Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoak Katapulta Tour Gipuzkoa zirkuituaren VII. edizioa aurkeztu du

Gipuzkoak Katapulta Tour Gipuzkoa zirkuituaren VII. edizioa aurkeztu du

Kultura Departamentuak sustatzen du Katapulta Tour Gipuzkoa, Kutxa Kultur, Jazzaldia eta Buenawista Prolleckziom´s-en laguntzarekin.

2022/03/17

Harkaitz Millan: “Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak tokiko talentuaren aldeko apustua egiten du, eta ekimen honen bidez, Gipuzkoa osoan azaleratzen ari diren musika-bandak eta arte eszenikoen konpainiak bultzatzen ditu”.

Mikel Mendarte: “Programa honi esker, 6 taldek emango dute beren talentuaren berri. Nabarmentzekoa da musika-, genero-, geografia- eta hizkuntza-estiloen aniztasuna”.

Esther Fernandino: “Zirkuitu honetako lau taldek Jazzaldiaren eszenatokietan joko dute, beren gaitasuna eta talentua erakusteko apustu garrantzitsua”.

Imanol Góñez: “Dagoeneko sendotuta dagoen zazpigarren edizio hau beste lurralde batzuetarako eredu izaten hasi da, gure tokiko talentuari laguntzeko adibide bat”.

Gaur goizean Gipuzkoako Katapulta Tour zirkuituaren edizio berria aurkeztu dute prentsaurrekoan Harkaitz Millan Kulturako diputatuak eta Mikel Mendarte Kutxa Kultur-eko zuzendariak. Formatu txikiko musikaren eta arte eszenikoen zirkuitu hau Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak sustatzen du, Kutxa Kultur-ekin lankidetzan. Programan Donostia Kulturak parte hartzen du Donostiako Jazzaldiaren bitartez, eta Buenawista Prolleckziom's-ek koordinatzen du.

Zirkuituaren helburuak honako hauek dira: musikaren eta arte eszenikoen esparruan Gipuzkoako talentuen balioa nabarmentzea eta talentu horiek sustatzea –bereziki gazteei dagokienez–, eta Gipuzkoako eszena dinamizatzen laguntzea, klubei eta antolatzaileei lagunduz.

Honi buruz, Harkaitz Millan, Kulturako diputatuak adierazi duenez, “Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak tokiko talentuaren aldeko apustua egiten du, eta ekimen horren bidez, Gipuzkoa osoan azaleratzen ari diren musika-bandak eta arte eszenikoen konpainiak bultzatzen ditu”. Bestalde, Kutxa Kultur zuzendari Mikel Mendartek azpimarratu duenez, “programa honi esker, 6 taldek emango dute beren talentuaren berri. Nabarmentzekoa da musika-, genero-, geografia- eta hizkuntza-estiloen aniztasuna”.

Esther Fernandinok, Donostia Kulturako Musika Teknikariak eta Jazzaldiko kideak, azaldu duenez, “zirkuitu honetako lau taldek jazzaldiko agertokietan parte hartuko dute, beren ahalmena eta talentua erakusteko apustu garrantzitsua baita”. Halaber, Katapulta Tour programaren zuzendarikideak, Imanol Góñezek, adierazi duenez, “dagoeneko finkatuta dagoen zazpigarren edizio hau, beste lurralde batzuetarako eredu bihurtzen ari da, gure tokiko talentuari laguntzeko adibide bat”.

Edizio honetan 27 artistak jardungo dute guztira, eta horietatik 6 Katapultako zirkuituko hautaketa-prozesukoak dira. Musikan, Agresión Verbal, Mikel Moreno, Rumbling Lips eta Sega Sound Killers izango dira, eta Arte Eszenikoetan, Alazne Etxeberria aktorea eta Behibi´s Antzerki Konpainia. Kutxa Kultur Musika programak hautatutako 6 artistek ere parte hartuko dute zirkuituan: Deñe, Intza, Julen, Kyxo, Lamiak eta Tek au maisin. Azkenik, zirkuitua Jazzaldiaren 57. edizioan egongo da, eta Donostiako Jaialdiko tokiko taldeak hautatzeko prozesuan parte hartzen duten tokiko 15 artisten emanaldiak eta 10 artista finalisten emanaldiak babestuko ditu.

Katapulta Tour Gipuzkoak eta Kutxa Kultur Musikak hautatutako artistei Gipuzkoako hainbat espaziotan 3 emanaldi egiteko aukera eskaintzen zaie, emanaldi bakoitzeko 400 €-ko konpentsazio ekonomikoarekin, eta promozio-bideo bat grabatzeko aukera Katapultak hautatutakoen kasuan. Gainera, lan handia egingo da haien lanak zabaltzeko.

2022an 65 emanaldi aurreikusten dira zirkuituaren barruan, Gipuzkoa osoko hainbat espazio eta jaialditan. Aurreko edizioan, tokiko artistek Sanagustin Kulturgunean (Azpeitia), Topic-en (Tolosa), Chillida Lekun (Hernani), Cristobal Balenciaga Museoan (Getaria) eta honako jaialdi hauetan jardun zuten: Donostia Festibala eta Jazzaldia (Donostia), Atlantikaldia (Errenteria), Bikingo Eguna (Hondarribia), Elektrorock Festibala (Deba) eta SUPer FederArte Festibala (Orio).

Guztira, zazpi deialdietan, 530 artistaren 720 inskripzio jaso dira. Urte honen amaieran, zirkuituak berak hautatutako 52 proiekturi (musikako 30 eta arte eszenikoetako 22) eta Kutxa Kultur Musika programaren 42 musika-proiekturi lagunduko zaie; guztira, 94 proiektu.

2021eko edizioan, hiriburutik kanpo finkatutako proiektuen kopurua nabarmentzen da, batez ere Azpeitia, Aretxabaleta, Eibar, Errenteria, Irun, Orio, Tolosa eta Zumarragan (63), euskarazko proiektuak (63), 30 urtetik beherako proiektuak (67) eta emakumeek parte hartzen duten proiektuak (57).

Estiloei dagokienez, musika-proposamenak dira: Rock (Pop-Rock, Rockroll, Hard Rock, Stoner, Hardcore, Metal), Pop, Blues, Soul, Jazz, Folk, Hip Hop, Flamenkoa, etab.

  

1585