Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoak, Arabak eta Bizkaiak larrialdi-zerbitzuen koordinazioa indartu dute eremu mugakideetan eraginkortasunez erantzuteko

Gipuzkoak, Arabak eta Bizkaiak larrialdi-zerbitzuen koordinazioa indartu dute eremu mugakideetan eraginkortasunez erantzuteko

Hiru Foru Aldundiek akordioa berritu dute mugakide diren eremuetan suteetan, salbamenduetan eta merkatugai arriskutsuekin gertatzen diren gertakarietan euren bitartekoen eta langileen mobilizazioa eta esku-hartzea koordinatzeko.

2024/02/19
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiek akordioa berritu dute hiru lurraldeetako eremu mugakideetan Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuen (PSSZ) mobilizazioa eta esku-hartzea koordinatzeko eta larrialdi-egoeretan arreta hobea emateko. Kontuan hartuta erantzuteko denbora erabakigarria dela artatu beharreko larrialdietan gerta daitezkeen kalteak gutxitzeko, hiru foru erakundeek uste dute interes publikoak modu koordinatuan jokatzea gomendatzen duela hiru lurraldeen mugakide diren eremuetan gertatzen diren ezbeharrei berehala erantzuteko, eta akordio berrituak helburu hori lortzen laguntzen du.

Irune Berasaluze, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza diputatuak; Jone Berriozabal, Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantza diputatua eta Ager Izagirre, Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatuak; hitzarmen berria sinatu dute astelehen honetan Iurretako Suhiltzaileen Parkean. Hitzarmen honen helburua erakundeen arteko lankidetza sustatzea da, batez ere erantzunaren bizkortasuna funtsezkoa den ezbeharretan biktimei lagundu ahal izateko edo gertuen dauden suhiltzaileen jarduera bizkorrari esker egoera larriei ahalik eta denbora laburrenean erantzuteko. Egoerak hauek dira:

  •  Suteak hiriguneetan edo landa-guneetan dauden erabilera desberdineko eraikinetan, mota guztietako industria eta garraiobideetan.
  •  Salbamenduak, bai trafikoarekin zerikusia dutenak, bai biktimak erreskatatzea eskatzen dutenak, eta euren bizitzarako benetako arriskua duten pertsonei laguntzea.
  •  Gai arriskutsuak, garraioko istripuei dagokienez, baita ihesei, isurketei edo presio- eta tenperatura-arazoei dagokienez ere.

Hiru foru aldundiek euren baliabide teknikoak eta giza baliabideak batuko dituzte eremu mugakideetan gertatzen diren horrelako egoeretan jarduteko.

 

SOS Deiaken bidez koordinatuak

Hitzarmenak jasotzen duenarekin bat, zerbitzu batek beste baten lurraldean esku hartu behar duen bakoitzean SOS Deiak Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak bi zerbitzuei jakinaraziko die aldi berean, eta biak berehala irtengo dira. Ildo horretatik foru-parkeek beste lurralde historikoetako udalerri mugakideetan eta auzoetan gertatutako ezbeharrengatiko larrialdiko deiei erantzungo diete. Esku-hartze horiek osagarriak izango dira eta ezbeharra gertatu den

lurraldeko foru-parkeko kideak bertaratu ondoren, horiek izango dira operatiboaren agintea eta erantzukizuna euren gain hartuko dutenak eta, intzidentziaren tamainaren eta garrantziaren arabera, aldameneko lurraldetik mugitutako zuzkidurak edo zuzkidurek laguntzen jarraitu behar duten edo alde egin dezaketen erabakiko dute.

Lankidetza-hitzarmenak, halaber, hiru foru aldundiek datu-baseak, dokumentazio grafikoa, larrialdi-planak eta hitzarmenaren eraginpeko eremuetan hobeto jarduteko garrantzitsua den beste edozein informazio trukatzea aurreikusten du. Era berean, erakunde bakoitzeko ordezkariek osatutako jarraipen batzordea ezarriko da, akordioa behar bezala gauzatzen dela bermatzeko eta inplikatutako alderdi guztien arteko lankidetza etengabea eta eraginkorra sustatzeko.

 

2023an ehun esku-hartze baino gehiago

2023an zehar Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuek (PSSZ) 112 esku-hartze egin zituzten inguruko eremuetan. Oro har esku-hartze gehienak trafiko-istripuetan, mendiko erreskateetan eta suteetan (egiturak eta/edo ibilgailuak) gertatu ziren.

Zerbitzuen arabera: Arabako foru suhiltzaileek iaz 64 irteera egin zituzten euren lurraldetik kanpo: 56 irteera Bizkaira eta 8 irteera Gipuzkoara.

Bizkaiko suhiltzaileek guztira 21 irteera egin zituzten Bizkaitik kanpo: 14 Araban eta 7 Gipuzkoan.

Beste alde batetik, Gipuzkoako suhiltzaileen foru-zerbitzuak 27 esku-hartze egin zituen iaz bere lurraldetik kanpo: 24 Bizkaian eta 3 Araban.

Akordio honek lau urteko indarraldia eta urte bateko luzapen automatikoak ditu, gehienez ere lau urte bete arte, eta hiru foru-aldundiek segurtasun eta babes zibilaren arloan duten konpromisoa indartzen du. Hiru foru-aldundiek elkarrekin 2017an harpidetu zuten lehen aldiz hitzarmen hau eta oraingo berritze eta berrestea beste urrats bat da Euskadiko larrialdi-egoeretan erantzun koordinatua eta eraginkorra lortzeko bidean.

  

1372