Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoak elektromugikortasuna sustatzen du karga publikoko sarean 21 puntu berrirekin

Gipuzkoak elektromugikortasuna sustatzen du karga publikoko sarean 21 puntu berrirekin

Hauekin, Gipuzkoako karga publikoko sarea osatzen duten kargatze-puntuak 48 izango dira.

2023/09/18
Argitu

Era berean, energiaren arloko sentsibilizazioa eta zabalkundea indartuko dira, Argitu programako 51 tailer berri eginez 33 udalerritan. Tailerrak irailaren 20an hasi eta abenduaren 12an amaituko dira.

José Ignacio Asensio:

  • "Energia eta mugikortasuna funtsezko bi elementu dira gure lurraldearen bidezko trantsizio ekologikoan, gure lurraldeko isurketen ia % 70 horietatik baitatoz".

  • "Energia premia-premiazko ondasuna da, eta administrazioek alternatiba sozial bat eskaini behar dute, familiei prezioen igoeraren eragina murrizteko".

 

Gipuzkoa energiaren eta elektromugikortasunaren arloan aurrerapausoak ematen ari da Europak ezarritako "Fit for 55" helbururako bidean, isurketak % 55 murrizteko 2030. urtea baino lehen. Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensiok gaur goizean prentsaurrekoan gogorarazi duenez, "energia eta mugikortasuna funtsezko bi elementu dira gure lurraldearen bidezko trantsizio ekologikoan, isurketen ia % 70 horietatik baitatoz". Era berean, gogorarazi du eraginkortasun energetikoa, berriztagarriak eta elektromugikortasuna oinarri-oinarrizko elementuak direla Europak 2030a baino lehen isurketak murrizteko ezarritako "Fit for 55" helburuan.

Birkarga publikoko sarea handitzea

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 21 puntu gehiago jarri ditu auto elektrikoentzako karga publikoko sarean. Karga gune berriak 9 foru eraikinetan jarriko dira, eta Aldundiaren beraren ibilgailuek, langileek zein herritarrek erabili ahal izango dituzte. Kargatzeko toki berriak eraikin hauetan jarriko dira: Fraisoroko laborategia, Uliazpi Fraisoro, Txara II eraikina, Batzar Nagusiak, Ogasuneko eraikina, Uliazpi Donostia, Zarauzko aterpetxea, Hondarribiko aterpetxea eta Hernaniko Etorlur.

Puntu berri horiekin, 48 karga puntuk osatuko dute Gipuzkoako karga sare publikoa. Orain arte, Tolosaldeko eta Goierriko 21 udalerritan dauden 27 karga gunek osatzen zuten sarea. Udalerri horietan, karga % 100 berriztagarria da, eta 0 kilometrokoa, udalerrietako energia komunitateak hornitzen baititu.

Herritarrek ZUNDER aplikazio mugikorraren bidez egin ahal izango dute kargatzeko zutoinen jarraipena eta haien egoera kontsultatu ahal izango dute; foru diputatuak ere gogorarazi duenez, "Naturklimako eraldaketa komunitarioko bulegoak birkarga puntuak monitorizatuko ditu, gure lurraldean elektromugikortasunean aurrera egiten jarraitu ahal izateko".

Argitu 2023 udazkeneko tailerrak

Foru diputatuak eta Garbiñe Olaberria Ingurumen teknikariak Gipuzkoa Argitu 2023 udazkeneko programazio berria aurkeztu dute gaur goizean; programa horren helburua da bidezko trantsizio energetikoa sustatzea, Gipuzkoako herritarren mesedetan, eta Energia Eraldatzeko Gipuzkoako Bulegoak sustatuko dituen jardueren artean dago. Bulegoa Europar Batasuneko Next Generation EB funtsen bidez finantzatzen da, zeinak Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak  kudeatzen dituen, Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana betez.  Argitu tailerrek zenbait aukera eskaintzen ditu etxeetako energia kontsumoa murrizteko eta energiaren prezioen igoerari aurre egiteko, batez ere gizarte talde zaurgarrienetan. Irailaren 20tik abenduaren 12ra, 51 tailer praktiko egingo dira Gipuzkoako 33 udalerritan, eta parte hartzen duten pertsonei aholkuak emango zaizkie kontsumoa haien beharretara egokitzeko eta energia gastua eta fakturaren zenbatekoa jaisteko. Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak azpimarratu duenez, "energia premia-premiazko ondasuna da, eta administrazioek alternatiba sozial bat eskaini behar dute, prezioen igoerak familietan duen eragina murrizteko".

Foru arduradunak gogorarazi duenez, 2022an argiaren faktura % 30 baino gehiago igo zen 2021arekin alderatuta, eta ezinbestekoa da era guztietako prestakuntza saioak, pizgarriak eta gomendioak eskaintzea «prezioen igoeraren inpaktua minimizatzen saiatzeko eta herritarrei energia eraginkortasun handiagoa lortzen eta energia berriztagarrien aukera berriak ezagutzen laguntzeko, hala nola energia komunitateak: «autokontsumo partekatua eta energia berriztagarriak dira aukerarik onena egungo energia egoeraren aurrean», adierazi du Jasangarritasuneko diputatuak, «energia garbien kuota handitzeaz gain, argiaren faktura % 20 eta % 30 artean merkatzea ahalbidetzen dute».

2023ko udazkenean, aurrez aurreko 51 saio egingo dira Gipuzkoan, 33 udalerritan. Bost tailer emango dira:

•           Erosotasuna galdu gabe energia efizientziaz erabiliz energia eta dirua aurrezteko gomendioak ezagutarazteko tailerra.

•           Energia kontsumoa merkatuko tarifa elektriko berrietara nola egokitu jakiteko tailerra, bereziki interesgarria da gaur egungo merkatu aldakorrean.

•           “Energia berriztagarriak etxebizitzetan” tailerra, etxebizitzetan energia berriztagarriak instalatzeko aukeraren berri emateko.

•           Energia komunitateei buruzko tailerra, autokontsumorako alternatiba bat eskainiz, eraikin publikoen estalkietan kokatutako instalazio fotovoltaikoetan oinarrituta.

•           "Berokuntza sistemak" tailer espezifikoa.

2023ko udazkeneko Argitu programazioaren osagarri, Gipuzkoako lanbide heziketako sei ikastetxetan prestakuntza saioak eskainiko dira, "Mendekotasun-egoeran dauden pertsonentzako arreta" erdi mailako gradua egiten ari diren ikasleak behar bezala prestatzeko, etorkizunean zaintzapean izango dituzten pertsonen etxeen efizientziaz eta optimizazio energetikoaz arduratu daitezen; zehazki, ikastetxe hauetan eskainiko dira prestakuntza saioak:  Easo Politeknikoa LHII (Donostia), Izarraitz Lanbide Heziketa (Azkoitia), Aretxabaleta Lanbide Eskola LHII (Aretxabaleta), Meka Lanbide Eskola LHII (Elgoibar), Plaiaundi BHI (Irun) eta Inmakulada Lanbide Eskola (Tolosa).

  

1790