Gipuzkoak munduko birziklatze-edukiontzirik handiena jaso du
Gipuzkoak munduko birziklatze-edukiontzirik handiena jaso du
Ecovidrio enpresak emandako urteko "Mayor Impacto Ciudadano" saria dela eta.
Probintziak saria jaso du ingurumenaren arloan duen lidergoagatik eta egiten duen lan eredugarriagatik, eta baita ere hondakinen birziklapenaren arloan dituen zifra bikainengatik.
Izan ere, 2020an, Gipuzkoa izan zen edukiontzi berdeari herritarren ekarpenik handiena egin zion Estatuko lurraldea -biztanleko 33,6 kg beirazko ontzi-, eta lehena udal-hondakinak birziklatzeko Europako helburuak lortzen.
Aitorpen horren barruan, Ecovidrio enpresak munduko beirazko ontzien edukiontzirik handiena jarri du Donostian, gipuzkoarren kontzientziazioa eta haiek egindako ahalegina islatzeko omenaldi eta sinbolo gisa.
Ecovidriok, Espainian beirazko ontzien hondakinak birziklatzeko kudeaketaz arduratzen den irabazi-asmorik gabeko entitateak, beirazko ontziak birziklatzeko munduko edukiontzirik handiena aurkeztu du gaur Donostian. Azaroaren 30era arte hirian egongo den iglu erraldoi hori gipuzkoarrei zuzendutako omenaldia da. Duela gutxi jaso du lurraldeak 2021eko ‘Mayor Impacto Ciudadano’ saria, Ecovidrio entitatearen eskutik, ingurumen arloan egindako lan eredugarriagatik eta azaldu duen lidergoagatik.
Gaur egindako ekitaldi batean aurkeztu da 8 metroko iglu erraldoi hori; ekitaldi horretan parte hartu dute José Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatuak, Félix Reneses Ecovidrioko Gerentzien eta Kontu Handien zuzendariak, eta Óscar Acedo Ecovidrioko zonako gerentea.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok adierazi duenez, herritar guztien ahaleginari erantzuten dio sariak, eta «Gipuzkoako Foru Aldundiak urte hauetan egin duen lana izan da, neurri handi batean, herritarren energia hori bideratzea, konpromisoa emaitzetan gauzatzeko baliagarriak diren bitartekoak eta tresnak jarriz, birziklatze-tasaren % 55 gainditu arte, eta, horrela, bost urte lehenago, Europar Batasunak 2025erako ezarritako helburuak betetzea».
Félix Reneses jaunak, Ecovidrioko Gerentzien eta Kontu Handien zuzendariak, adierazi duen bezala: «Edukiontzi erraldoi hau Gipuzkoak eta gipuzkoarrek erakutsi duten konpromisoaren sinboloa da. Ingurumen-erronka handiak dauden une honetan, lurraldeak birziklatzearen arloan dituen emaitza bikainak eta ingurumen-lidergoa erreferentzia eztabaidaezinak dira Estatuko gainerako lurraldeentzat, eta, gainera, benetako ekonomia zirkular baterako eta etorkizun jasangarriagorako trantsizioaren bidea markatzen digute.
“Mayor impacto ciudadano” saria Gipuzkoari
Iglu horren instalazioa Ecovidriok Gipuzkoari eta gipuzkoarrei berriki emandako "Mayor impacto ciudadano" sariagatik egindako omenaldiaren parte da; izan ere, sari horren bitartez, Gipuzkoak etorkizun jasangarriago baterako trantsizioan azaldu duen lidergoa eta birziklapenaren arloan dituen zifra bikainak aitortzen dira. Horrela, Gipuzkoa da udal-hondakin guztien % 55,24ko birziklatze tasa lortu duen Estatuko lurralde bakarra. Zifra horri esker, ezarritakoa baino bost urte lehenago gainditu ahal izango du Europar Batasunak 2025erako ezarritako helburua. Gainera, 2020an, Gipuzkoa izan zen edukiontzi berdera ekarpen handiena egin zuen Estatuko lurraldea: biztanleko 33,6 kg beirazko ontzi. Bestalde, Donostia Estatu osoko hiriburu liderra izan zen 2020an, biztanleko 34,2 kg beirazko ontzirekin.
