Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoak ekonomia zirkularra bultzatzen du gure lurraldeko elikadura-sektorean

Gipuzkoak ekonomia zirkularra bultzatzen du gure lurraldeko elikadura-sektorean

Aldundiak eta Basque Culinary Center-ek hitzarmena sinatu dute “Lurraldeko arketipoaren azterketa” proiektuaren garapenaren bidez hondakinak murrizteko.

2021/06/28

José Ignacio Asensio: “Elikagaiak xahutzearen erronkari aurre egiteko, sortzen dugun hondakin kopurua murriztu behar dugu, produktuak berrerabiltzea eta birziklatzea sustatu behar ditugu, hondakin edo zabor bihur ez daitezen”.

Aizega: “Hitzarmen honen bidez, iraunkortasunarekin dugun konpromisoa berresten dugu, jarduera-ardatz estrategiko gisa eta lurraldearekin dugun konpromisoa. Gure elikadurarekin eta elikagaien hondakinarekin lotutako azterketa-eremuak aktibatzea funtsezkoa da Gipuzkoan eragina duten jarduera espezifikoak kontzientziatzeko eta diseinatzeko”.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eta Joxe Mari Aizega Basque Culinary Center-eko zuzendari nagusiak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute “lurraldeko arketipoaren azterketari” buruzko proiektu bat gauzatzeko, Gipuzkoako elikadura-sistemaren zirkularitaterako trantsizioaren buru izan dadin, sukaldaritzaren sektorea aldaketaren eragile gisa hartuta. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak eta Basque Culinary Center-ek iraunkortasunari buruzko jardunaldia egingo dute nazioartean, azaroan egingo den Europako Iraunkortasun Astearen barruan.

Ekimen honek jarraipena du aurreko urtekoekin; izan ere, Basque Culinary Center-ek urteak daramatza elikagaien xahutzea lantzen, BCC Innovation gastronomiako zentro teknologiko sektorialaren bidez, eta, gainera, erreferentzia pedagogikoa da lurraldeko gastronomian. Ekintza horren helburua da Gipuzkoako elikadura-sistemari buruzko ezagutza zabaltzen jarraitzea eta gure lurraldeko elikadura-sektorearen ekonomia zirkularra lortzeko ekintzak identifikatzea. Jarduera horiek egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak 30.000 euro bideratuko ditu.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak, 2019-2030eko Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integralean, Gipuzkoan sortutako hiri-hondakinen kudeaketa hobetzeko hainbat ekintza aurreikusten ditu. Ekintza horien bidez, besteak beste, herritarrak sentsibilizatzeko kanpainak egin nahi dira, etxean eta ostalaritzako establezimenduetan elikagaiak ez xahutzeko, ostalaritzako sektoretik datozen elikagaiak bildu eta banatzeko sarea bultzatzeko eta elikagai-soberakinak sortu eta prebenitzeko adierazleen jarraipena egiteko.

Sukaldaritza da tokiko ekonomia- eta lan-motor garrantzitsuenetako bat, baina, horrez gain, ingurumen-inpaktu handia, baliabide-kontsumo handia eta hondakinen sorrera handia ditu. Hori dela eta, Asensiok sukaldaritza iraunkorrerantz aurrera egiteko beharra azpimarratu du: “Elikagai-hondakinen erronkari aurre egiteko, sortzen dugun hondakin-kopurua murriztu behar dugu, produktuak berrerabiltzea eta birziklatzea sustatu behar ditugu, hondakin edo zabor bihur ez daitezen”.

Joxe Mari Aizegak adierazi duenez, “hitzarmen honen bidez, iraunkortasunarekin dugun konpromisoa berresten dugu, jarduera-ardatz estrategiko gisa eta lurraldearekin dugun konpromisoa. Gure elikadurarekin eta elikagaien hondakinarekin lotutako azterketa-eremuak aktibatzea funtsezkoa da Gipuzkoan eragina duten jarduera espezifikoak kontzientziatzeko eta diseinatzeko”.

 

Gaur egungo elikadura-sistemak ez dira jasangarriak, kontsumorako baino ekoizpen-tasa txikiagoa duten baliabideak erabiltzen direlako, eta uraren % 70, berotegi-efektua eragiten duten emisioen % 30 eta arrantzaren gehiegizko ustiapena eragiten dituzte.

  

1669