Futbol zelai baten luzera duen inoizko garraio handienak zeharkatuko ditu Gipuzkoako errepideak
Futbol zelai baten luzera duen inoizko garraio handienak zeharkatuko ditu Gipuzkoako errepideak
Ia ehun metroko luzera duen ezohiko garraio honek muturreko eguraldia jasango duen haize-sorgailu baten pieza darama Pasaiako portutik Zangotzara eta hiru egun beharko ditu gure lurraldea zeharkatzeko.
Gipuzkoako errepideetan inoizko garraio handiena ikusiko da datozen egunetan. Ia ehun metroko luzera eta 500 tonako pisua duen ezohiko garraioak haize-sorgailu baten pieza eramango du Pasaiako portutik Zangotzako laborategi batera. Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretarako diputatuak adierazi du garraio hori “ezohikoa” eta “zaila” izango dela, eta, horren adibide, Gipuzkoako lurraldean egingo dituen 60 kilometro inguru egiteko hiru egun beharko dituela. “Hiru etapatan egingo du Portutik irten eta Etzegarate gainera iritsi arteko ibilbidea. Gauez mugituko da, trafikoan ahal den eragin txikiena izan dezan; baina, hala ere, saihestezina izango da erabiltzaileen artean izango duen eragina. Orain artean Euskadiko errepideetan ibili den garraio handiena da datozen egunetan gure errepideetan ikusiko den hau”, gehitu du Oiarbidek.
Astearte gauean abiatuko da Pasaiako portutik haize-sorgailu erraldoi baten “nacelle” pieza daraman garraio berezia. 94,81 metroko luzera, 6,54 metroko zabalera, 5,32 metroko altuera eta 514,4 tonako pisua ditu. 40 ardatzeko garraio bat prestatu dute pieza eraman ahal izateko. Bi trakzio buruk tirako dute aurretik eta beste batek bultzatuko du garraioaren atzeko aldetik. Trakzio buru bakoitzak 250 tonako indarra egiteko gaitasuna du. Piezaren pisuak baino dituen neurriek eragin dute tamaina horretako garraioa prestatu beharra.
Japoniako enpresak, muturreko eguraldi txarrei, hala nola tifoi edo urakanei, eutsiko dien haize-sorgailuak jarri nahi ditu Japongo itsasoan, eta Zangotzako laborategi batean homologatu behar dute pieza.
Lehendabiziko etapan 12 kilometro besterik ez ditu egingo garraio erraldoiak. Zailtasun handieneko etapa izango da, Gomiztegiko biribilgunea (El Ancla) eta bi tunel zeharkatu beharko dituelako. Donostiako bigarren ingurabidean geldituko da eguna egiten, Errenteriako lurretan.
Bigarren gauean, Urumeako autobidetik N-1era sartuko da eta Beasainera iristea da helburu. Ia ehun metroko ezohiko garraio honek ibilbideko bihurgune asko hartu ezin dituenez, tarte batzuetan kontrako norabidean joango da.
Hirugarren etapa, Beasaindik Etzegarate gainera artekoa izango da. Ibilbide guztia kontrako norabidean egingo du, beraz, gau horretan, Nafarroatik Idiazabalerako norabidea erabat itxita egongo da“Gidariei eragozpenak eragingo dizkie baina egia da, baita ere, Pasaiako portuarentzat eta horrelako garraio erraldoia antolatu duen enpresa gipuzkoarraren lehiakortasunarentzat aparteko negozio-aukera dela"
Operazio guztia Ertzaintzak zuzenduko du; eta, gauez egin arren, ezinbestekoa da inguru horretan ibiliko diren gidariak arreta handiz ibiltzea. “Gure esku dauden segurtasun neurri guztiak hartuko dira baina, hala ere, kontuz gidatzea komeni da. Gauez egingo dira mugimenduak; gaueko 23:30ak inguruan jarriko da martxan eta goizeko 5:30erako errepidetik aterako dugu. Hala ere, gure errepide nagusietan izango du eragina: AP-8an, A-15ean eta N-1ean eta, ahal den neurrian, errepide horiek erabili beharrean, ordezko ibilbideak hartzeko eskatu nahi dugu Foru Aldunditik”, dei egin du Bide Azpiegitura diputatuak. “Gidariei eragozpenak eragingo dizkie baina egia da, baita ere, Pasaiako portuarentzat eta horrelako garraio erraldoia antolatu duen enpresa gipuzkoarraren lehiakortasunarentzat aparteko negozio-aukera dela", eta gure lurraldea mapan kokatzen duela. Gipuzkoako Foru Aldundiak gure errepideen bidez lagunduko du lurraldearen sustapen ekonomikoan", gehitu du Aintzane Oiarbidek.Zenbait hilabeteetan, Zangotzako laborategian homologazio frogak egin ostean, “Nacelle” erraldoia, berriro gure lurraldean ikusiko dugu, orduan kontrako ibilbidea eginez, Nafarroatik Pasaiako porturantz.
2103