Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoak eta Euskadik biozientzien aldeko apustu bateratua berretsi dute, etorkizuneko sektore gisa

Gipuzkoak eta Euskadik biozientzien aldeko apustu bateratua berretsi dute, etorkizuneko sektore gisa

Ekosistemaren 100 ordezkari inguruk eremu horren erronkei eta potentzialari buruzko diagnostikoa partekatu dute Foru Aldundiak bultzatutako jardunaldian.

Erakunde, ikerketa zentro, unibertsitate eta enpresetako 100 ordezkari inguru elkartu dira gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako "Etorkizuna Ikusmiran – Biozientzietako erronkak eta errealitateak Gipuzkoan" jardunaldian. Jardunaldiaren helburua da sektore biosanitarioaren joerak eta aukerak ezagutaraztea, etorkizuneko erronken diagnostiko partekatu bat egitea eta lankidetza areagotzea, potentzial ekonomiko, sozial eta asistentzial osoa garatzeko. Topaketa Miramongo Teknologia Parkean egin da, eta agerian utzi du sektorearen hazkundea, EAEn dagoeneko 200 enpresa ari baitira arlo horretan. Guztira 8.000 enplegu kualifikatu sortu dira, eta 2025ean euskal BPGaren % 3 lortzea espero da, medikuntza birsortzailearen, terapia genikoen, diagnostikoetarako gailu medikoen, osasun digitalaren (e-health) edo telemedikuntzaren hazkundeari esker.

Mugarrietako bat Gipuzkoako biozientzien eta osasunaren arloa ebaluatzeko azterlanaren aurkezpena izan da. Azterlan horrek azken 20 urteetan sektore horretan ekintzailetasuna bultzatzeko garatutako politika, programa eta ekintzen eragina aztertzen du, eta Euskadin eta, bereziki Gipuzkoan etengabe hazten ari den ekosistema osatzen duten eragileak egiten ari diren lana jasotzen du.  Ikerketa egiteko, 50 elkarrizketa inguru egin zaizkie lurraldean eragin biosanitarioa duten erakunde nagusietako arduradunei, eta galdetegi bat bidali zaie Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak (SPRIren bidez) finantzatuta BIC Gipuzkoak kudeatzen duen “Txekintek-Ekintzaile” programaren laguntza jasotzen duten enpresa guztiei. 

Markel Olano diputatu nagusia eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagardui izan dira erakundeetako ordezkarien buru. Olanok adierazi duenez, “biozientziak eremu estrategikoa dira etorkizuneko ekonomiaren eraikuntzan, kalitatezko enplegua, garapen teknologikoa eta nazioartekotzea dakartzatelako, baina osasunaren eta ongizatearen ikuspuntutik ere badira funtsezkoak, pertsonen bizitza hobetzen baitute. Hori argi eta garbi ikusi dugu pandemian zehar, ikusi besterik ez dago zein azkar garatu diren txertoak; eta baita gaixotasun batzuen aurkako azken aurkikuntzetan ere, esate baterako, minbiziaren aurkakoak, eta horietako batzuetan Gipuzkoako eta Euskadiko enpresek hartu dute parte”.

Gaineratu duenez, “bere garaian etorkizunera begira izandako ikuspegiak, erakunde arteko eta publiko-pribatu arteko lankidetzak eta sektore honetan egindako inbertsio iraunkor eta irmoak aukera eman dute etorkizun oparoko ekosistema finkatzeko”, baina jauzi kualitatiboa emateko eskatu du, “inbertsio industria bat sendotuz gure start up-ek esparru honetako heltze denborei aurre egin ahal izateko, hazteko eta lehiakorragoak izateko, baina errotzea galdu gabe” edo “eragileen arteko koordinazioa sakontzeko mekanismoak ezarriz, bakoitzaren -erakundeak, teknologia zentroak, ekintzailetza sustatzeko ekosistema, enpresak eta osasun sistema- indargune eta gaitasunetatik abiatuta”.

