Gipuzkoak etorkizuna lankidetzan eraikitzearen alde egindako apustua aintzat hartu du Europak
Gipuzkoak etorkizuna lankidetzan eraikitzearen alde egindako apustua aintzat hartu du Europak
Markel Olanok Bruselan aurkeztu du Etorkizuna Eraikiz ekimena, eta Europako Batzordeko lehendakariorde Dubravka Šuicak haren balioa nabarmendu du.
Markel Olano diputatu nagusia eta Eider Mendoza Foru Aldundiko borezeramailea
Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkaritza bat, Markel Olano diputatu nagusia buru duela, Bruselan (Belgika) izan da, Europako erakundeen aurrean aurkezteko Etorkizuna Eraikiz ekimena, Gipuzkoan lurraldearen etorkizuneko erronkei lankidetzan erantzuteko egiten ari den apustua. Ekimenak Europako Batzordearen babesa lortu du, eta, Dubravka Šuica lehendakariordea bitartez, onespena eman dio foru erakundea gidatzen ari den apustuari. Europako agintariak Etorkizuna Eraikiz jarri du gizarte berrikuntzaren adibide gisa, eta orain arte lortutako emaitzak proiektuaren potentzialaren adibide argia direla adierazi du.
Aurkezpena Euskadik Europar Batasunean duen ordezkaritzaren egoitzan egin da, eta nazioarteko lehen mailako parte-hartzaileak izan dira bertan, besteak beste, Europar Batasuneko erakundeetako hainbat arlotako arduradunak eta arlo akademikoko adituak. Diputatu nagusiak berak azaldu ditu Etorkizuna Eraikiz ekimenaren jatorria, ibilbidea, egungo egoera eta etorkizuneko urratsak, eta hasteko, Gipuzkoaren deskribapen laburra egin du. “Esan dezakegu Etorkizuna Eraikiz lur emankorrean jaio zela edo, gutxienez, gure lurraldeak bazituela kontuan hartu beharreko hainbat indargune”, eta horien artean nabarmendu ditu lurraldearen izaera industriala, gizarte babeseko sistema, lankidetza publiko-pribatua, Gipuzkoa Eredua deritzonaren indarra, zerga eskumena izatea edo Gipuzkoako euskal nortasuna, besteak beste.
Hala ere, ohartarazi du Gipuzkoak badituela erronka batzuk, Gipuzkoako eredu sozioekonomikoaren jarraitutasuna arriskuan jartzen zutenak eta oraindik ere jartzen jarraitzen dutenak. “Etorkizuna Eraikiz 2016an aurkeztu genion gizarteari, desafekzio politiko gero eta handiagoko nazioarteko testuinguru batean, populismoen eta muturreko ideologien berpizkundearen atarian” gogorarazi du. Gaineratu duenez, “orduan egin zen irakurketa izan zen, errezetarik edo formula magikorik ez bazegoen ere, egoera iraultzeko beste zerbait egiten saiatu behar genuela”. “Beraz, 2016an erabaki genuen Gipuzkoa ez zela gora begira geratuko gure sistema politiko eta instituzionala gero eta gehiago higatzen ari zela ikusten genuen bitartean” adierazi du.
Hala, adierazi du Etorkizuna Eraikiz programaren bidez, Gipuzkoak mota guztietako eragileen arteko lankidetzan oinarritutako kultura politiko berri baten aldeko apustua egin zuela eta hala egiten jarraitzen duela: “Etorkizuna Eraikiz ekimenak politikan parte hartzera eta inplikatzera gonbidatzen du, muturreko jarrerak urruntzeko eta gizarte antolatu batekin eta, oro har, klase politikoa eta administrazio publikoak mesfidantzaz ikusten dituen herritarrekin zubiak eraikitzeko metodo gisa”. Aurkeztu zenean, Olanok gogorarazi duenez, proiektuak unibertsitateekin bat egin zuen hasieratik, eta herritarrei eta gizarte antolatuari elkarlanerako deia egin zien.
Emaitzak
Etorkizuna Eraikizen sei urteko ibilbidean, proiektua galdera konplexuei erantzuten saiatu da, eta, horretarako, gogoeta egiteko eta ideiak eta irtenbide proposamenak bateratzeko ariketa kolektiboa antolatu du. “Ahalegin horretan 1.500 parte hartzaile baino gehiago aritu dira, horien artean enpresa, elkarte, ezagutza eragile eta mota guztietako erakundeak, eta, nola edo hala, 68.800 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute proiektuan”, nabarmendu du foru arduradunak. Ikuspegi kuantitatibotik, Etorkizuna Eraikiz ekimenak 11 estrategia eta erreferentzia zentro artikulatzea eta abian jartzea lortu du lurraldearen etorkizunerako berebiziko garrantzia duten sektore edo lan eremuetan, hala nola mugikortasun berrian, klima aldaketaren aurkako borrokan edo lehen aipatu dugun biztanleriaren zahartzean.
