Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoak eguneko zentro “berritzaile” bat ireki du Zarautzen desgaitasuna duten pertsonentzat

Gipuzkoak eguneko zentro “berritzaile” bat ireki du Zarautzen desgaitasuna duten pertsonentzat

Balio anitzeko zentro horrek 27 plaza ditu, eta desgaitasun intelektuala duten behar eta profil desberdinetako pertsonei ematen die arreta, modu aitzindarian

Markel Olano diputatu nagusia eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatua

Markel Olano diputatu nagusia eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatua


Zarauzko Aldapeta kaleko eraikin berrian desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako bi gizarte-baliabide ireki berri dira, 27 plazako eguneko zentro bat eta zazpi pertsonentzako etxebizitza bat. Baliabide horiek Gipuzkoako desgaitasunaren arretarako sarera batu dira, zeinak eguneko zentroetan 859 plaza eta egoitza eta etxebizitzetan 975 plaza dituen. Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak azpimarratu du zentro aitzindaria eta berritzailea dela, eta arreta-modu berriak ezagutzeko eta aztertzeko balioko duela. Gainera, probaldi baten ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak eredu hori lurraldeko beste puntu batzuetara hedatzea aztertuko du.

            Zarauzko Garagune zentrora egindako bisitan, diputatu nagusiarekin batera izan dira Xabier Txurruka Zarauzko alkatea, Maite Peña Gizarte Politiketako foru-diputatua, Juan Ribera eta Jose Angel Mendiluce Goyeneche Fundazioko presidentea eta zuzendaria, zentroko talde arduraduna eta egunero Aldapetako zentrora joaten diren erabiltzaileak. Hedabideei egindako adierazpenetan, diputatu nagusiak nabarmendu du espazio irisgarri bat dela, herrigunean dagoena eta komunitate-loturak indartzeko gaitasun handia duena. Eguneroko bizitzako jarduerak garatzeko eguneko arreta eskaintzen duen zentroa da, komunitate-bizitzan parte hartzeari begira eta laguntza-premia desberdinak dituzten pertsonei zuzenduta.

            Bisitan, diputatu nagusiak Goyeneche Fundazioak desgaitasun intelektuala duten pertsonen eta haien familien alde egiten duen lana eskertu du, “espazio inklusibo bat eskaintzen die, pertsona bakoitzak bere gaitasun pertsonalak eta sozialak gara ditzan, banakako arretaren eta plangintzaren bidez”. Izan ere, Goyenechek Pertsona Ardatz duen Plangintzaren ikuspegi batean oinarrituta lan egiten du, eta ikuspegi horrek pertsona bakoitzaren talentuak eta gaitasunak ezagutzen laguntzen du, baita haren interesak, beharrak eta nahiak ere.

Ikuspegi hori ezinbestekoa da, gainera, laguntza-premia desberdinak eta nahasmendu desberdinak dituzten pertsonei arreta ematen dien balio anitzeko zentro berri honetan. Proiektu honetan inplikatutako agente guztiek partekatzen duten helburua da pertsona bakoitzaren autonomia-maila hobetzea, zailtasunak konpentsatzea eta ohiko zaintzaileei laguntza ematea, arreta eta zaintza pertsonalizatu eta komunitarioen bidez.

Zarauzko alkatea pozik agertu da: “Zentro berri hau adimen-desgaitasuna duten pertsonei, horietako asko zarauztarrak, eskainitako arretan jauzi kualitatibo handia izango da”. Txurrukak zehaztu duenez, “hasieratik azpimarratu dugu Aldapetako proiektuaren funtzio soziala, eta Aldundiaren lankidetzari esker, azken emaitzak gure hasierako espektatiba guztiak hobetu ditu”.

            Zerbitzu horien izaera berritzaileak Gipuzkoan Gizarte Politiken esparruan hedatutako estrategiari erantzuten dio: Gipuzkoa Agenda 2020>2030. Lurraldearekin partekatutako ibilbide-orri horrek gero eta pertsonalizatuago dauden zainketetaranzko eraldaketa-prozesua bizkortu du, eta parte hartzeak, berrikuntzak, komunitateak eta ebaluazioak funtsezko eginkizuna dute. Helburua da Gipuzkoa zaintzaren abangoardian kokatzea.

            Estrategia horren barruan, erakundeek Gipuzkoako hirugarren sektoreko entitateekin batera, baita Goyeneche Fundazioarekin, egiten duten baterako lanean, azpimarragarriena da, Markel Olanoren hitzetan, “benetako gizarteratzea sustatzen dela, hiriguneetan kokatuta dauden ehunka gizarte-baliabideei esker, kalean bertan, auzorako eta auzokideekiko harremanetarako ateak irekita, boluntariotza fisikoa izugarri bultzatzen dutelako”. “Lan egiteko modu hori Gipuzkoako eredu sozialaren isla argia da, lankidetza komunitarioan eta elkartasun ekonomikoan oinarritua”, diputatu nagusiak adierazi duenez.

  

3873