Horrela, Gipuzkoa da ingurumenarekin eta ekonomia zirkularrarekin konpromiso handiena duen Estatuko lurraldeetako bat, beste proiektu batzuen artean Naturklima, Klima Aldaketaren aurka Borrokatzeko Fundazioak erakusten duen bezala; izan ere, fundazio horrek gizarte jasangarriago baten ardatz nagusia izan nahi du gizarte, ekonomia eta ingurumenaren aldetik. Era berean, probintziak Gipuzkoa Klima 2050 programa du, Gipuzkoa Estatuko lehen lurralde bihurtu duena ingurumen-erronkei aurre egiteko tokiko estrategia bat erabilita; izan ere, programa horrek helburu garrantzitsuak ezarri ditu berotegi-efektuko gasak murrizteko (2005. urtearekin alderatuta, % 40ko murrizketa 2030erako, eta % 80koa 2050erako) eta energia berriztagarriak erabiltzeko (energia berriztagarrien kontsumoa % 30ekoa izango da 2030erako azken kontsumoaren gainean).
Joan den azaroaren 18an, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatua Madrilen izan zen XXII. Ecovidrio Sarien ekitaldian, Espainiako Gobernuko hirugarren lehendakariorde eta Trantsizio Ekologikorako ministro Teresa Ribera buru zela. Ekitaldi horretan, Asensio jaunak “Mayor Impacto Ciudadano” saria jaso zuen.
Gipuzkoarekin batera, Ecovidrio Sarien XXII. edizioak Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasuneko zuzendari nagusi den Bruno Oberle doktorearen lana aitortu zuen (‘Personalidad Ambiental Ecovidrio’ saria), bai eta UME eta SEPRONAren lana ere («Ecólatras» saria). Era berean, ingurumen arloko kazetarien lana hiru kategoriatan saritu zen: «Telebista», «Irratia» eta «Prentsa».
Ecovidriori buruz
Espainian beirazko ontzien hondakinak birziklatzeko kudeaketaz arduratzen den irabazi asmorik gabeko entitatea da Ecovidrio. 1997an, Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko Legea onartu ondoren, eta 1998an bere eragiketak abian jarri eta gero, zerbitzu osoa bermatzen duen eta herritar guztien eskura dagoen birziklatze-eredu baten entitate kudeatzaile bihurtu zen, Finantzaketari dagokionez, 8.000 enpresa ontziratzailek birziklatze-sistema ahalbidetzen dute, puntu berdearen bidez egindako ekarpenari esker.
Ecovidrio entitatearen lanak alderdi hauek nabarmentzen ditu: edukiontziaren bidez kalitate handiko birziklapena bermatzea, edukiontziak biltzeko eta garraiatzeko azpiegiturak sustatzea, ostalaritzan beirazko ontzien birziklapena handitzeko planetan eta baliabideetan inbertitzea, herritarrak sentsibilizazio-kanpainen bidez mobilizatzea, eta ontzien prebentzioa eta ekodiseinua sustatzea.
Azken bi hamarkadetan, Ecovidrio sistemak birziklatze-tasaren hazkunde esponentziala ahalbidetu du, 2000. urtean % 31,3 izatetik 2019an % 79,8 izatera igaro baita, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren (MITERD) azken datu ofizialen arabera.
Beirazko ontziak birziklatzea funtsezko elementua da garapen jasangarria bultzatzeko, ekonomia zirkularreranzko trantsizioa sustatzeko, eta klima aldaketaren aurka borrokatzeko. Gainera, beirazko ontziak birziklatzeak 2030 Agenda eta Garapen Jasangarriko Helburuak betetzea bultzatzen duen jarduera bat da, zehazki, eragina du helburu hauetan: (11) Hiri eta komunitate jasangarriak, (12) Ekoizpen eta kontsumo arduratsua eta (13) Klimaren aldeko ekintza.
2388