Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoa 2050 Energia-Jasangarritasunerako Estrategia

Gipuzkoa 2050 Energia-Jasangarritasunerako Estrategia

Gipuzkoak bere energia-beharren %80a berriztagarriekin betetzeko estrategia jarri du abian

2020/09/24

Gipuzkoa 2050 Energia-Jasangarritasunaren Estrategia (GEJE 2050) funtsezkoa da gure ekonomia deskarbonizatzeko. 2030ean berotegi-efektua eragiten duten gasen (GEIS) emisioak %40 murriztea eta 2050ean %80ko murrizketa lortzea da helburua. Horretarako, energia fosilen ordezkapena bultzatzen du, energia berriztagarrien kuota %80koa izan dadin eta Gipuzkoaren autohornikuntza-kuota gero eta handiagoa izan dadin.

Jose Ignacio Asensio: “energia berriztagarriak erabiltzeak aukera ematen du energia-hornikuntzaren kostua eta ingurumen-inpaktua murrizteko eta energia-pobreziaren aurkako borrokan aurrera egiteko”. “Energia-eskariaren kudeaketa da ekonomia deskarbonizatu eta lehiakorrerako aldaketaren eragile nagusia”

José Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko zuzendariak, Mónica Pedreirak, “Gipuzkoa 2050 Energia-Jasangarritasunerako Estrategia” aurkeztu dute gaur goizean. Ibilbide-orri honek, Gipuzkoako Energia Jasangarritasunari buruzko Foru Dekretua onartzera eramango gaituen helburuak, ekintzak, mugarriak eta epeak biltzen ditu. Errealitate sozio-ekonomikoa berraktibatzeko beharra dagoen egungo egoeran, estrategiak beharrezkoa den esparrua planteatzen du karbono gutxiko ekonomia berreraikitzeko politikak eta planak antolatzeko, eta eragile publiko eta pribatu guztientzat erreferentzia gisa balio du, ekintza klimatikoa aktibatzeko eta ingurumenerako eta gizarterako eragin negatiboak minimizatzeko.

GEJE 2050ekin, Gipuzkoak Parisko Akordioari erantzuten dio. Akordio horrek dei egiten die tokiko-erakundeei emisioak murriztearen inguruan duten anbizioa handitzeko, eta bat egiten du Nazio Batuen 2030eko Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzearekin (7- Energia eskuragarria eta ez-kutsatzailea, eta 13- Klimaren aldeko ekintza). Aurkeztutako estrategiak EAEko Energia Jasangarriari buruzko 4/2019 Legean jasotako Euskadiko helburua ere bultzatzen du; izan ere, lege horrek energia-iraunkortasunerako oinarri arautzaileak ezartzen ditu administrazio publiko eta sektore pribatuan, eta helburu nagusiak ezartzen ditu emisioak murrizteari eta energia-zaurgarritasunari aurrea egiteari dagokienez.

Gaur egun, BEGen emisioei dagokienez, Gipuzkoak urte batzuk daramatza beherantz: -% 4,9ko jaitsiera 2017arekiko, eta -% 24,2koa 2005arekiko. Estrategia berriaren helburua da murrizketa hori % 40ra igotzea 2030ean, eta % 80ra 2050ean. Giza jardueretatik datozen BEGen emisio gehienak energia-ekoizpenarekin, -transformazioarekin, -banaketarekin eta -kontsumoarekin lotutako errekuntza-prozesuetatik datoz: garraioa, industriak, enpresak, etxebizitzak, dendak eta zerbitzuak. Argi dago energia-kontsumoak lotura estua duela egoera ekonomikoarekin, eta 2012tik oso antzeko mailetan ari da aldatzen, sektore jakin batzuei egokitako igoerekin eta jaitsierekin. Datu negatibo gisa, garraioaren sektorea da, emisioen ia erdia (% 46) eragiten baitu, eta urtetik urtera hazten jarraitzen du, 2012az geroztik. Kontuan hartu behar da sektore horretako energia-kontsumoaren % 99,1 errepideko garraioak eragiten duela, eta erabiltzen ditugun ibilgailuetako erregaien % 93 petrolioaren deribatuak direla. Alde positiboan dago industria-sektorea, erreferentzia-aldian energia-eraginkortasunaren aldetik hazkundea lortu duena. Oro har, Gipuzkoako ekonomiaren energia-intentsitatea (energia-kontsumoa gure BPGrekin zatitzen badugu) hobetuz doa, eta 2010etik % 22 murriztu da.

