri dauden jada Kostako eta Oriako suhiltzaile etxeetan. Erosketa horren bidez, bukatutzat eman da lurraldeko zortzi suhiltzaile etxeetako lehen irteerako autoponpa-ibilgailuak berritzeko prozesua. Gainera, lur orotako sei ibilgailu arin berri erosi dira, 20 urte baino gehiago zituzten ibilgailu batzuk ordezteko.
2018an, Zerbitzuak aski aurrekontu handiagoa izango du 2017an baino, 3.656.433 eurokoa zehazki, aurrekontu partida gehigarri batzuk erantsi baitzaizkio, gaur egungo ibilgailuen parkea berritzeko eta ekipatzeko, eta zerbitzua modernizatzeko eta hobetzeko proiektu estrategiko batzuk gauzatzeko. Horien artean nabarmentzekoa da 42 metroko eskailera-kamioi bat erosteko 800.000 euroko partida (aurreikuspenen arabera, Arrateko suhiltzaile etxerako izango da) eta gaitasun handiko autoponpadun zisterna-kamioi bat erosteko eta ekipatzeko 300.000 euroko beste bat. Bi ibilgailu horiek eskuratzeari esker, zerbitzu hobea emango zaie herritarrei, gaur egun zerbitzuak ez baitu sua itzaltzeko mota horretako ibilgailurik.
2018rako beste proiektu garrantzitsu bat DMR teknologia digitala izango duen komunikazio sare propio bat egitea da, eta 240.000 euroko aurrekontu partida bideratuko da horretara. Sare hori zeharkako proiektu estrategiko bat da Gipuzkoako Foru Aldundiaren barruan, administrazio horretako hainbat departamentutan erabiliko baitute: suhiltzaile zerbitzua, errepideak, obra publikoak, mendiak, eta abar.1492