Gipuzkoak harrera-familiak behar ditu 75 haur eta nerabe hartzeko, horietako 7 premia handiz
Gipuzkoak harrera-familiak behar ditu 75 haur eta nerabe hartzeko, horietako 7 premia handiz
• Gipuzkoako Aldundiak kanpaina bat jarri du martxan, azpimarratzeko «haur edo nerabe batek ere ez duela bakarrik hazi behar». Ekimen honetan 682 55 44 33 zenbakia nabarmendu dute, familia mota desberdinak sinbolizatuz, «zure familiak mesede handia» egin dezakeela gogorarazteko. • Gipuzkoako Foru Aldundiak 848 adingabe ditu tutoretzapean, eta horietatik 303 lurraldeko harrera-familietan daude dagoeneko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak sentsibilizazio-kanpaina berri bat abiatu du gaur, Gipuzkoako familiak harrera-familia bihurtzera animatzeko. Eider Mendoza diputatu nagusiak, Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñak eta Ana, Eneritz, Ainara eta Nakenek, harrera familien ordezkari gisa, jendaurrean ezagutarazi dute ekimena. Hala, ikusgarri egin nahi izan dituzte harrera eskaintzearen garrantzia eta beharrean dauden haur eta nerabeak etxean hartzeko prest dauden familien beharra.
Gaur egun, Gipuzkoan, 75 adingabek behar dute harrera-familia bat bertan bizitzeko; horietako zazpik premia berezia dute, gainera. Guztira, Gipuzkoako Foru Aldundiak 848 adigabe ditu tutoretzapean, eta horietatik 303 harrera-familietan bizi dira dagoeneko.
Eider Mendoza diputatu nagusiak nabarmendu duenez, harrera-familiek Gipuzkoaren «baliorik onenak gorpuzten dituzte», norbaiti etxeko atea irekitzeak «esanahi sakona» baitu gure kulturan. «Gipuzkoa komunitate solidario eta arduratsu bat da, herritar ororen ongizate integrala zaintzen duena, pertsonarik zaurgarrienak babesteko konpromisoa hartu eta antolatzen dena», gogorarazi du, eta honako hau gaineratu: «adingabeen ongizatea bermatzea etorkizunera begira komunitate gisa egin dezakegun gauzarik garrantzitsuenetariko bat da».
Hori horrela, «esker ona eta errekonozimendua» adierazi dizkie harrera-familia bihurtzeko pausoa eman dutenei. Era berean, «kuriositatea eta gizarteari ekarpena egiteko gogoa» duten familiak animatu ditu pausoa ematera eta aukera horri buruzko informazioa jasotzera. «Familiek kontatzen digute harrerak erronkak dakartzala, zalantzarik gabe, baina aldi berean esperientzia baliotsu eta positibo bat dela», laburbildu du.
Edozein familia izan daiteke harrera-familia
Aurkeztu berri den kanpaina honek harrera-familiei buruzko estereotipoak hausten ditu eta mezu argi bat zabaltzen du, Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñak adierazi duenez: «Edozein familia izan daiteke harrera-familia, edozein dela ere haien tamaina edo egitura. Ez dio axola bakarri bizi ote zaren ala zure etxean bi, hiru, lau edo bost ote zareten. Garrantzitsuena da haur bakar batek ere bakarrik hazi behar ez izatea».
Gipuzkoako Foru Aldundiaren familia-harrerako programak 36 urte beteko ditu aurten, eta dagoeneko babesaren eredu da gure lurraldean. Maite Peñak baieztatu duenez, «azken urteotan familia askok eman diote etxe bat hainbat arrazoirengatik beren familia biologikoekin bizi ezin duten adingabeei; ingurune afektibo eta seguru batean hazteko aukera eskaini diete, haien jatorrizko familiekiko loturari eustearekin batera».
Deitu aurretik erantzuten duen telefono bat
Harrera-familia izan nahi dutenei lehen kontaktua errazteko, telefono zenbaki sinboliko bat diseinatu da kanpaina honetan, askotariko familiei beren familia-ereduaz edo kide kopuruaz galdetutakoan erantzun zuten horretan oinarrituta: «6 8 2 5 5 4 4 3 3 zenbakia da. Zenbaki honen bidez helarazi nahi dugu familia guztiek egin dezaketela harrera, adingabeen ongizatea bermatzea dela funtsezkoa», adierazi du Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak.
Gaineratu duenez, «familia-harrera da haurrek familia-ingurunean hazteko duten eskubidea bermatzeko modurik onenetako bat. Kanpaina honen bidez, Gipuzkoako familia gehiago animatu nahi ditugu pausoa ematera eta beren etxea behar dutenei eskaintzera».
Familia-harreraren programari buruz gehiago jakin nahi dutenak 682 554 433 zenbakiaren bidez jar daitezke harremanetan Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, edo webgune ofiziala bisita dezakete informazio gehiago eskuratzeko.
Familia-harreraren modalitateak
Azkenik, Maite Peñak gogorarazi du borondatezko familia-harrerak aldi baterako familia bat edo familia iraunkor bat eskaintzen diela arrisku-egoera edo babesgabetasun-egoera dela-eta jatorrizko familiarekin bizi ezin duten haur eta nerabeei: «helburua da adingabe horiei egonkortasuna eta ongizatea ematea afektua ematen dien eta beren premiak asetzen dituen familia zabalean edo beste familia batzuetan».
Harrera-familia izateak esan nahi du, modu altruistan, adingabea etxeko beste kide bat bezala integratzea, haren garapen emozionala, fisikoa eta soziala bermatuz administrazioarekin lankidetzan. Gogoan izan: «ez da adopzioa, ez eta haren aurreko urratsa ere, baizik eta konpromisoan, adingabearen historiarekiko errespetuan eta, onuragarria denean, familia biologikoarekiko harremanari eusteko aukeran oinarritutako babes-neurri bat».
Hiru harrera-mota daude: larrialdikoa, gehienez ere sei hilabetekoa, berehalako ebaluazio-egoeretarako; aldi baterakoa, bi urtera artekoa, jatorrizko familiak errekuperatzeko aukera duen kasuetarako; eta iraunkorra, epe laburrean itzultzeko aurreikuspenik ez dagoenerako. Adin-nagusitasunera iristean, bizikidetzak aurrera jarrai dezake bi alderdiek hala nahi badute, helduarorako trantsizioan lagunduz.
Edozein pertsonak edo familiak eska dezake harrera-familia izatea, egonkortasunaren, osasunaren, aldeko ingurunearen, enpatiaren eta konpromisoaren baldintzak betetzen baditu. Neurri hori funtsezkoa da haur kalteberei babes-ingurune bat, afektua eta etorkizunerako aukerak eskaintzeko.
4397