Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Volver Gazteria Departamentuak Gazteak Auzolanean programako 2025eko laguntzen deialdia ireki du, gazteek talde lanean egindako bost proiektu diruz laguntzeko

Gazteria Departamentuak Gazteak Auzolanean programako 2025eko laguntzen deialdia ireki du, gazteek talde lanean egindako bost proiektu diruz laguntzeko

Deialdian 18 eta 30 urte bitarteko gazteek parte har dezakete, eta apirilaren 4ra arte aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak; hautatzen diren proiektuek 1.500 eta 5.000 euro bitarteko laguntza jasoko dute.

2025/03/12
Gazteria

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Departamentuak 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzako beste laguntza deialdi bat abiarazi du. Gazteak Auzolanean programak 25.000 euroko diru izendapena du, eta eskabideak aurkezteko epea apirilaren 4ra arte egongo da zabalik. Aurkeztutako proiektu guztietatik bost hautatuko dira, eta bakoitzak 1.500 euro eta 5.000 euro arteko laguntza jasoko du. Ekimena gauzatzeko 2026ko ekainera arteko epea izango dute. Aurreko urteetan bezala, hautatutako proiektuek ere laguntza teknikoa jasoko dute Gaztegune+ programaren lan jardunaldien eta jarraipen tutoretzen bidez, beren ideia proiektu bihurtzeko.

Goizane Álvarez Kultura eta Gazteria diputatuak azpimarratu duenez, "dirulaguntza hauen helburua da jarrera sortzailea eta ekimena duten 18 eta 30 urte bitarteko gazteei ingurunea inplikatzen duten talde egitasmoak abian jartzen laguntzea, horrela, interes publikoa duten eraldaketa sozialeko prozesuak bultzatzeko”. Aurten, zortzigarren urtea da, eta "zazpi edizio hauetan, 113 gaztek gizarte eragineko 32 proiektu garatu ahal izan dituzte dirulaguntza horiei esker. Denbora horretan guztian, Gazteria Zuzendaritzak 171.000 euro baino gehiago bideratu ditu programa horretara".

Ildo horretan, Álvarezek nabarmendu du garrantzitsua dela "gizartean eragina duten proiektuak garatzeko bultzada sentitzen duten gazte horien proaktibitatea indartzea", eta adibide gisa jarri ditu iazko ekimenak, aurten garatzen ari direnak, gazteentzat interes handikoak diren gaiak jorratzen dituztenak, hala nola "osasun mentala, aisialdi inklusiboa, emozioen kudeaketa, arte garaikidea edo deskonexio digitala".  

Dirulaguntzak eskatzeko baldintzak:     

Dirulaguntzak eskatu nahi dituztenek baldintza hauek bete behar dituzte:

- Gutxienez 18 eta 30 urte bitarteko 3 laguneko aldea osatzea.      
- Irabazi asmorik gabeko proiektu bat egitea. 
- Proiektua urtebetez garatzea (2026ko ekaina baino lehen).          
- Proiektuak honako arlo hauetako batekoa edo batzuetakoa izan behar du:

a. Proiektu artistiko eta/edo kultural komunitarioak.          
b. Jasangarritasuna eta ingurunearen zaintza oinarri duten proiektuak.
c. Berrikuntza sozial edo komunitarioko proiektuak, genero berdintasunaren, euskararen, kulturartekotasunaren, elkartasunaren eta bestelakoen eremuetan.

  

1210