“Ekintza ildo horien bitartez, lurraldeari aurkezten zaizkion etorkizuneko erronka garrantzitsuenei erantzun nahi zaie, mehatxua aukera bihurtzeko eta Gipuzkoak gai horietan duen espezializazio maila handitzeko, Etorkizuneko sektore horiek etorkizuneko ekonomiaren zutabeak izan daitezkeela ikusten da” nabarmendu du. Horiekin batera, Etorkizuna Eraikizek 46 proiektu esperimental ditu abian. Proiektu horietan era guztietako eragileek parte hartzen dute, eta haien helburua da benetako inguruneetan gai konplexuetarako konponbideak probatzea, hala nola adinekoei arreta emateko eredu berriak, edo zenbait gairen inguruan esperimentatzea, besteak beste, kontziliazioa edo belaunaldien arteko harremana.
Gizarte antolatuak, bestalde, urtero jasotzen du bere proposamen berritzaile eta esperimentalak modu askean aurkezteko gonbidapena, etorkizuneko gaiei aurre egiteko, eta, orain arte, Etorkizuna Eraikiz programak esperientzia horietatik 150 finantzatzen lagundu du. “Horrekin batera, herritarrek parte hartzeko bide zuzenak ireki ditugu; horren adibide ditugu herritarren asanbladak, ELGArekin elkarlanean antolatzen ditugunak,” azaldu du. Administrazio publikoak antolatutako deliberazio demokraziako prozesu esperimentalak dira, eta horietan zozketa bidez hautatutako herritarrek parte hartzen dute. “Helburua da erantzun konplexuak dituzten etorkizuneko erronketarako konponbideen bilaketan inplikatzea herritarrak. Orain arte, bi egin ditugu, bata Tolosan eta bestea lurralde mailan”, adierazi du.
Horrez guztiaz gain, Etorkizuna Eraikiz bere nazioartekotze dinamikaren bidez ireki da mundu zabalera; herritarrekin komunikatzeko eta parte hartzeko bide zuzenak izaten ditu etengabe; eta Think tank indartsu bat finkatu du, Gipuzkoak hartu behar duen norabideari buruzko hausnarketarako eta eztabaidarako espazio gisa ulertuta, mehatxuak antzemateko eta lurraldearen erronkei irtenbideak proposatzeko ere balio duena.
“Etorkizuna Eraikizek, azken batean, gero eta aldakorragoa eta askotarikoagoa den mundu baten aurrean ekintzarako dei bat izatea lortu du” adierazi du Olanok. Haren ustez, proiektuak hitzetatik ekintzetara pasatzea proposatzen du, eta parte hartzeko eta esperimentatzeko espazio egokia eskaintzen du etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzeko, eta “egitateen indarrez, mesfidantzak gainditzen eta politikaren eta herritarren arteko espazioa murriztea lortzen ari da”. “Herritarrei ateak ireki eta irtenbideak bilatzen parte hartzera bultzatuz, administrazio publikoei eta politikari buruz duten ezagutza maila hobetzea lortzen dugu, eta gure lurraldearen etorkizuneko erronka handiei aurre egiteko taxutzen ari garen ahalegin kolektiboaren zuzeneko partaide egiten ditugu. Eta horrek, epe ertain eta luzera, konfiantza hobetzea eta herritarrenganako distantzia murriztea dakar, eta horren ondorioz, gure sistema demokratikoa indartzea”, esan du amaitzeko.
Jardunaldia
María José Canel Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Komunikazio Politiko eta Sektore Publikoko katedradunak aurkeztu du topaketa. Ondoren, Markel Olanok hartu du hitza, eta, haren atzetik Europako Batzordeko lehendakariordeak; hori bukatzean, Lovainako Unibertsitateko Katolikoko Geert Bouckaert irakasleak hitzaldia eman du. Gero, mahai inguru bat egin da lankidetzazko gobernantzaren garrantziari buruz, Marta Marín Euskadiren Europar Batasuneko ordezkaria moderatzaile zela. Mahai inguruan parte hartu dute Toma Šutic Europako Batzordeko lehendakariorde Dubravka Šuicaren kabineteko kideak, Jaume Duch Europako Parlamentuko komunikazioko zuzendari nagusiak, Adil Najam Bostongo Unibertsitateko (AEB) Frederick S. Pardee School of Global Studies erakundeko kideak, María José Canelek eta Xabier Barandiaran Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak.
Amaitu denean, beste mahai inguru bat egin da, lankidetzazko gobernantza nola ezartzen den aztertzeko. María José Canel izan da eztabaidaren moderatzaile, eta parte hartu dute David Mair Europako Batzordeko Joint Research Centreko unitateburuak, Daniele Dotto REFORM DGko unitateburuak, Angela Hanson ELGAko kideak, Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantzako foru diputatuak eta Miren Larrea Deustuko Unibertsitateko Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko kideak. Ekitaldia amaitutzat emateko, Mendozak hartu du hitza, eta aukera hori baliatu du jardunaldian ateratako ondorio nagusiak laburbiltzeko.
4028