Gerrako Umeen memoria eta haien testigantzak jasotzeko herritarren laguntza eskatu dute
Gerrako Umeen memoria eta haien testigantzak jasotzeko herritarren laguntza eskatu dute
Foru Aldundiaren babesarekin, Intxorta 1937 Kultur Elkartea ikerketa bat egiten ari da Gerra Zibiletik ihesi erbestea ezagutu zuten haurrei buruz; dagoeneko 6.819 umeren kasuak identifikatu dituzte.
Guda Zibiletik ihesi, erbestea ezagutu zuten Gerrako Umeak identifikatu eta haien memoria berreskuratzeko azterlana egiten dihardu azken urte honetan Intxorta 1937 Kultur Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, eta herritarren laguntza eskatu dute haur haien inguruko datuak eta testigantzak osatzeko. Hainbat artxibotan egindako bilaketen ondorioz dagoeneko 6.819 umeren kasuak identifikatu dituzte, baina orain kasu bakoitzaren inguruko testigantzak eta datu osagarriak jasotzea da helburua eta horretarako ezinbestekoa da gipuzkoarren laguntza, erbesteratu haien memoria bizirik mantendu duten ondorengoen eta herritarren laguntza, alegia.
Gerra Zibilean zuzenean parte hartu ez bazuten ere, gatazkaren ondorio latzak jasan zituzten haur eta gaztetxo haiek, artean oso txikiak zirelarik erbestera ihes egin beharrean aurkitu ziren eta. Ume horietatik gehienak Frantzian (3.139) hartu zituzten, eta ondoren honako harrera herriak izan zituzten: Katalunia (1.796), Belgika (334), Errusia (466) eta Erresuma Batua (180). Argentina, Danimarka, Dominikar Errepublika, Herbehereak, Madril, Mexiko, Suitza, Txile, Uruguai, Valentzia, Kuba, Argentina eta Venezuela ere bai, beste batzuek. Orain, helburua da ume horien bizipenen inguruko xehetasunak eta testigantzak jasotzea eta osatzea.
Hala jakinarazi dute gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko foru zuzendariak, Ion Gambrak, eta Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kide Julia Mongek eta Josu Chuecak.
“Gudan parte hartu ez bazuten ere, hark eragindako sufrimendua jasan zuten. Haurrak zirelarik, jasan ere. Beldurra, bonbardaketak, senitartekoengandik aldentzea eta, azkenik, gurasoen babesik gabe erbestera joan beharra. Haietako asko ez ziren gehiago Euskal Herrira itzuli”, gogoratu du Ion Gambrak. Horregatik, foru zuzendariaren iritziz, “gure herriaren eta lurraldearen memoria historikoa eraikitzeko garaian pieza garrantzitsua” dira Gerrako Umeak. “Zalantzarik gabe, merezi dute errekonozimendua, funtsezkoa da pasa zuten sufrimendua azaleratzea, gizarteratzea eta aitortzea”, gehitu du Aldundiko ordezkariak.
“Memoria beharrezko balioa da kultura benetan demokratikoa eraikitzeko, elkarrekiko errespetuan eta bizikidetza baketsuan oinarrituta egongo dena eta iraganeko akatsetan erortzea eragotziko duena”, adierazi du Gambrak.
Gerrako Umeen memoria berreskuratzeko ahalegin horretarako, lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten iaz Intxorta 1937 elkarte memorialistak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horrela, aurretik Debagoienako eskualdean hasitako lana lurralde osora zabaldu du Intxorta 1937 Kultur Elkarteak. Helburua da Gipuzkoan jaiotako Gerrako Umeak izen-abizen eta, ahal den kasuetan, argazki batekin eta bizitza-historia labur batekin identifikatzea. Gainera, erbeste garaiko argazkiak lortzen saiatzen ari dira eta, oraindik bizirik direnen artean, elkarrizketa sakonak egiten –dagoeneko 45 lagun elkarrizketatu dituzte–.
Lurraldeko udalen laguntzak ere berebiziko garrantzia izan du, bizirik jarraitzen duten gerrako haurrak identifikatzeko eta haiekin harremanetan jartzeko. Azken hilabete hauetan arreta bulegoak ezarri dituzte Irunen, Eibarren, Soraluzen eta Tolosan. Ekainean zehar, berriz, Andoainen irekiko dute, Oroituz taldearen laguntzarekin, herritarren laguntza eta testigantzak jaso ahal izateko. Gipuzkoako Foru Aldundian ere jarriko dute arreta bulegoa, lau egunetan, hain zuzen ere: ekainaren 27an eta 29an, eta uztailaren 11n eta 12an, 10:00etatik 14:00etara, Gunean.
Ikerketa osatzearekin bat, gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren asmoa da Gerrako Umeen memoria aitortu eta aldarrikatzeko ekitaldia bat antolatzea.
3084