Garraio publikoaren kanpaina berria Lurraldebus Goierrik izan duen hazkundea indartzeko
Garraio publikoaren kanpaina berria Lurraldebus Goierrik izan duen hazkundea indartzeko
Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa departamentuak martxoaren 15etik aurrera abian jarriko du kanpaina berri bat Goierrin, garraio publikoaren erabilera bultzatzearren
Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa departamentuak martxoaren 15etik aurrera abian jarriko du kanpaina berri bat Goierrin, garraio publikoaren erabilera bultzatzearren. Goierrin Lurraldebus lineak gehitzen doaz nabarmen, eta horrek bultzatu du kanpaina hau garatzera, eskualde horretako biztanleen ohiturak aldatzeko helburuz, eta hala, ibilgailu pribatuaren ordez autobus publikoaren erabilera sendotuz.
Marisol Garmendia foru diputatuak nabarmendu duenez, Lurraldebus lineetako bidaiariak gero eta gehiago dira Goierrin. “Apustu handia egin dugu eta ikusgarriak dira emaitzak. Joan den urtean, Lurraldebusek Goierrin dituen lineetako bidairiak ia %39 gehiago izan ziren, eta hazkunde hori ez da oraindik amaitu. 2016an, 568.734 bidaiarik erabili zituzten linea horiek, ia 160.000 bidaiari gehiago 2015. urtearen aldean. Gure helburua da zerbitzua hobetzen jarraitzea eta garrio publikoak lehentasuna izatea Goierriko udalerrietako auzotarren mugikortasunean”.
Pertsona ospetsuek, Twin Melody-ko abeslari Aitana eta Paula Etxeberriak, Bertsozale Elkarteko lehendakari Iñaki Muruak, Ampo Ordiziako jokalari Julen Goiak eta Ataungo baserritar Lurdes Zurutuzak euren irudia jarriko dute Lurraldebusen kanpaina honen zerbitzura, eslogan honekin: “Bizi topera, igo Lurraldebusera”. Karteletan, irratian eta beste hedabide batzuetan agertuko da kanpaina. Postontzietan banatuko den informazioari lehiaketa bat gehitu zaio, Goierriko dendetan kontsumitzeko izango diren 100€ko sariekin; lehiaketa hau dagoeneko Lurraldebus zerbitzuetako erabiltzaile direnei eta garraio publikoko zerbitzu horiek erabiltzen hasiko direnei zuzenduta dago.
“Garrantzizkoa da nabarmentzea Lurraldebusek Goierrin dituen linea guztiak ari direla hazten, eta horrek berretsi egiten ditu eskaintzen diren zerbitzuen ontasuna eta Aldundiaren apustua mugikortasun iraunkor eta eroso baten alde, ibilgailu pribatua baino merkeagoa delarik gainera”, adierazi du Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Marisol Garmendia sozialistak. “Joan den urtean hazkunde nabarmena izan zuten linea hauek: Zegama-Zaldibia 1 linea (%56,3), Lazkao-Ospitalea 5 linea (%46,7), Gabiria-Zumarraga 6 linea (%29,5), Legorreta-Ataun 4 linea (%23)... Hortaz, zerbitzuak hobetuz, errepideko garraio publikoa bultzatzen jarraitu behar dugu, Goierriko 22 udalerrietan bizi diren 67.537 gipuzkoarrengana heltzen dena eta, autobus zerbitzuetan gauzatzen ari garen hobekuntzak ziurtatu dituztenean, euren mugikortasun-ohiturak aldatzen hasiak direnengana”.
Linea horiez gain, Lurraldebusek eskaripeko taxi zerbitzu bat jarri du, harrera ona izaten ari dena. “Oraindik badago zer egin; ematen dugun zerbitzuan hobetzen jarraitu behar dugu, eta izan ere, hobekuntza-lanetan dihardugu markesinetako informazio-paneletan eta beste zenbait gaitan” esan du foru diputatuak.
“Gure nahia da lanera, erosketak egitera, ikastetxeetara edo prestakuntza-zentroetara joan behar dutenentzat garraio publikoaren zerbitzua erakargarria izatea, euren lekualdaketak hobetzeko modu anitzak eskainiko dizkiena. Hortxe daude online salmenta-zerbitzuak, bezeroaren arretarako doako telefonoa (900 300 340) eta garraio-txartelaren modalitate desberdinak”, adierazi du Marisol Garmendiak.
Mugi Txartela
Txartel arruntak %45eko deskontua eskaintzen du hilabetean 20 bidaia arte egitean, %56koa hilabetean 21-50 bidaia egitean, eta %90ekoa hilabetean 51 bidaia baino gehiago egitean.
5 - 25 urteko gazteen txartelak %52eko deskontua eskaintzen du; 65 urtetik gorakoenak %108ra arteko hobariak ematen ditu errenta-maila jakin bat ziurtatzen denean; mugikortasun-arazoak eta errenta-maila jakin bat duten pertsonei zuzendutakoak ere ematen ditu %108ra arteko hobariak. Familia ugarientzako txartela, kolektibo sozialena eta txartel anonimoa ere eskaintzen dira, pertsona batek baino gehiagok erabil dezaketena eta %45eko hobariak ematen dituena aurreneko bidaia-tartean.
Beste zerbitzuen artean ditugu: Mugiklub, promozioak, lehiaketak eta deskontuak eskaintzen dizkiena erabiltzaileei, eta APP Mugi, lineei, ordutegiei eta promozioei buruzko informazio guztiarekin.
1668