Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoak emakumezkoen futboleko nazioarteko lehen biltzarra antolatu du

Gipuzkoak emakumezkoen futboleko nazioarteko lehen biltzarra antolatu du

Goizane Álvarez Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako foru diputatuak iragarri duenez, bere departamentua eta Futboleko Gipuzkoako Federazioarekin batera, Emakumeen Futboleko lehen Nazioarteko Kongresua antolatuko dute 2024ko azaroan Gipuzkoan

2023/08/25
Goizane Álvarez kirola emakumezkoen futbola

Goizane Álvarez Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako foru-diputatua


  • Biltzarra 2024ko azaroan egingo da eta  futbolean sexu-indarkeria prebenitzeari buruzko jardunaldi bat egongo da.

  • Goizane Álvarez: "2024ko azaroan, Gipuzkoa emakumezkoen futbolaren nazioarteko hiriburu bihurtuko da"

Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako foru-diputatu Goizane Álvarezek azaldu duenez, bere departamentua, Gipuzkoako Futbol Federazioarekin batera, emakumezkoen futboleko lehen nazioarteko biltzarra antolatzen ari da. Biltzar horretan, besteak beste, honako gai hauek landuko dira: futboleko sexu-indarkeria, indarkeria horren hautematea, eta jokabide sexistak prebenitzeko eta zuzentzeko estrategiak, besteak beste.   

Komunikatu batean, Álvarezek "mugarri historiko" eta "aurrekaririk gabeko" ekitalditzat jo du kongresu hau, eta ziurtatu du, 2024ko azaroan egingo den kongresu honekin, "Gipuzkoa emakumezkoen futbolaren nazioarteko hiriburu bihurtzea" nahi duela. Mundu osoko emakumezkoen futboleko pertsona aipagarriak bilduko ditu deialdi honek, jokalariak, entrenatzaileak, arbitroak, agintariak eta “nazioarteko ospea duten” futboleko beste profesional batzuk.

Horrelako ekitaldiak antolatzea garrantzitsua dela ziurtatu du, hausnartzeko eta prestatzeko balio dutelako, "nazioarteko adituak batzeko eta haien jardunbide egokietatik ikasteko" lanean ari direla azaldu ondoren. Baina, era berean, esan du Biltzarraren xedea dela, kasu honetan, futbolaren munduan sexuen arteko berdintasuna sustatzea, emakumezkoen futbolaren garapena eta hazkundea sustatzea eta emakumeek kirol horretan dituzten erronkei buruzko eztabaida- eta hausnarketa-gune bat eskaintzea.

Programa oraindik itxi gabe dagoen arren, aurreratu du hitzaldietan, mahai-inguruetan eta tailerretan, bere ustez, "funtsezkoak" diren gaiak jorratuko direla, hala nola emakumeek futbolean parte hartzea, kirol-hastapeneko ereduak, kirol praktika bertan behera uztea prebenitzeko estrategiak, soldata-berdintasuna, aukerak izatea, talentua garatzea eta emakumeen futbola komunikabideetan ikusgai jartzea. Gainera, arrakasta-kasuak aurkeztuko dira eta praktika onak partekatuko dira kirol hori mundu osoan heda dadin bultzatzeko.

Bestalde, eskerrak eman nahi izan dizkio Gipuzkoako futbol-presidente Manuel Díazi, Biltzar hau abian jartzeko ematen ari den lankidetzagatik. Azaldu duenez, denbora daramate lanean hizlarien hautaketa "lehen mailakoa" izan dadin, munduko beste eskualde batzuekin ezagutza partekatu ahal izateko eta "futbolean emakumeentzat oztopo diren errealitate, estereotipo eta kode kulturalen" analisi "zintzoan sakontzeko.   

Ildo horretan, adierazi da konbentzituta dagoela "erabateko" berdintasunak narratiba aldatzea eskatzen duela, eta horretarako ikusgarritasuna handitzea beharrezkoa dela emakumeek beren kirol-ibilbidean aurre egin beharreko oztopo, karga eta estereotipoei dagokienez. Bereziki  “garrantzitsutzat" jotzen duen helburu bat dagoela ere esan du: kirol-hastapenaren etapan eta nerabezaroan, uzte-tasa handiena zergatik gertatzen den detektatzea hain zuzen ere.

Azkenik, Manu Díaz Gipuzkoako Futbol Federazioko presidenteak azpimarratu duenez, "Gipuzkoa erreferente historikoa da emakumezkoen futbolari dagokionez, bai tradizioagatik, eta bai Federazioaren eta gure lurraldeko kluben etengabeko apustu estrategikoagatik. Espainian, emakumezkoen lizentzien ehunekoa ez da %10era iristen eta Gipuzkoan aldiz, 100 futbolaritik 20 emakumeak dira. Datu honek Europan tradizio handiena duten herrialdeetatik hurbil jartzen gaitu. 4.500 neskak baino gehiagok jokatzen dute futbolean Gipuzkoan. Guzti honengatik, gaineratu du, kongresu hau "aukera paregabea" da gure futbolari balioa emateko, kiroleko berdintasunean aurrera egiteko eta "kuantitatiboki eta kualitatiboki hobetzen lagunduko diguten" esperientziak ezagutzeko.

  

2685