Egoera honetan, Ingurumeneko diputatuak gogorarazi du Gipuzkoa 2050 Energia-Jasangarritasunerako Estrategiaren helburua energia-eskariaren kudeaketa eraginkorrean oinarritutako lurralde-eredu energetiko bat ezartzea dela, “energia-eskariaren kudeaketa da ekonomia deskarbonizatu eta lehiakorrerako aldaketaren eragile nagusia. Hain zuzen, eskaria murrizteak, iturri fosilen ordez energia berriztagarriak erabiltzearekin batera, bide ematen digu ahalik eta modurik merkeenean energia-hornikuntzaren kostua murrizteko, ingurumen-inpaktua murrizteko eta energia-segurtasuna areagotzeko helburuetara iristeko”.

Testuinguru honetan, ikuspegi sozio-ekonomikotik, gogoratu behar da Espainia, 2017an, EB-28ko herrialdeen rankingeko seigarren postuan zegoela, elektrizitatearen prezio altuagoan, eta hirugarren postuan gas naturalari dagokionez. Horrek sektore guztiei eragiten die, baina etxebizitzei erreparatuz gero, urte horretan bertan Gipuzkoako etxeen % 21,5 (63.500 etxe) energia-pobrezian zeuden. Hori dela eta, pobrezia eta ahultasun energetikoari aurrea hartzea, eta energia-segurtasuna herritar guztiei baieztatuko dien lege-esparru bat sortzea da GEJE 2050 Estrategiaren printzipioetako bat. Asensio foru arduradunak gogorarazi duenez, “energia-pobrezia errotik kendu behar dugu kontsumo-sektore guztietan, eta, horretarako, gipuzkoarrak ahaldundu egin behar dira, eta lagundu egin behar zaie beren sistema energetikoaren erdigunean ezarten dituen rol berria ezagutzen”.

Lurralderako zaurgarritasun energetikoari dagokionez, Gipuzkoak % 92,77ko mendekotasun energetikoa du, eta, beraz, gure autohornikuntza % 7,23koa baino ez da. GEJE 2050 Estrategiaren helburuetako bat da energia primario berriztagarria ekoizteko lurralde-gaitasuna handitzea. Hirigintza-jarduketako eraikin eta unitateetan autokontsumorako energia modu banatuan sortzeko ereduaren bidez, iturri berriztagarriak eta laguntzeko iraunkortasun energetikorako beste teknologia batzuk erabiliz (eraikinen birgaitze energetikoa, mugikortasun elektrikoa, biltegiratzea eta mikrosareak), ezarpen-eredu iraunkorrak, teknikoki fidagarriak, ekonomikoki errentagarriak, sozialki partekatuak, biodibertsitatearekin eta lurraldearen erresilientziarekin bateragarriak, eta negozio-eredu orekatuak –publikoak– erabiliz.

Azkenik, nabarmentzekoa da gure berriztagarrien kontsumo-kuota (% 18,71) hobetu egin dela 2010-2018 aldian. Erabiltzen dugun energiaren jatorri berriztagarriaren proportzioa (guk geuk ekoitzia edo kanpoan erosia) guztizko kontsumoarekiko adierazten du adierazle horrek. Helburu gisa, 2050 energia-iraunkortasunaren estrategiak 2050erako berriztagarrien kuota % 80koa izatea lortu nahi du.

Estrategia izapidetzeko prozesua urriaren hasieran hasiko da, Ingurumen Ebaluazio Estrategikoa kontsultatzeko prozedurarekin. Horretarako, proiektuaren zirriborroa bidaliko zaie administrazio eskudun eta interesdun guztiei (udalak, eskualdeko garapen ekonomikoko agentziak, Eusko Jaurlaritza eta beste hainbat eragile). Ondoren, proiektua prestatuko da, eta jendaurrean jarriko da, tokiko eragile ugariren partaidetzazko eztabaida-prozesua eta genero-eraginaren ebaluazioa egingo dira. Aurreikusten da Gobernu Kontseiluak Estrategia Foru Dekretu gisa onartuko duela 2021eko uztailean.

 

  

2876