Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoak aurreakordio bat lortu du Bizkaiarekin

Gipuzkoak aurreakordio bat lortu du Bizkaiarekin

Hondakin guztien tratamendua bermatzen da Zubietako Ingurumen Gunea abian jarri arte

2018/06/07

José Ignacio Asensio: “Akordio honi esker, Gipuzkoak zuen ziurgabetasuna amaitu da eta gure hondakinen kudeaketa bermatuta gelditzen da Gipuzkoako Ingurumen Gunea abian jarri bitartean”.

 

Bizkaiko eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak aurreakordio bat lortu dute, eta horri esker Gipuzkoako hondakinen zati bat Bizkaian tratatuko da, Zubietako Ingurumen Guneko azpiegituren eraikuntza amaitu bitartean, hau da, aurreikuspenen arabera, 2019ko udazkenean bete-betean lanean hasi bitartean. Lortutako akordio hori hitzarmen batean jasoko da eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren onarpenera jarriko da. Hitzarmena 2018an eta 2019an egongo da indarrean, eta epe hori luzagarria izango da alderdiren batek salatu ezean. Konponbide horri esker, Gipuzkoak bermatuta izango du birziklagarria ez den hondakinaren %100aren tratamendua.

 

Gaur egun, Gipuzkoak 320.000 tona hondakin sortzen ditu. %53a gaika biltzen da eta birziklatze plantetara eramaten da; beste %47a, 160.000 tona inguru, zabortegietara eramaten da GIGko azpiegiturak prest izan arte. Birziklagarria ez den errefus horretarako behin-behineko konponbideak bilatu behar izan ditu Ingurumen Departamentuak, lehenik Meruelon (Kantabria) eta, gero, Mutiloan. Xede horretarako deitutako lehiaketa publikoan, Mutiloako Lurpe zabortegian urteko 102.000 tonako bolumena eskaini zen, bi urtez; baina, Kantabriarekin sinatutako akordioa amaitu zenean, kopuru hori ez zen nahikoa.

 

Birziklagarriak ez diren Gipuzkoako hondakinen %100 tratatzea ahalbidetuko duen konponbidearen lehen zatia izango da Mutiloako kontratua handitzea eta ondoren luzatzea. Hala ere, ez da nahikoa Gipuzkoako beharrei erantzuteko, eta Bizkaiara bidali beharko dira 20.000 tona 2018an eta 25.000 tona 2019an. Mutiloako kontratua handituz eta luzatuz, eta, aurreikusita dagoen moduan, Zubietako tratamendu mekaniko biologikoko planta datorren udaberrian martxan jarriz, nabarmen murriztu ahal izan dira hasieran aurreikusitako premiak.

 

Bizkaiarekin lortutako aurreakordioan, bi aldi bereizten dira. Lehenengoa, aurtengo irailetik abenduaren 31ra artekoa izango da; lau hilabete horietan, Bizkaiak aukera emango dio Gipuzkoari astean 1.300 tona tratatzeko, guztira gutxienez 20.000 eta gehienez 25.000 tona izango direlarik. Bigarren aldiak 2019. urte osoa hartuko du, eta gutxienez 25.000 eta gehienez 60.000 tona tratatzeko aukera izango du, urte osorako.  Era berean, aurreikusten da Bizkaian antzeko egoeraren bat gertatuz gero, hau da, lurraldean bertan bere hondakinak tratratzeko aukerarik izango ez balu, Kontsortzioak elkarrekikotasun printzipio berarekin jokatuko lukeela, baldin eta araudiak hori egiten uzten badu.

 

Prezioari dagokionez ere, lehen aipatutako bi aldiak bereizten dira. Horrela, bada, 2018an, ulertzen da Gipuzkoako hondakinak aldez aurretik tratatu gabe iritsiko direla, eta horrek ekarriko duela Bizkaiak bere kudeaketa fluxuak aldatu beharra. Hori dela eta, gaur egun indarrean dagoen 119 €/tonako prezio publikoari 15,54 euro gehitu beharko zaizkio. 2019rako, aldiz, aurreikusita dago Gipuzkoako hiri hondakin solidoen zati bat Zubietako tratamendu mekaniko biologikoko plantan aurretratamendua jaso ondoren bidaltzea, eta kasu horretan lurraldean indarrean dagoen prezio publikoa bakarrik ordainduko da.

 

Hitzarmena indarrean egongo da 2019ko abenduaren 31 arte, eta, alderdiek adostuz gero, lau urtez luzatu ahal izango da.

 

Lortutako konponbide honek Gipuzkoako Ingurumen Gunea abian jarri bitartean beharrezkoa den estaldura, berme tekniko zein juridikoak eta malgutasuna eskaintzen du. Horregatik, José Ingacio Asensio Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko Presidenteak, hitzarmenaren proposamena Kontsortzioaren Batzarrera eramango du.

 

  

1300