Ildo horretan, diputatu nagusiak pozik agertu du Etorkizuna Eraikiz ekimenaren GANTT proiektuarekin. Proiektu horren helburua da Gipuzkoa eta Euskadi mundu mailako erreferentzia bihurtzea terapia zelular, geniko eta ARNren garapenean, industriara bideratuta, eta hainbat eragile inplikatzen ditu horretarako (Viralgen eta VIVEbiotech, UPV/EHU, CIC, Mondragón Taldea, Donostialdea ESI edo Biodonostia). Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek iragarritako inbertsio estrategikoen programan 6 milioi euroko zuzkidura aurreikusten duen ekimen hau, bere estrategia zehazteko azken pausoetan dago. “Herrialde mailako proiektu bat da, Gipuzkoatik Euskadirentzat egina. Medikuntza iraultzen ari den eremu horretan abangoardian egoteko behar diren gaitasun guztiak ditugu hemen, eta horien artean dago Osakidetza, punta-puntako osasun sistema berritzaile denez gero. Funtsezko eragilea da”, azpimarratu du.

Bestalde, Gotzone Sagardui sailburuak azaldu du beharrezkoa dela osasunari aplikatutako puntako teknologien garapena bultzatuko duen “habitat onuragarri” bat finkatzea. Euskadik baduela, baina norabide horretan lanean jarraitu behar dela adierazi du. 2021ean, euskal osasun-sistema publikoak, Bio-Ikerketa Sanitarioko Institutuen bidez, 53 euskal enpresarekin aritu zen elkarlanean (Gipuzkoako % 42), guztira 80 proiektutan. Halere, lankidetza publiko-pribatua sustatzen jarraitzea beharrezkoa dela esan du: “Euskal osasun-sistemak bidaide izan behar du, euskal enpresek produktuak eta zerbitzuak gara ditzaten merkatura azkarrago iristeko eta ezagutza eta emaitza horiek gizartera irits daitezen; hori da osasun ikerketaren azken helburua”.

Jardunaldian, sektoreko adituek eta eragileek hartu dute parte, eta sektorearen bilakaera eta ikuspegiak azaldu dituzte. Hala, CIMAko (Nafarroako Unibertsitatea) Ikerketa Traslazionaleko eta Terapia Molekularren Programako zuzendari Antonio Pinedak hitzaldi hau eman du: ‘Estación futuro. Oportunidades y retos de las biociencias’ (Etorkizuna. Biozientzien aukerak eta erronkak).  Carlos Tamayo Gipuzkoako Biozientzien Fundazioko presidenteak Aldundiak eta Kutxa Fundazioak bultzatutako erakundearen jardueraren balantzea egin du. Ondoren, lurraldeko etorkizun handiko lau start up-en ordezkariek -Onena Medicines, Lainomedical, Polimerbio eta Zelula Biopharma-, ‘Etorkizuneko haziak’ solasaldian esku hartu dute, zeinak merkaturako trantsizio prozesua eta patologien hobekuntzan izan duen ardatz.

          Horrez gain, mahai inguru bat ere egin da, ‘Etorkizuna arakatzen’ izenburupean, Basque Health Clustereko zuzendari María Pascual de Zulueta moderatzaile dela, eta hainbat ikuspegitatik heldu zaio arlo horri, honako hauek parte hartuta: Iñigo Atxutegi, Ikerbasqueko zuzendaria; Marta Ferrer, Nafarroako Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko dekanoa; Francisco Blanco, Microliquid enpresako zuzendari nagusia; Aritz Lazkoz, Deneb Medical-eko CEO; Santiago Lozano, Clave Mayor enpresako kide eta funtsen zuzendaria; eta Jorge Aranzabe, Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketako Inbertsioen zuzendaria.

80 milioiko fakturazioa eta 881 lanpostu

Lehen esan bezala, sektoreari buruzko azterlana aurkeztu dute Luisa Pareja egileak eta Leyre Madariaga BICeko zuzendariak, eta hori izan da jardunaldiaren mugarrietako bat. Txostenaren arabera, 2000. urtean hasi zen biozientzien eta osasunaren sektorea Gipuzkoan hedatzen, Eusko Jaurlaritzak Biobasque Estrategia abian jarri zuenean. 2003az geroztik, BIC Gipuzkoak ekintzailetza sustatzen du sektorean, “Txekintek – Ekintzaile” programa bitarteko duela.  Gaur egun, programa horrek laguntzen dituen proiektu guztien % 20 biozientzien eta osasunaren sektorekoak dira, eta horietatik ia % 50ek merkatuan jarduten dute gaur egun. 2003az geroztik, guztira 6,2 milioi inbertitu dira (Gipuzkoako Foru Aldundiak % 50, SPRI Taldeak % 50) 175 proiektutan (35.000 €, batez beste, proiektu bakoitzeko), eta horietatik 70 abian daude. Eragin ekonomikoari dagokionez, programak sektorean inbertitutako euro bakoitzeko, enpresek 40,5 euro jaso dituzte finantzaketan.

