Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoak elikagaien ekoizpen jasangarriko ereduak bultzatzen ditu

Gipuzkoak elikagaien ekoizpen jasangarriko ereduak bultzatzen ditu

Ingurumeneko Departamentuak eta Basque Culinary Center Fundazioak 63.840 euroko lankidetza hitzarmena sinatu dute, Gipuzkoako lurraldeko elikadura eredua ezagutzera emateko, eta Europako jasangarritasun estrategien barruan sartzeko moduko ekoizpen eta kontsumo eredu jasangarriago batera igarotzeko jarraibideak ezarri ahal izateko.

2022/04/05

Jose Ignacio Asensio: «Gipuzkoa nazioarteko erreferentea da gastronomian, eta Europako Itun Berdearen eta "Baserritik mahaira» estrategiaren ildotik, sektore gastronomikoan dugun lidergoa indartu nahi dugu, baita ekoizpen eredu jasangarriagoa lortzeko trantsizioan ere».

Jose Mari Aizega: «Murgilduta gauden testuingurua dela eta, garapen jasangarria eta, zehazki, produktuaren aprobetxamendua sustatuko duten ekimenak aktibatu behar dira, hondakinak ahalik eta gehien murrizteko».

 José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eta Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak  lankidetza hitzarmena sinatu dute Gipuzkoako lurraldearen elikadura eredua ezagutzera emateko, eta Europako jasangarritasun estrategien barruan sartzeko moduko ekoizpen eta kontsumo eredu jasangarriago batera igarotzeko jarraibideak ezarri ahal izateko.Hitzarmena 63.840 eurokoa da, iazkoaren hirukoitza.

Foru diputatuak azpimarratu duenez, elikagaiak alferrik galtzea mundu mailako arazoa da, eta ondorio larriak ditu ekonomian, ingurumenean eta, jakina, gizartean; izan ere, ekoizten diren elikagaien herenak zaborretan amaitzen duen bitartean, munduko biztanleriaren % 9k gosea pairatzen du.

Horregatik, duela urte batzuetatik hona, Ingurumeneko Departamentuak, Hiri Hondakinak Kudeatzeko 2019-2030 Plan Orokorraren barruan, hainbat ekintza garatzen ditu elikagaien xahuketa saihesteko, hauek besteak beste: herritarrak sentsibilizatzeko kanpainak egiten ditu, etxean eta ostalaritza establezimenduetan elikagaiak alferrik ez galtzeko; ostalaritza sektoretik datozen elikagaien soberakinak biltzeko eta banatzeko sare bat sustatu du; eta elikadura soberakinen sorkuntza eta prebentziorako adierazleen jarraipena egiten du.

Asensio foru diputatuak azpimarratu duenez, Gipuzkoa nazioarteko erreferentea da gastronomian, eta Europako Itun Berdearen eta "Baserritik mahaira» estrategiaren ildotik, sektore gastronomikoan dugun lidergoa indartu nahi dugu, baita ekoizpen eredu jasangarriagoa lortzeko trantsizioan ere».

Ildo horretan, Ingurumeneko Departamentuak eta Basque Culinary Center Fundazioak urteak daramatzate elkarrekin lan egiten elikagaien xahuketa murrizteko ahaleginean, BCC Innovation, gastronomiaren teknologia zentro sektorialaren bitartez. Iaz, "Lurraldeko arketipoaren azterketa" izeneko azterketa bat egin zen, zehazki, Gipuzkoako elikadura sistemari buruzko lehen diagnostiko bat, elikadura alorrari begira, eta, 2022an, inbentario bat egin nahi da, alderdi hauek identifikatzeko: Lehenik, elikagaien ekoizpena eta kantitatea (ekoiztutako elikagai motak, kantitateak, ekoizpen metodoak, manufaktura, eta sortutako koproduktuak), Gipuzkoan (0 km) eta lurralde mugakideetan. Bigarren , ekoizpenari eta prozesatzeari lotutako praktika motak eta azkenik, jarduera horietatik sortzen diren hondakinak. 

Proiektu horren azken helburua da, alde batetik, Gipuzkoako elikagaien ekoizpen ereduak identifikatzea eta, bestetik, Gipuzkoako eredu sozioekonomikoari eta elikadura ereduari buruzko inbentarioa egitea, Gipuzkoako elikadura sistemaren zirkulartasunerako trantsizioa gidatzeko. 

Era berean, zehaztu nahi dira elikagai motak eta eskualdean urtero kontsumitutako kopuruak, nondik datozen elikagai horiek, eta baita erosketa puntuen banaketa ere (adibidez, xehekako saltegi handiak, nekazarien merkatuak edo jatetxeak), etorkizuneko ikerketa lerroetan elikadura sistema jasangarri eta zirkular bat diseinatu ahal izateko.

Basque Culinary Center Fundazioko zuzendariak adierazi duenez, "Basque Culinary Centerreko funtsezko ardatzetako bat da kalitatezko elikadura atsegina, jasangarria eta osasungarria sustatzea, gastronomiaren balio-kateari balioa emateko, ekoizleetatik hasi eta jatetxeetaraino. Murgilduta gauden testuingurua dela eta, garapen jasangarria eta, zehazki, produktuaren aprobetxamendua sustatuko duten ekimenak aktibatu behar dira, hondakinak ahalik eta gehien murrizteko. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuarekin urte batzuk daramatzagu elkarlanean ikerketa lerro honetan, eta gastronomiaren balio-kateko maila ezberdinetan aplika daitezkeen emaitzak lortu ditugu." 

Asensio foru diputatuak oso modu positiboan baloratu du lankidetza hori; izan ere, bere ustez, «ikerketa eta ezagutza ezinbestekoak dira elikagaien ekoizpen eredu jasangarriago eta justuago baten jarraibideak definitzeko: hondakin gutxiago sortuko dituen eredu jasangarriago bat, berrerabilpena sustatuko duena, eta elikadura kateari lotutako berotegi-efektuko emisioak murriztuko dituen eredu baten parte izango dena.

 

  

1632