Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoak lehenengo Covid-19 kasu positiboak antzeman ditu adineko pertsonen eta desgaitasuna dutenen egoitzetan

Gipuzkoak lehenengo Covid-19 kasu positiboak antzeman ditu adineko pertsonen eta desgaitasuna dutenen egoitzetan

Lau kasu hauteman dira adineko pertsonen egoitza batean eta zazpi desgaitasuna duten pertsonen bi egoitzetan.

Eider Mendoza foru bozeramaileak jakinarazi du Covid-19aren lehen kasu positiboak eman direla Gipuzkoako egoitzetan: lau adineko pertsonen Tolosako Iurramendi egoitzan eta zazpi desgaitasuna duten pertsonen bi egoitzetan, bat Donostiako Berriz 1-en, eta sei Uliazpik Hondarribian duen egoitzan. Bozeramaileak zehaztu du horietako bederatzi osasun egoera onean daudela eta bi egoera delikatuan, aurretiazko patologien ondorioz.

          Diputatuak lasaitasunezko mezu bat igorri nahi izan die zentro horietako senitartekoei, familiekin kontaktuan jarri direla adieraziz eta kutsatutako pertsonak isolatuta daudela jakinaraziz, Gipuzkoako Foru Aldunditik bidalitako protokoloari jarraituz. Protokolo horren aplikazioari begiratuz, gainontzeko erabiltzaileen eta langileen artean kutsatzea ekiditeko neurri guztiak jarraitzen ari dira, baita komunitatea transmisioa saihesteko ere. Zentzu horretan, Mendozak jakinarazi du gainerako egoiliarrak osasun egoera onean daudela eta osasun-kontrol sakona egiten ari zaiela.

          Osasun-profesionalek, Osasun Publikotik eta Lan Osasunetik markatutako irizpideak jarraituz, egoiliarren eta langileen osasun egoeraren jarraipen zehatza egingo dute, eta “beraiek izango dira uneoro komenigarri diren erabakiak hartuko dituztenak”, azpimarratu du Mendozak. Osakidetza frogak egiten ari da susmoa dagoen kasu guztietan, eta orain arte, jasotako emaitza guztiek negatibo eman dute, aipatutako kasuak izan ezik.

          Gizarte Politikako Departamentutik, prebentzio eta euste protokoloak bidali ziren foru-sareko egoitza baliabide guztietara, eta horietan ezartzen dira jarraitu beharreko neurriak kasu positiboak antzemanez gero. Horregatik eskatzen da, ahal den neurrian, egoitzak modulatzea, horien arteko mugimenduak debekatuz, higiene neurriak eta  prebentiboak zorroztuz, hondakinen kudeaketa zehaztuz eta Osakidetzak markatutako NBEen erabilera eginez. Zentzu horretan, bozeramaileak nabarmendu du, Osasun Departamentuarekin lankidetzan, NBEak bidali zirela foru-sareko egoitza baliabide guztietara, non guztira ia 7.000 pertsona artatzen diren egun. Era berean, martxan jarri dira egutegi planak (langileak antolatzeko) eta komunikaziokoak, bai familiekin, baita administrazioekin ere.

Bozeramaileak gogorarazi testuingurua “oso aldakorra” dela eta beharrezko neurriak hartzen direla uneoro, bai prebentziokoak, baita kontentziokoak ere, egoerak hala eskatzen badu. “Kolaborazio eta koordinazio estuan jarraitzen dugu Osakidetza eta Osasun Publikoarekin, denon artean jarraitzeko erantzuna ematen, ahalik eta modu egokienean, egoera konplexu honi”.

Kale egoeran dauden pertsonentzako arreta

Beste alde batetik, Eider Mendozak jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak, hirugarren sektoreko eragileekin, lurraldeko udalekin eta Osakidetzarekin koordinazioan, eta Covid-19aren testuinguruan, erabaki du Hondarribian kokatuta dagoen aterpetxea bideratzea kale egoeran dauden pertsonentzat, bihartik aurrera, ostirala, egongo dena martxan. 25 plaza izango ditu, zabaldu ahal izango direnak, eta kutsatuta egon daitezkeen pertsonei zuzenduta dago. Horrela, udalen eta hirugarren sektoreko eragileen arreta baliabideak indartzen dira.

Mendozak azpimarratu duenez, helburuak berdina izaten jarraitzen du: “egoera zaurgarrietan eta babesgabean dauden pertsonak babestea; baita gure baliabideetako erabiltzaileak, eta langileria osoa ere, lan goresgarria egiten ari direnak hain konplexua den momentu honetan”.

  

1819