Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoak nazioarteko esperientziekin bat egiten du gizarte politiken ebaluazioan aurrera egiteko

Gipuzkoak nazioarteko esperientziekin bat egiten du gizarte politiken ebaluazioan aurrera egiteko

Erresuma Batuko, Irlandako, Austriako, Frantziako, Herbehereetako eta Kanadako adituek gizarte zerbitzuen ebaluazioaren eta kalitatearen inguruko ikaskuntzak eta esperientziak partekatu dituzte mintegi batean.

Talde argazkia.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta SIIS-ek Gizarte Zerbitzuen Ebaluazioari eta Kalitateari buruzko Nazioarteko Mintegi bat antolatu dute gaur, abenduaren 16an. “Jardunaldi honetan nazioarteko esperientziak ezagutzeko aukera izango dugu, horrela, gure ebaluazio sisteman aurrera egiteko”, azpimarratu du Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak mintegiaren hasieran. Aldaketa kualitatibo bat emango da Gipuzkoan, “arauaren betetze maila zorrotz neurtu eta ikuskatzetik zerbitzuen kalitatea eta horiek pertsonen bizitzan duten eragina ebaluatzera igaroko baikara”.  


    Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundia lanean ari da Etorkizuna Eraikiz Think Tankaren barruan, modu partekatu eta adostuan ebaluazio sistema “sendo eta, aldi berean, malgu” bat eraikitzeko. “Arretaren emaitzak neurtuko ditugu, eta, horretarako, kalitatea nolakoa den neurtzeko adierazleak ezarri behar dira.  Une horretan gaude”, azpimarratu du diputatuak. Gaineratu du ebaluazio jarraitua izango dela, eta bertan erabiltzaileek eta gizarte zerbitzuetako eta baliabideetako profesionalek ere parte hartuko dutela.


    Ebaluazio sistema berria sortzeko prozesuan, Aldundiak, SIIS eta Think Tanka osatzen duten adituekin batera, oinarria landu dute, eta “orain nazioarteko esperientziak kontrastatzen eta haiengandik ikasten ari gara”. Horregatik, ebaluazio sistemak ezagutzeko Stockholmera eta Edinburgora egindako bidaien ondoren, Erresuma Batuko, Irlandako, Austriako, Frantziako, Herbehereetako eta Kanadako zazpi profesional gonbidatu dira, esperientzia aurreratuak eta arrakasta izan duten beste ebaluazio sistema batzuen nondik norakoak ezagutzeko: José Luis Fernandez (London School of Economics), Kai Leichsnring (Gizarte Ongizatearen Politika edo Ikerketarako Europako Zentroa), Veronique Ghadi eta Sandra Grimaldi (HAS, Frantziako Osasun Agintaritza), Nathalie Tremblay (Quebec-eko gobernua), Marie-Claudie Sirois (INESSS, Osasun eta Gizarte Zerbitzuen Bikaintasuneko Kanadako Institutu Nazionala), Carol Grogan (HIQA, Irlandako Osasun Informazio eta Kalitatearen Agintaritza), eta Henk Nies (Amsterdamgo Vrije unibertsitatea).


Zainketa eredu berria
Diputatuak nabarmendu du “funtsezkoa” dela ebaluazioan aurrera egitea gizarte politiketan gertatzen ari den trantsizioan. “Gipuzkoan bizkortu egin ditugu gizarte politikak berritzeko prozesuak. 2015ean hasi ginen bide hori urratzen, eta haren zentzu estrategikoa gizarte politikak epe luzera aldatzea da”. Horretarako, lurraldeak Agenda 2020>2030 dauka. “Tresna horrek zainketen abangoardian jarriko gaitu eta lurralde gero eta kohesionatuagoa eta aurreratuagoa izatea ahalbidetuko digu”.


    Diputatuak gogorarazi duenez, trantsizioko gizarte politikak aipatzean, pertsonen bizi ziklo osorako zainketa ereduaren aldaketa bultzatzen duten jardueren multzoari egiten zaio erreferentzia. “Trantsizio hori egia bihurtzeko, bost palanka ditugu: zainketen pertsonalizazioa, komunitatearekiko lotura, gizarte berrikuntza, inplikatutako pertsona guztien parte hartzea, eta ebaluazio sistemikoa”. 


Premisa hori oinarri hartuta, mintegiak ebaluazioan aurrera egiteko balio izan du; azken palanka da, baina horrek ez du esan nahi garrantzi gutxiagokoa denik. Amaitzeko, Peñak adierazi du hiru arrazoi daudela Aldundiak ebaluazio sistema berri baten aldeko apustua egiteko: “Aukera ematen digu, lehenengo eta behin, ebidentzian oinarritutako politikak diseinatzeko; bigarren, bide onetik goazen ala ez jakiteko, horrela, pertsonen bizi kalitatea benetan hobetzen ari garen ziurtatzeko; eta, azkenik, berrikuntza politiken eta zerbitzu berrien jasangarritasuna balioesteko”.

  

2893