          2021ean, programak lagundutako enpresek 80 milioi euroko fakturazioa lortu zuten eta 881 lanpostu zituzten, hau da, 90.805 euroko fakturazioa langile bakoitzeko. Enpresen % 100ek I+Gko euskal sareko zentroren batekin lan egin dute, eta % 85ek osasun sistemarekin ere bai. Enpresa eratzen denetik lehenengo inbertsio txandara arte, batez beste, 2 urte igarotzen dira, eta lehen salmentara arte, 4 urte; hau da, beste sektore tradizionalagoekin alderatuta, halako bi. Erregistratutako enpresen % 80k eskatu eta emandako patente 1 eta 3 artean dituzte, edo enpresa sekretua du.

         

Gipuzkoak ibilbide luzea egin du gailu medikoen sektorean, eta BIC Gipuzkoak lagundutako biozientzien eta osasunaren arloko enpresen % 35 adar horretakoak dira. Hori lurraldearen industria indarrari zor zaio; izan ere, industria arloko enpresa asko dibertsifikatu egin dira eta sektore tradizionaletatik osasun sektorera igaro dira. Pisu handiena duen hurrengo adarra osasun digitala da (% 19), eta, ondoren, konposatuen garapena (% 17).

Biozientziak Fundazioaren lanak ere nabarmen lagundu du Gipuzkoan erreferentziazko ekosistema bat sendotzen, 12 start up-en ibilbidea babestu baitu, 3,58 milioi euroko zuzkidura ekonomikoa jarrita, eta zuzeneko 88 lanpostu sortu dira. Aipatzekoa da, halaber, lurraldeko teknologia parkeek erreferentziazko espazio gisa duten zeregina: sektoreko 34 enpresa daude parkeetan, guztira 172,685 milioiko fakturazioa dute eta 587 langile ari dira bertan.  Era berean, Basque Health Clusterreko enpresen % 60,44 Gipuzkoakoak dira, eta horrek agerian uzten du sektoreak lurraldean duen pisua.

 

Azterlanak EAEko datuak ere ematen ditu, non bioteknologiarekin lotutako jardueretan barneko I+Gko gastua 126,6 milioira igo baitzen 2020an, 2019an baino % 2,6 gehiago, hau da, barneko I+Gko guztizko gastuaren % 8,5. Gaur egun, bio-osasunaren sektorean 200 euskal enpresa inguru daude eta 8.000 profesional baino gehiago ari dira lanean, guztiak ere espezializazio eta profesionalizazio maila handia dutenak. Horietatik 50 enpresa, medikuntzako produktuen enpresak dira (% 33); 33, enpresa bioteknologikoak (% 22); 26, sektoreari lotutako zerbitzuetan aritzen dira (% 17); 20 ‘E-Health’ zerbitzuetan (% 13); 16 ‘HealthCare’ eremuan (% 10); eta 13 farmaziako sektorean (% 8). Enpresa bioteknologikoen kopuruaren arabera, Euskadi laugarren postuan dago estatu mailan; I+Gri dagokionez, hirugarren postuan; eta zortzigarren potentzia da munduan bioteknologiako ekoizpen zientifikoan.

Erronkak

Azterlanak, halaber, sektorea garatzeko erronka batzuk aipatzen ditu, hala nola “osasun sistemako datuak eskuratzeko aukera, laginez gain, eta osasun sistema publikoarekiko koordinazioa, sektoreko start-up-ekin saiakuntza aurreklinikoak, klinikoak eta baliozkotzeak egiteko orduan; kapital intentsitate handiagoa, heltze aldi luzeen ondorioz, ikerketa lerroetan eta etorkizuneko ildoetan anbizio handiagoa ahalbidetzeko; eta ikusgarritasun handiagoa ematea dagoeneko abian dauden proiektuei, hazkundea eta talentua sortzen jarraitzeko”. 

  

3298