Gerrak ez du emakume aurpegirik
Gerrak ez du emakume aurpegirik
Maribel Vaquero Bizikidetza eta Giza Eskubidetako zuzendariak Noticias de Gipuzkoa egunkarian argitaratutako artikulua
Testu honen buruan datorren esaldia Svetlana Alexiévich bielorrusiar kazetariari hartua da. Izenburu hori jarri zion Nobel saria jaso zuen liburuari. Bertan, Armada Gorrian II. Mundu Gerran borrokatu zuten emakumeen historiak biltzen ditu. "Beti izan dira gizonak gizonei buruz idazten. Hori berehala ikusten dut. Gerrari buruz dakigun guztiak gizonen ahotik dakigu", esan zuen Alexiévichek liburuaren zergatiaz galdetu ziotenean. Esaldiak balio du, nik uste, ia mundu osorako; eta hemen, Euskadin, ez gara izan salbuespen.
Egun hauetan, gure historia baldintzatu zuen gertakari baten 80. urteurrena gogoratzen dugu. Joan den ostiralean, martxoak 31, zortzi hamarkada bete ziren eraso frankista abiatu zela Bizkaiaren aurka. Egun horretan bertan, abiazio matxinatuak Durango bonbardatu zuen, aste gutxira Gernikan biziko zen izu eta ikararen iragarpen. Hurrengo astean, borroka latzak izan ziren Otxandion. Gero Urkiolan eta Saibigainen, Intxortetan, Eibarren, Solluben, Lemoatxen, Bizkargin, Artxandan... Gerrako gertakari horietan guztietan gizona da protagonista, eta emakumea bigarren lerro batean agertzen da.
Erasoa hasi baino aste batzuk lehenago, Gipuzkoako 13 herritan egoerak latzak bizi izan zituzten, gure historian oihartzunik izan ez dutenak, baina bizi izan zituztenen oroimenetan iraun dutenak. 1937 hartako otsailean eta martxoan, 750 bat lagun, gehienak emakume eta neska-mutilak, indarrez egotzi zituzten beren etxetatik frankistek, zergatik eta familiarteko bat (aita, senarra, anaia...) "okerreko bandoan" izateagatik. Soinean zutenarekin soilik, behartu zituzten noraezerako bidean abiatzera, batzuetan oinez.
Frankistek ezarritako zigorrak funts politikoa zuen: herrietatik bota zituzten emakume gehienak abertzaleak ziren, "gorri separatistak". "Edo itzultzen dira zuen senar, aita edo anaiak, edo etxetik botako zaituztegu". Horra mehatxua, garaiko Eusko Jaurlaritzak gertakari horien inguruan idatzi zuen dokumentuak jasotzen duen bezala. Zigorra, alabaina, ez zuten jasan gudariek edo milizianoek. Zigorra emakumeek jasan zuten: amek, arrebek eta alabek. Zigorrak emakume aurpegia zuen.
Gertakari hark, egia, ez du biltzen borroken epikarik, baina bizirauteko borroka hark, burua makurtu gabe eta gorrotorik gabe ideologiari eusteko saio hark, ez zuen izan, hargatik, adore eta sakrifizio urriagorik. Bada argazkirik, emakume ile moztuenak, zuten guztia maindire batean bilduta, umeekin alboan, eskutik, bonbek txikitutako eta barrikadek mozten zuten errepide batean aurrera. Aski esanguratsuak dira, argigarriak soberan; eta, zoritxarrez, egungoak ere badira.
Hori dela eta, erakundeetan sentsibilitate berezi bat izan behar dugu gure ikuspegia berreskuratzeko eta historiak ahaztu dituen bizipenak gogoratzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak agente aktiboa izan nahi du horretan, emakumeak historiaren kontaketak utzi dituen bigarren lerrotik ateratzeko. Emakumearen ahotsik gabe ez baitugu inoiz aurrera egingo memoria oso baten eraikuntzan.
Gipuzkoan, zorionez, badugu memoriaren elkarte sare bat, horrekin sentsibilizatua dagoena; eta gure erakundeak ere gero eta kontzientzia garbiago bat dute. Aipatu beharrekoak dira, hemen, Erkibe Kultur Elkarteak edo Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eta antzekoek egiten duten lana emakumearen ikuspegia gure memoriara berreskuratzeko. Biziki eskertzen dugun lana da hori.
Erakunde mailan, aste honetan bertan omendu ditugu, Gipuzkoako Foru Aldundian, 1937ko negu gorri hartan frankistek behartuta erbestea baino beste paturik izan ez zuten emakumeak, eta haien seme eta alabak. Historia hori, bestalde, 'Ama nora goaz?' dokumentalean jaso da, zeina, Baleukok ekoiztua, foru erakundeak finantzatu baitu, besteak beste. Omenaldi horrekin batera, ekitaldi bat egin genuen joan den otsailaren 12an Zumaian, bertako Udalak antolatuta. Izan ere, Zumaia izan zen aipatu dugun hondamendi hori gehien jasan zuen udalerrietako bat.
Jarduera guztiak urrats txikiak dira aurrera, baina ibiltzeke dagoen bidea luzea da oraindik. Gainera, beste zailtasun bat dugu: garai kritiko batean gaude, eta ez bakarrik iragan den denborak kontaketara gehitu behar ditugun lekukotzak eraman dituelako. Garai kritiko bat da batzuek historia manipulatu nahi dutelako, paralelismo lotsagarriak eginez, hartara gure herriak jasan dituen indarkeriaz eta minez betetako azken hamarkadak zuritzeko.
Garai batean bizi gara non, asmatu ezean gure memoria kolektibora zenbait ahots gehitzen, horiek betiko galtzeko arriskua baitugu. Kontaketa orokorrera gehitu ezean, euskarri fisikoetan betikotzen ez baditugu, lan pedagogiko bat egiten ez badugu... belaunaldi oso baten memoria indibidualak galbidean dira, sakon ahaztuetan erorita. Eta horrekin, denok galduko dugu.
2199