Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoak 4.634,9 milioi euro bildu zituen 2020 urtean, aurreko urtean baino 389,2 milioi gutxiago

Gipuzkoak 4.634,9 milioi euro bildu zituen 2020 urtean, aurreko urtean baino 389,2 milioi gutxiago

COVID-19 gaitzaren krisiak eraginda, foru Ogasunak %7,7 gutxiago jaso zuen. Beherakada batez ere kontsumoaren arloan jazo zen.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza departamentuak 4.634,9 milioi euro bildu zituen 2020 urtean. Itxiera honekin, foru erakundeak 2019 urtean baino 389,2 milioi euro gutxiago jaso zituen (-%7,7), eta 2020ko aurrekontua egiteko egindako aurreikuspenetan baino 502,4 miloi gutxiago (-%9,8). Eider Mendoza foru bozeramaileak azaldu duenez, beherakada COVID-19 gaitzaren pandemiak izandako inpaktu ekonomikoaren ondorio zuzena da. Hala ere, jaitsiera hasiera batean aurreikusi zena baino txikiagoa da, batez ere bi faktorerengatik: 2019 urtea oso ona izan zen, eta bere eragina oraindik ere sentitu da 2020 urtean, esaterako Errenta kanpainan aurreko urtea zergapetzen delako; eta, bestetik, bigarren seihilekoan ekonomiaren jaitsiera ez da espero zen bezain handia izan.

          Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, astero bezala, Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien eta landu diren gaien berri emateko, eta agerraldi honetan eman ditu ezagutzera zerga bilketari buruzko datu hauek. Gogoratu duenez, urteko behin betiko likidazioa otsailaren erdialdera egiten den Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan egiten da. “Orduan zehaztuko da 2020 urtean jasotako baliabide hauek guztiak nola banatzen diren Erkidegoko eta gure lurraldeko erakunde maila ezberdinen artean”, azaldu du foru bozeramaileak.

“Zifra hauek mahai gainean jarrita, ikusten dena da COVID-19 gaitzak eragin duen krisiak sekulako inpaktua izan duela gure zerga bilketan. Aurrekontuan aurreikusi genituenak baino 500 milioi jaso ditugu, eta hori ez da edonolakoa. Hala ere, ondo erantzun ahal izan diogu beherakada honi: apirilean, krisia iritsi zenean, aurrekontuan egin genituen egokitzapenei esker; eta irailean, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan erdietsi genuen akordioari esker, honek 2020 urtean defizit ahalmena eman baitzigun”, gogoratu du Mendozak.

Hala ere, hasiera batean aurreikusi zena baino txikiagoa izan da jaitsiera zerga bilketan, eta alde honetatik, Mendozak esan du “albiste pozgarria” del: “Izan ere, zerga bilketa errealitate sozioekonomikoaren isla zuzena da, eta jaitsiera ez bada hain handia izan, esan nahi du jarduera ekonomikoak eta lan merkatuak eutsi egin diotela”. Honen atzean dauden arrazoiak bi dira: alde batetik, “oso ona” izan zen 2019 urteari dagozkion zergak ordaindu direla 2020 urtean, esaterako Errenta kanpainan, non inoizko emaitzarik onena lortu zuen Gipuzkoako foru Ogasunak. Bestetik, bigarren seihilekoan jarduera ekonomikoa espero zen bezain beste ez jaitsi izan. Azken puntu honetan, Mendozak gogoratu du pasa den astean ezagutarazi ziren enpresen salmentei buruzko azaroko datuak COVID-19 gaitzaren krisia hasi zenetik onena izan direla.

          Zerga nagusiei erreparatuta, krisiak gehien kolpatu duen arloa kontsumoa izan da eta, ondorioz, Balio Erantsiaren gaineko Zergan (BEZ) sentitu da gehien beherakada: %14,1 jaitsi da zerga bilketa, ia 200 milioi euroko murrizketa. Emaitza negatiboa izan du baita ere Sozietateen gaineko Zergak, kasu honetan bi arrazoirengatik: alde batetik, itzulketetan eman den hazkundea, foru Ogasunak jarduera ekonomikoari laguntzeko parte izan dena; eta bestetik, COVID-19aren krisiak sarreretan eragin duen beherakada. Azkenik, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergak (PFEZ) positiboan itxi du urtea. Hemen eragina izan duten faktoreen artean, inoizko Errenta kanpainarik onena aipatu behar da, eta baita ere lan atxikipenak positiboan mantendu izana, lan merkatuak krisiari eutsi egin dion seinale.

