Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoak FITUR azokan parte hartu du, Elkanoren lehorreratzearen urteurrena eta Inaziotar Urtea mugarritzat hartuta

Gipuzkoak FITUR azokan parte hartu du, Elkanoren lehorreratzearen urteurrena eta Inaziotar Urtea mugarritzat hartuta

Aldundiak eskualdeekin batera aurkeztu ditu lurraldeko alderdi turistiko erakargarriak, 107 herrialde biltzen dituen azoka honetan.

2022/01/19

Gipuzkoak gaur ezagutarazi ditu bere turismo eskaintza eta 2022ari begira sektorea indartzeko lan ildo nagusiak, 2022rako FITUR Nazioarteko Turismo Azokan. Aurten azokaren 42. edizioa egingo da, eta bi mugarri handi izango ditu, Aldundiak sustatuta: Inazioren Lurra izenez ezagutzen den horren baliabide turistikoak digitalizatzea eta Elkanoren lehorreratzearen bosgarren mendeurrena ospatzea. Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatu Jabier Larrañagak adierazi duenez, «bi ekitaldi horiek Gipuzkoak turismoaren eredu iraunkor, orekatu eta aurreratu bat bultzatzeko egindako apustuaren sinbolo dira, modernizazioaren eta berrikuntzaren alde egingo duena, baina gure kultura-, historia-, gastronomia- edo paisaia-erakargarritasunek ematen diguten berezitasunarekin. Eskualdeekiko lankidetza izan da, da eta izango da eredu hori indartzeko oinarrietako bat».

          Larrañagak bi mugarri horien aurkezpenean parte hartu du Urola Kostako eta Urola Erdiko ordezkariekin, zehazki, Getariako alkate Haritz Alberdirekin eta Iraurgi Berritzeneko zuzendari Begoña Beobiderekin. Alde batetik, 2021eko maiatzetik ospatzen ari den Inaziotar Urtea dugu, zeina 2022ko uztailaren 31n amaituko baita. Horren harira, Loiolako bailarako eta 3 tenpluen ibilbideko (Loiola, Antigua eta Arantzazu) erakargarri turistikoak eta ondarezkoak digitalizatuko dira, bisitariek beren ibilbideak planifikatu ahal izan ditzaten, eta beren telefono mugikorren bidez ondare ingurunea ezagutu dezaten, 3D teknologiak, geolokalizazioa eta errealitate areagotua erabiltzen dituen murgiltze esperientziaren bidez. Horretarako, apirilean amaitzea aurreikusten den aplikazio bat garatzen ari da.

           Bestalde, 2022ko irailaren 6an 500 urte beteko dira Juan Sebastian Elkanoren lehorreratzetik, eta 100 urte Getarian lehorreratzea lehendabizikoz antzeztu zenetik. Herri ondare hori getariarren lanari esker mantendu da gaur arte, balentria haren kontakizuna belaunaldiz belaunaldi transmititzeko gaitasuna izan baitu. Bosgarren mendeurrena dela eta, lehorreratzearen eszenaratzeak hainbat nobedade izango ditu, herritarrek parte hartzeko prozesu baten ondorioz, eta, gainera, hainbat erakunde eta eragileren arteko lankidetzaren ondoriozko jarduera agenda zabal batekin osatuko da, Gipuzkoako itsas ondarea ardatz nagusitzat hartuta.

          Era berean, Larrañagak, Iker Goiria Turismo zuzendariak lagunduta, Euskadiko standaren inaugurazioan parte hartu du, eta lan-bilera bat egin du SEGITTUR helmuga turistiko adimendunen sarearekin, non Aldundia joan den urtean sartu baitzen. Zehazki, Etorkizuna Eraikizeko proiektu pilotuetako bat partekatu du bertako ordezkariekin: adimen artifizialaren eta Big Dataren estrategia. Estrategia horren barruan jarriko da abian aurten Gipuzkoako Adimen Turistikoko Sistema (ATS), iturri heterogeneoetatik datozen datuak lortzeko eta integratzeko, bai eta horiek prozesatzeko eta aztertzeko ere, eta, horrela, sektorearen beharretara eta errealitatera egokitutako turismo sustapeneko politikak garatzeko.

          Azkenik, Gipuzkoako ordezkaritza Minube plataformarekin eta turismo industriarekin lotutako beste eragile, komunikabide espezializatu eta enpresa batzuekin bildu da, turismoaren sektoreko munduko azoka garrantzitsuenetako batean daudela aprobetxatuz. «Pandemiaren une gorenetako bat bizitzen ari gara, baina lanean jarraitu behar dugu sektorea babesteko, indartzeko, etorkizuna prestatzeko eta egoera hobetu bezain laster suspertzen laguntzeko. Gipuzkoak datu turistiko oso onak lortu zituen iaz, urteetan zehar ondo egindako lanaren ondorioz, eta helmuga gisa sustatzen jarraitu nahi badugu, ezin genuen galdu FITUR bezalako erakusleiho bat baliatzeko aukera», azpimarratu du diputatuak.

Erakundeak dituen datuen arabera, FITURren 2022ko edizioak 107 herrialdetako enpresak eta helmugak bilduko ditu Ifeman; horietako 70ek nazioarteko ordezkaritza ofiziala dute. Azoka-esparruko zortzi pabiloi okupatuko dira, 56.700 m2-ko azalera garbia dutenak.

  

1755