Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoa eta Nafarroa lankidetzan dabiltza ekainaren 30etik aurrera Bidasoa eta Plazaolako bide berdeetatik bizikletaz gidatutako paseoak eskaintzeko

Gipuzkoa eta Nafarroa lankidetzan dabiltza ekainaren 30etik aurrera Bidasoa eta Plazaolako bide berdeetatik bizikletaz gidatutako paseoak eskaintzeko

Gipuzkoako Aldundiak eta Nafarroako Gobernuak lehen aldiz heldu diote elkarrekin bizikleten bide berdeak suspertzeko ekimen honi, turismoa eta mugikortasun iraunkor eta osasungarria bateratuko dituelakoan

2018/06/25

Gipuzkoako Aldundiak eta Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Mugikortasun eta Lurralde Antolamendu eta Turismo Departamentuaren bidez, Endarlatsan programa bateratu bat aurkeztu dute gaur bi lurraldeok partekatzen dituzten Bide Berdeetatik bizikletaz paseo gidatuak egiteko. Gipuzkoan eta Nafarroan Bidasoako bide berdetik eta Plazaolan barrena doazen ibilbide bana dira, edozein adinetarako egokiak, eta 12 eta 36 km arteko luzerak dituzte; aisialdi eta turismo iraunkor eta osasungarria eskaintzen dute, eta hor sartzen da bizikletaren alokairua eta paseo gidatua.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolamenduko diputatuak, Marisol Garmendia sozialistak, eta Nafarroako Gobernuko Ekonomia Garapeneko presidenteordeak, Manu Aierdik, ibilbideetako batean inauguratu dute ekintza hori, Doneztebe-Santesteban eta Behobia lotzen dituen ibilbidean; bertan izan dira, halaber, Maitena Ezkutari Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusia, José Antonio Santano Irungo alkatea eta Miguel Ángel Páez Bidasoa Bizirikeko presidentea.

Marisol Garmendia diputatuak adierazi duen bezala, “Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolamendu departamentuaren iritziz, oso onuragarria da erakundeen arteko lankidetza hau eta bizikleta eta bide berdeak erabiltzearen alde bi lurraldeok elkarrekin egin duten apustua, modu horretan turismo iraunkorra eta tokiko zein eskualdeko ekonomia dinamizatzeko. Zumarragan Gipuzkoako Bide Berdeak Suspertzeari buruzko I. Jardunaldia egin ondoren, bizikleta ibilbide horiek biziberritzeko pauso zehatzak ematen jarraitu dugu bizikleta ibilbide horiek berpizteko, eta Nafarroako Turismo Departamentuak parada ederra eman digu haiek dagoeneko egiten ari direnaren berri izateko. Modu horretan, elkar hartuz eta bitartekoak baliatuz, erakargarriagoak egingo ditugu bide berdeak, eta pertsona gehiagorengana helduko gara”.

 

Administrazioen arteko lankidetza horrek bi lurraldeen arteko paseoak antolatzeko balioko du lehendabiziko aldiz, eta hori Poctefa proiektuko Ederbidearen inguruan dagoeneko dugun harremanari esker egin ahal izan da. Europako finantzaketa duen proiektu horrek mugikortasun handiagoa lortzea du helburu, du, eta hari Pirinio Atlantikoetako Departamendua ere gehitu zaio. Mugaz gaindiko proiektu hauek parada ederra emango dute Iruñea, Donostia eta Baiona 240 kilometroko bizikleten ibilbide baten bitartez lotzeko (horietako 90 sortu berriak) eta, gainera, balioko dute turismo eta aisialdirako zein eguneroko joan-etorrietarako bizikleta bultzatzen duen politika komun bat garatzeko.

Bizikleta paseo gidatuak heldu den ekainaren 30etik urriaren 28ra eskainiko dira, erantsitako programan adierazitako daten arabera, larunbatez eta igandez egitekoak, salbu eta abuztuan, asteazkenean eta ostiralean proposatzen baitira. Prezio orokorra 10 euro izango da pertsona heldu bakoitzeko bizikleta alokairua barnean, eta ekintzen enpresa bakoitzean eman behar da izena. Adingabeen prezioa enpresak ezarriko du kasu bakoitzean, eta eskaintzen dira, halaber, umeentzako bizikletak eta tandema. 

Bidasoako Bide Berdean egingo den ibilbidean, prezioa 15 euro izango da, eta hasierako puntura itzultzea ere sartzen da. Gipuzkoako ibiltarteetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen ditu Behobia eta Doneztebe arteko parte-hartzaileen zein bizikleten lekualdaketak. Gainera, Gipuzkoatik, bizikleta alokairua eta gidari baten kontratazioa ere finantzatuta daude Plazaolako bide berdean, baita ibilaldi bukaerako pintxo-pote ospakizuna ere.

 

Ibilbideak eta harremanetan jartzeko

Gipuzkoatik doazen bi ibilbideak eta zerbitzuak ematen dituzten enpresak ondorengoak dira:

  • Bidasoako Bide Berdea: Doneztebe/Santesteban (Nafarroa)- Behobia (Gipuzkoa), Behobitik atzera itzultzeko motor ibilgailua ere barnean. 6 irteera. Enpresa: BTT Ameztia Zentrua - Harremanetarako:  maribigonzalez@hotmail.com

 

  • Plazaola Bide Berdea - Natur Bidea: (joan-etorria) 4 irteera Gipuzkoan (Leitzaran aldea Andoaindik irtenda (joan-etorria). 6 irteera Nafarroan (Lekunberri-Leitza 4 irteera, eta Leitza-Lekunberri 2 irteera). Irteera horien guztien ondoren, pintxo-potea egingo da. Enpresa: Bizibiziki (Gipuzkoa) - Harremanetarako:  info@leitzaran-andoain.com
  

1874