Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Volver Gazako errealitatearen inguruko jardunaldia antolatu du Aldundiak: ‘Gaza: Giza Eskubideetatik begirada bat’ jardunaldian

Gazako errealitatearen inguruko jardunaldia antolatu du Aldundiak: ‘Gaza: Giza Eskubideetatik begirada bat’ jardunaldian

Jardunaldiari esker, Gazako krisiaren dimentsioak aztertu ahal izan dira, herritarrengan izandako inpaktutik hasi eta nazioarteko eragileen erantzuneraino.

Gaza hitzaldia

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren Zuzendaritzatik, ‘Gaza: Giza Eskubideetatik begirada bat’ izeneko jardunaldia antolatu du gaur Gunean. Gazak bizi duen egoera konplexua ikusaraztea eta Giza Eskubideen ikuspegitik hausnartzea izan da ekitaldiaren helburua.

Jardunaldian oihartzun handiko adituak izan dira, eta Gazako errealitatearekin lotutako funtsezko gaiak jorratu dira, baita Palestinaren eta Israelen arteko gatazkaren inplikazio zabalenak ere.

Jardunaldiaren hasieran, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak Gazaren gainean "fokua mantentzeko beharra" defendatu du, azken 15 hilabeteetan bertan izandako "sufrimenduaren, indarkeriaren eta sarraskiaren" aurrean. Izan ere, Hamasek 1.200 pertsona hil zituenetik –tartean Ivan Illarramendi zarauztarra, zeina gogoan izan duen diputatu nagusiak–, 45.000 pertsona baino gehiago hil dira bonbardaketa "indiskriminatu eta justifikaezinetan". Era berean, ezin ditugu ahaztu desplazatutako milaka pertsona, franjaren suntsipena, edota konboiek eta laguntza humanitarioko erakundeek jasandako blokeoak eta erasoak. Diputatu nagusiak adierazi duenez, arratsaldeko jardunaldiak zeregin horretan lagundu nahi izan du, Palestinako herria jasaten ari den egoera "lazgarriaz" hitz egiteko espazio bat ireki baitu, Giza Eskubideetan oinarritutako ikuspegi batetik.

"Bat gatoz gipuzkoar eta euskal gizarteak azken hilabeteotan herri palestinarra jasaten ari den egoera ankerraren aurrean sentitzen duen haserre, min eta elkartasunarekin", berretsi du diputatu nagusiak. Ildo horretan, gazatarrei "euren lurraldera itzultzea" ahalbidetzen ari zaien su-etenari balioa eman dio. "Euren bizitzak Gazan bertan berreraikitzeko eskubidea dute”, berretsi du, AEBetako presidenteak Egiptora eta Jordaniara milioi erdi palestinar desplazatzeko aukerari buruz egin berri duen mehatxuari erreferentzia eginez.

"Giza duintasuna, pertsonen eskubideak eta nazioarteko legedia gutxiesten dutenen aurrean, Giza Eskubideen balio negoziaezina, bizitzarekiko errespetua eta giza duintasunarekiko errespetua aldarrikatzeko unea da. Bere lurrean bakean bizitzeko eskubidea dute herri guztiek, baita palestinarrek ere. Gazan, Palestinan eta Israelen bake egoera baterantz joateko oinarria dira Giza Eskubideak", adierazi du, eta, horregatik, egungo su etena Ekialde Hurbilean bake iraunkorra eraikitzeko" aprobetxatu beharreko aukera dela adierazi du.

Aldi berean, “erabateko elkartasuna eta babesa” adierazi dio diputatu nagusiak UNRWA, UNRWA Palestinar Errefuxiatuen Arretarako Nazio Batuen Agentziari, Israeleko Gobernuak ezarri dion betoa dela eta. "Iraganera, blokeetara, gerretara, itxikeriara eta giza sufrimenduarekiko sentimendu ezera bueltatzen ari dela dirudien mundu baten aurrean, nazioarteko legedia eta nazioarteko erakundeak aldarrikatzen ditugu. Espero dugu Nazio Batuek eta EB osoak irmoki esku hartzea su-etena mantendu eta Gaza berreraiki dadin. Bereziki, ahots propioa duen Europa batean sinesten dugu, Giza Eskubideen eta demokraziaren defentsatik gatazka baten etorkizuneko konponbide iraunkor baten oinarriak ezarri ditzan, non Israelgo eta Palestinako herriak bakean bizi ahal izango diren", gaineratu du.

Hitzaldiak

Lehen hitzaldia Ignacio Álvarez-Ossorio Alvariñok aurkeztu du, besteak beste, Ikerketa Arabiar eta Islamikoetako katedradunak. Hitzaldian Nakba berri baten inguruan aritu da, nazioarteko komunitateak pasibo jarraitzen duen bitartean. Bere hitzaldian, Alvarez-Ossoriok adierazi du Palestinako herriak bere historia garaikideko bidegurutze handienetako bati egin behar diola aurre: "Israelek, azken 15 hilabeteetan Gazaren aurka egindako neurriz kanpoko erasoan, gerra eta gizateriaren aurkako krimenak egin ditu, balizko genozidioa gertatzeko arriskuarekin. Bitartean, nazioarteko komunitateak pasibotasun kezkagarrian jarraitzen du”

Amaia Goenaga Sánchez mutrikuar historialariak, besteak beste, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan Arabiar, Islamiar eta Ekialdeko Ikasketetan doktore denak, Libanok Palestinaren eta Israelen arteko gatazkaren testuinguruan izan duen papera izan du hizpide bigarren hitzaldian. Bere azterketan, nabarmendu du Israelek berriki Libanori egindako erasoaldia 1948an hasi zen indarkeriazko historia baten parte dela. Halaber, erasoaldi honek Libanoko barne politikan duen eragina azpimarratu du, bereziki bloke xiitaren eta Hezbolaren ahultzean.

Azkenik, Barbara Ruiz Balzolak, UNRWA Euskadiko ordezkari eta arlo humanitarioan adituak, Palestinako Iheslarientzako Nazio Batuen Agentziak (UNRWA) krisi humanitarioaren aurrean duen rola jorratu du. Ruiz Balzolak azaldu duenez, UNRWA bi milioi lagunentzako salbamendu bihurtu da Gazan, eta oinarrizko zerbitzuak eskaintzen ditu osasunean, hezkuntzan eta elikadura-laguntzan. Gainera, nabarmendu duenez, "gerra hasi zenetik, gure taldeek arreta medikoa, laguntza psikosoziala eta elikadura-laguntza eman diete desplazatutako milaka pertsonari. Hezkuntzak lehentasuna izaten jarraitzen du, 300.000 haurrek baino gehiagok galdutako ikasturteak berreskuratu behar baitituzte".

  

3406