Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Foru Jauregia barrutik ezagutu eta Aldundiaren historian sakontzeko aukera izan dute herritar eta bisitariek

Foru Jauregia barrutik ezagutu eta Aldundiaren historian sakontzeko aukera izan dute herritar eta bisitariek

Eider Mendoza diputatu nagusiak harrera egin die gaurko Ate Irekietako lehen parte hartzaileei; ekimen honi esker, 2016tik hona 4.700 herritar inguruk hartu du jada parte bisita gidatu berezi hauetan

Ate irekiak

“Gipuzkoar guztion etxera” ongi-etorria eman diete Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Irune Berasaluze, Gobernantza diputatuak gaur foru jauregia ezagutzera etorritako bisitariei, urtero Gabonen bueltan antolatu ohi den Ate Irekien egunaren baitan. Eskainitako talde guztiak osatu ahal izan dira aurten eta, honela, gaurko egunean zehar banatutako bost txandetako 200 parte-hartzaileak batuta, guztira 4.700 pertsona inguruk izan du 2016 urtean hasi ziren bisita gidatu hauetan foru jauregia barrutik ezagutzeko aukera. Bisitak, halaber, Gipuzkoaren historian eta foru erakundearen bilakaeran murgiltzeko aukera ere ematen die bisitariei eta, hain zuzen, ekarpen hori nabarmendu du diputatu nagusiak harreran eskainitako hitzetan: “Eraikin hau ezagutzearekin batera hobeto ezagutzen dira gure erakundeak, gure lurraldea eta herria bera, eta laguntzen digu jabetzen nola joan den garatzen Gipuzkoa eta Euskal Herri osoa”.

Diputatu nagusiak adierazi duenez, foru jauregia bisitatzeak “begi-bistako interesa” dauka historia, arte edo arkitektura ondarearen ikuspegitik, bai eraikinak eta baita bertan dauden elementuek balio handia baitute. “Aldundiak bost mende baino gehiagoko historia badu ere, ezagutza mugatua da oraindik bere inguruan”, azaldu du. Hala, gogorarazi duenez, bisitan ezagutuko diren espazio asko, hala nola tronu aretoa edo kontseilu aretoa, “Gipuzkoaren antolaketa instituzionalaren eta historia politikoaren lekuko dira, gure autogobernuarena, gure ibilbidea markatu duten gertaera eta pertsonena. Gipuzkoarrontzat berebiziko garrantzia eduki duten erabakiak eta neurriak onartu dira bertan, eta jarraitzen dira onartzen: aurrekontuak, ekonomia, eta enplegua sustatzeko egitasmoak, ongizate eta zerga politikak, eta abar”.

Hori dela eta, Mendozak gogorarazi duenez, Foru Aldundiaren Ate Irekiak “jarrera eta estrategia” zabal baten baitan kokatzen dira. “Foru Aldundiak, lankidetzazko gobernantzaren eskutik, herritarrekin elkarlanean jarduteko eredu bat abiarazi du azken urteotan. Testuinguru horretan, urteko hainbat momentutan foru jauregiko ateak zabaltzen ditugu, foru jauregi honetan ikus daitekeen ondarea historikoa eta kulturala erakutsi eta, baita ere, erakundearen funtzionamendua herritarrei gerturatu asmoz”, gehitu du.

Erdi arotik aurrerako historia hori eskultura, tapiz, margolan eta beste elementuekin ezagutu dute bisitariek, gidari espezializatuen eskutik. Ondare artistikoaz gain, Aldundiaren, Batzar Nagusien, horien eskumenen eta antolaketa administratiboaren inguruko azalpenak ere jasotzen dira bisitan, ordubete eta hamabost minutu inguruko ibilaldian. Nabarmentzekoen artean aurkitzen dira, besteak beste: Gaztelako Alfontso VIII.a irudikatzen duen beiratea, 1200 urtean foruen zina eginez; Alejandro Iruretaren kupula; Gipuzkoako paisaia eta ohiturak irudikatzen dituen horma-dekorazioa; Julio Urquijoren erretratua (Erwal) eta liburutegia, non Aldundiak argitaratutako obra guztiak gordetzen diren; Elkanok munduari egindako itzuliaren omenez egindako tapiza, eta getariarrari Zuloagak egindako margolana; Albizuren Lekuona eta Barandiaran margolanak; Uztapide eta Basarri bertsolarienak; Orixek egindako eskuizkribu zaharrak; edota Elbiria Zipitriaren eskultura, 2022 urtekoa, euskarazko hezkuntzaren eta Ikastolen sustatzaileetako bat izan zen irakaslearen omenez jarritakoa. 

  

1954