Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gaur 202 dosi ipini dira Gipuzkoako adinekoen eguneko zentroetako erabiltzaileen eta langileen artean

Gaur 202 dosi ipini dira Gipuzkoako adinekoen eguneko zentroetako erabiltzaileen eta langileen artean

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Osasun Sailarekin koordinazioan, 2-3 astetan amaituko du eguneko zentroetako txertaketa, eta astelehenean, martxoaren 1ean, desgaitasuna duten pertsonen kolektiboarekin hasiko da.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak diseinatutako txertaketa-estrategiari eta haren lankidetza eta laguntza eskaerari erantzunez, gaur hasi da txertaketa-kanpaina Gipuzkoako adinekoen eguneko zentroetako erabiltzaileen eta 55 urtetik gorako langileen artean. Gaur, Pfizer/Biontech txertoaren lehen 192 dosi inokulatu dira sei eguneko zentrotan, eta beste 10 Astrazeneca dosi, 55 urtetik beherako langileen artean.

Gipuzkoan 63 eguneko zentro daude, eta egun 1.200 erabiltzaile daude baliabide horietan. Gizarte Politikako departamentuak 2-3 asteko epean eguneko zentroetan lehen dosiak aplikatzen amaitzea aurreikusten du, eta martxoaren 1ean, astelehena, aldi berean, desgaitasuna eta gaixotasun mentala duten pertsonentzako baliabideetako erabiltzaileei eta langileei txertoa jartzen hasiko da: laguntzak dituzten etxebizitzetakoak eta eguneko zentroetakoak.

Txertaketa egiteko, Aldundiak sei talde propio ditu, baita DYAko eta Aita Menniko profesionalen lankidetza ere. Horiek guztiek Osasun Publikoko profesionalen aldetik beharrezko prestakuntza jaso dute, eta txertaketa-kanpaina gainbegiratzeaz ere arduratzen dira. Txertaketa-prozesua arintzeko helburuarekin, txertaketa-puntuak gaitu dira Gipuzkoan, eta hara bertaratuko dira txertoa jasoko duten kolektibo guztiak, eguneko zentroetako erabiltzaile diren adinekoak izan ezik, horiek txertoa euren zentroetan jasoko baitute.

  

1766