          Aurrera begira, Mendozak esan du “zuhurtzia” dela Gipuzkoako Foru Aldundiak 2021 urtera begira duen maxima. “Ziurgabetasunak inoiz baino handiagoak dira, bai pandemiari dagozkionak, bai ekonomiari orokorrean eragiten diotenak. Gainera, kontutan izan behar da 2020 urtean alde izan genuena, 2021 honetan kontra izango dugula: 2019 urtea oso ona izan zen, 2020 urtea ez ordea, eta horrek eragin zuzena izango du gure aurtengo zerga bilketan. Hori dela eta, kanpaina nagusiak ez dira azken urtekoak bezain onak izango”, azpimarratu du Mendozak.

 

Egoitzetako formakuntza plana

Bestalde, Eider Mendozak iragarri du Aldundia Gipuzkoako adinekoen egoitzei zuzendutako Prestakuntza Plan Integrala zabaltzen ari dela eta ziklo berria urtarrilaren 28an hasiko dela. Lurraldeko Gizarte Politiketarako martxoan aktibatu zen Txoke Planaren barruan kokatuta, "prestakuntza giltzarrietako bat izan da egoitzetako pandemiari aurre egiteko orduan; horregatik, gure esku dauden tresna guztiak eskaintzen jarraitzen dugu zentroetan lan egiten duten talde profesionalei", esan du bozeramaileak.

Gizarte Politikako Sailak Matia Fundazioarekin elkarlanean antolatu ditu saio berriak, COVID-19 gaitzaren garaian pertsonen ongizatea sustatzeko, bai egoitza-zentroetan bizi direnena, bai bertan lan egiten dutenena. Heziketa ziklo berria hau online egingo da, eta hainbat gai jorratuko dira bertan, gogoeta bateratua, jardunbide egokiak eta esperientzia partekatuak oinarri hartuta. Hala, zainketen arloko erreferentziazko profesionalek honako gai hauek jorratuko dituzte: egunerokotasuna COVID-19ren garaian, eskubideen sustapena eta bermea, egungo testuinguruan bizi-amaiera ona lortzeko bidean, eta ongizatea sustatzea garapen profesionaletik abiatuta.

 

Gizarte politikako partea

Azkenik, eta astero bezala, COVID-19 gaitzak Aldundiaren gizarte politikako baliabideetan izaten ari den eragina eguneratuko du bozeramaileak. Adinekoen egoitzetan, 66 positibo daude erabiltzaileen artean, 8 egoitza ezberdinetan: 1 Donostiako Hermano Garate – San Ignacio egoitzan, 2 Hondarribiko San Gabrielen, 13 Irungo Gurutze Gorrian, 15 Donostiako Berminghamen, 26 Aretxabaleta Debagoienan, 6 Irungo Inmaculadan, 2 Oñatiko San Martinen eta 1 Zumaiako Otezurin. Hauetatik 32 Eibarko Ospitaleko planta sozialean eta Ordiziako San Jose erreferentzia zentroan daude; zentro hauetan artatzen dira COVID-19 gaitzagatik positibo eman duten egoitzetako erabiltzaileak. Helburua da egoitzetatik kasu positiboak ateratzea, kutsatze arriskua murriztu eta bisitak egiten jarraitu ahal izateko. Abuztuaren 11tik hona 150 egoiliar zendu dira, eta 604 sendatu.

Adinekoen egoitzetako langileen kasuan, egun 58 langile daude diagnostiko positiboarekin, 25 egoitza ezberdinetan. Guztira, 503 langile sendatu dira abuztutik hona. Eguneko zentroetan azken astean 5 positibo berri atzeman dira, eta desgaitasuna dutenei arreta ematen zaion baliabide sarean beste kasu bat. Gizarte inklusioan ez da positiborik izan, eta adingabeen sarean ere ez. Azkenik, egindako PCR probei dagokionean, Aldundiak, DYAko profesionalekin elkarlanean, 91.110 proba egin ditu, pasa den astean 4.880 egoiliarren eta langileen artean.

  

2103