Gipuzkoak nabarmen egiten du aurrera Garapen Iraunkorreko helburuetan
Gipuzkoak nabarmen egiten du aurrera Garapen Iraunkorreko helburuetan
Lurraldea aurrera doa gaikako bilketan, airearen kalitatean, energiaren erabileran eta hondartzetako uren kalitatean.
José Ignacio Asensio: “Gipuzkoaren etorkizuna, ingurumenari, ekonomiari eta gizarteari dagokiena, iraunkortasunean aurrera egitean datza”.
Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak sistema bat diseinatu du Agenda 2030ek Gipuzkoan dituen Garapen Iraunkorreko Helburuen bilakaera eta betetze maila baloratzeko. Helburu horrekin, 62 jarraipen-adierazle definitu dira, lurraldea hainbat arlotan aurrera edo atzera egiten ari den jakiteko, hala nola, hondakinen bilketa, energia-pobrezia, ur-hornidura edo elikagai-hondarrak. Guztira, Nazio Batuek finkatutako 17 Garapen Iraunkorreko Helburuetatik 15 aztertu dira. Horiei esker, Gipuzkoak gaur egun duen ingurumen jasangarritasunaren egoera eta haren bilakaera monitoriza ditzakegu.
José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak adierazi duenez, “Gipuzkoaren etorkizuna, ingurumenekoa, ekonomikoa eta soziala, iraunkortasunean aurrera egitean datza. Argi izan behar dugu giza jarduera orok jasangarria izan behar duela etorkizuna izan nahi badugu eta klima-aldaketaren mehatxua saihestu nahi badugu”. Asensiok azaldu duenez, txostenaren helburua da “Gipuzkoak Nazio Batuek proposatzen dizkiguten helburuekiko egiten duen aurrerapena erakustea, ikuspegi zabal eta etorkizunekoarekin, helburu komun eta partekatuetan oinarrituta krisia gainditzeko gai izango garen etorkizuna, hizkuntza bera, garapen iraunkorraren hizkuntza, bizitza duina, berdintasunezkoa eta inor atzean utziko ez duena bermatzeak ematen dituen erraztasunei esker”.
Aurrerapauso esanguratsuenak eman dituzten adierazleen artean, Garapen Iraunkorreko 8 Helbururi buruzkoak daude: gaikako bilketaren igoera, hondartzetako bainatzeko uren kalitatearen hobekuntza eta airearen kalitatearen hobekuntza orokorra. Era berean, tokiko jasangarritasun-planak garatzen ari diren udalerrien kopurua nabarmen handitu da; ibaien, estuarioen eta lurpeko uren kalitatea hobetu da; nekazaritza ekologikora bideratutako nekazaritza-azalera nabarmen handitu da; Gipuzkoako enpresa-sektoreak inbertsio handiagoa egin du ingurumen-hobekuntzetan; eta energiaren erabilera nabarmen murriztu da.
Bestalde, lan handia egiten jarraitzen da funtsezko beste arlo batzuetan, hala nola energia berriztagarriak ezartzeak, energia-pobreziak, hondakin-uren tratamenduak, garraio jasangarria hobetzeak, klima-aldaketara egokitzeak eta mehatxu-espezieak kudeatu edo berreskuratzeko planek, Nazio Batuek 2030erako ezarritako helburuetara iristeko.
Foru-arduradunak azpimarratu duenez, bere Departamentuaren ardura da “gure bizitza baldintzatzen duten aldagaiak behatzea, ezinbesteko zenbait alderdirekin dugun lotura aztertzea, hala nola elikadura, airearen kalitatea, gure ur- eta saneamendu-sistemen kalitatea, baliabideen kontsumo arduratsua edo biodibertsitatea, gure eguneroko bizitzarako beharrezkoak eta ezinbestekoak diren hainbat zerbitzu eskaintzen baitizkigu, eta, gaur egun, inoiz baino gehiago, balioa eman behar diogu”.
Ingurumeneko Departamentuak aurreikusten du definitutako adierazleen jarraipena egitea urtero, eta haien lana sendotzea bere eskumeneko politiketan, non adierazleek behar handiagoa eta hobetzeko marjina handiagoa erakusten baitute. Gainera, Departamentuak ibilbide luzea egin du jasangarritasun-politiken jarraipenean, Iraunkortasunaren Behatokiaren bidez. Horri esker, erreferentziazko informazioa izan du lurralde-eskala horretan jasangarritasunaren aldagai askoren jarraipena egiteko.
Mundu jasangarriagoa
Garapen Iraunkorreko Helburuak (GIH) NBEren Batzar Orokorrean 193 herrialdek onartutako Agenda 2030aren parte dira. Agenda horrek 17 GIH (https://www.un.org/sustainabledevelopment/es/development-agenda/) eta 169 xede ditu, aplikazio unibertsalekoak, eta horiek arautzen dituzte, 2016. urteaz geroztik, herrialdeek 2030ean mundu jasangarria lortzeko eta munduko biztanleria osoari eragiten dioten ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-arazo larriei aurre egiteko egiten dituzten ahaleginak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere helburu estrategikoetako bat bezala, jasangarritasuna bere nortasun-ezaugarri bihurtzea ezarri du. Era berean, Hiri eta Herri Iraunkorren Europako 8. Konferentzian (Bilbo, 2016) “Euskal Adierazpena” sinatuz, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatuak hitz eman zuen 2030eko Agendan ezarritako helburuak lortzeko lan egingo zuela.
1487