Gipuzkoa ekintzaileentzako lurralde are erakargarriagoa egin nahi du Aldundiak, fiskalitatearen tresna erabiliz
Gipuzkoa ekintzaileentzako lurralde are erakargarriagoa egin nahi du Aldundiak, fiskalitatearen tresna erabiliz
Gipuzkoa ekintzaileentzako lurralde are erakargarriagoa egin nahi du Aldundiak, fiskalitatearen tresna erabiliz
Foru Araua lantzen ari da PFEZ eta Sozietateen gaineko Zergak moldatu eta Start-up-en sorrera aldezteko
“Gipuzkoa lurralde emankorra da oso ekintzailetasunaren esparruan. Honek horrela izaten jarraitu dezan, gure ekarpena egin nahi dugu Foru Aldunditik eta, zentzu honetan, lanean ari gara gure zerga araudia moldatu eta start-upen sorrera eta hastapenetan lagungarri izango diren neurriak onartzeko”. Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, gaur aurkeztu ditu Ekonomia Suspertzeko Planak 2017 honetan fiskalitataren eremuan aurreikusten dituen ekimenak. Arreta, aurtengoan, ekintzaileengan jarri du foru Ogasunak. “Gipuzkoa lurralde are erakargarriagoa egin nahi dugu proiektu berrientzat, fiskalitataren tresna baliatuz”, adierazi du.
Honen berri emateko, diputatu nagusia hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantza diputatuarekin batera. Olanok balioan jarri du Ekonomia Suspertzeko Planak orain arte izan duen ibilbidea, “agerikoa baita jarduera ekonomikoaren susperraldiari ekarpena egiten ari zaiola” eta, zentzu honetan, zenbait adierazle ekonomikoren bilakaera positiboa mahaigaineratu du, Barne Produktu Gordinaren indartzea edota langabeziaren jaitsiera kasu. “Konfiantza giroa berreskuratzen ari da”, adierazi du. Diputatu nagusiak gogoratu du pasa den urtean ia 3.000 enpresari eman ziola laguntza Ekonomia Suspertzeko Planak, eta 400 enpresa baino gehiago eta ia 2.000 lanpostu sortzen lagunduko zela. “Ekonomia sustapena da gure ongizate estatuari eusteko baliabideak lortzeko iturria. Aberastasuna banatzeko, lehenengo sortu egin behar da”, azpimarratu du.
Testuinguru honetan, fiskalitatearen garrantzia nabarmendu du jarduera ekonomikoa berpizteko ahalegin horretan. “Ekonomia errealean zuzeneko esku hartzea izatea ahalbidetzen digu, eta jarrera proaktiboa dugu arlo honetan”, adierazi du, Ekonmia Suspertzeko Planean zeharkako ardatza dela gogoratuz. Hiru lirateke, foru arduradunaren hitzetan, foru Ogasunak arlo ekonomikoan dituen helburuak: enpresak lurraldean sustraitzea, proiektu berriak sustatzea eta kanpokoak erakartzea. “Pasa den urtean proiektuak lurraldean errotzean jarri genuen arreta, langileen parte hartzea bultzatzeko foru arauarekin, eta aurten bigarren puntua dugu erdigunean, ekintzailetasuna sustatzeko neurriekin”, azaldu du.
“Gipuzkoa egun lurralde erakargarria da ekintzaileentzat. Azpiegiturak ditu, BIC Berrilan bezalako enpresa inkubagailuak daude, talentua, enpresa ekosistema… Erakundeetatik ere gure ekarpena egin nahi dugu, fiskalitatea ekonomia sustapenerako erreminta gisa erabiliz”, azaldu du. Horrela, arlo hau dinamizatu eta bultzada berritu bat ematea ditu xede foru erakundeak. “Egungo Foru Aldundia lurraldeko ekonomia ehunarekin erlazio estua du, eta dituen behar eta erronken jabe da. Foru Arau hau gertutasun horren ondorioz hauteman diren hobekuntza eremuen fruitua da”, azaldu du.
PFEZ eta Sozietateen gaineko Zerga
Larrañagak, bere hitzaldian, Ogasuna araugintza arloan garatzen ari den lan lerroak jarri ditu mahai gainean. Esaterako, Zerga Foru Arau Orokorra, Mezenasgoaren Foru Arauaren aldaketa eta tokiko erakundeen Foru Arauaren eguneratzea. Azpimarra, ordea, Start-upak sustatzeko Foru Arauan jarri du. “Gure araudian moldaketak txertatzera goaz ekintzailetasuna are erakargarriagoa egiteko eta esparru honi bultzada berria emateko”, esan du.
Azaldu duenez, aldaketak subjektu fisiko zein juridikoentzako aurreikusten ditu pizgarriak, Pertsona Fisikoen gaineko Zergan (PFEZ) eta Sozietateen gaineko Zergan hain zuzen. “Ditugun hobariak berrantolatzera goaz, dauden bideak zabaldu eta berriak irekitzera”, esan du Larrañagak. Gainera, azaldu duenez, benchmarking ariketa ere egiten ari da foru Ogasuna nazioarteko esperientzia aurreratuenak inportatzeko aukerak aztertuz: “Zehazki Erresuma Batuko araudiaren hainbat puntu gurera ekartzeko aukerak begiratzen ari gara, oso legedi aurreratua baitute start-upen sustapenari dagokionean”.
Pasa den urtekoari erreparatuz, foru diputatuak 2016an onartutako araudiari errepasoa egin dio. Zerga iruzurrari aurre egin eta lehiakortasun librea bermatzeko neurriak aipatu ditu, tartean Gipuzkoako araudia nazioarteko araudiarekin lerrokatzea edota zordunen zerrenda argitaratzea kasu. Bestalde, enpresak lurraldean sustraitzeari dagozkion neurriak, euskal zuzenbide zibilari egokitzapena eta langileen parte hartzea sustatzeko foru araua leudeke. Azken honen inguruan, nabarmendu du arrera ona izan duela oso eta badaudela dozena erdi bat enpresa bide hau hartzeko interesa agertu dutenak.
7157