Foru gobernuak deitoratu egin du EH Bilduk aurrekontuen negoziazioan bere burua baztertu izana
Foru gobernuak deitoratu egin du EH Bilduk aurrekontuen negoziazioan bere burua baztertu izana
• Irune Berasaluze foru bozeramaileak “erabateko penaz” hartu du ezker abertzalea, herritarren ongizatean onura duten adostasuna bilatu baino, beste alderdiei betoak jartzen aritzea. • Datorren urteko partidetan ia 30 milioiko hobekuntzak proposatu dizkio foru gobernuak EH Bilduri, 2025erako Nafarroan lortutakoaren bikoitza eta Araban lortutakoaren hirukoitza.
Foru Aldundiaren bozeramaile Irune Berasaluzek “erabateko penaz” hartu du EH Bilduk “bere burua baztertu” izana aurrekontuen negoziazioan sakontzeko atzo arratsaldean egindako bileran, oposizioko beste alderdi batekiko beto eskubidea inposatzen saiatzean. Jakinarazi duenez, foru gobernuak dagoeneko zazpi aste eta 26 bilera daramatza oposizioko taldeekin lanean, proposamen irmoak eta ekonomikoki tasatuak trukatuz, akordioak lortzeko benetako aukerekin, diagnostikoan eta Gipuzkoak dituen erronka sozial, ekonomiko eta ingurumenekoetan aurrera egiteko neurriak proposatzeko garaian antzekotasun asko dauden heinean. Hala izanda ere, atzoko bileran EH Bilduk adostasunaren aldeko lanean jarraitzetik urrundu da eta inflexio puntu bat ezarri du hartu-emanetan, foru gobernuari eskatu baitio publikoki Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duen beste alderdi baten babesa publikoki errefusatzeko. “Jarrera antidemokratikoen aurrean beti altxatu dugu ahotsa eta orain ere ez dugu inoren beto eskubiderik onartuko”, deitoratu du.
Berasaluzek irmotasunez egin ditu adierazpenok, Eider Mendoza diputatu nagusia gidari, Jose Ignacio Asensio diputatu nagusiordearekin eta Itziar Agirre Ogasuneko diputatuarekin batera osatu duten negoziazio batzordearen ordezkari gisa, ez baitago ados EH Bilduren jokabidearekin. Izan ere, negoziatzen ari ziren edukiak ez ziren arazo, ezta horietara bideratutako inbertsioen kantitateak ere. Hain zuzen ere, “Aldundiak atzo arratsaldean ezker abertzaleko ordezkariei egindako azken proposamenak 29,4 milioi jasotzen zituen datorren urteko partidetan gizarte, ekonomia eta azpiegitura arloetan, 2025erako EH Bilduk Nafarroan adostutako 14,4 milioiak edo Arabako Foru Gobernuarekin itxitako 9,9 milioiak aski gaindituz. “Argi dago beren interes elektorala lehenetsi dutela, foru gobernu hau gutxiengoan ikusi nahi izatea, arduraz jokatu beharrean, gipuzkoarren interesak zainduz”, baieztatu du bozeramaileak.
EH Bilduren jarrera oztopatzailearen aurrean, negoziazio batzordeak oposizioko gainerako taldeekin lanean jarraituko du, 2025erako ahalik eta aurrekonturik lantzen jarraitzeko helburu argiarekin. “Hori da mugiarazten gaituen helburua eta azken minutura arte lanean jarraituko dugu adostasunak ahalbidetzeko”, laburbildu du.
2093