Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoak ontziak birziklatzeko planta berria izango du Legazpin

Gipuzkoak ontziak birziklatzeko planta berria izango du Legazpin

Instalazio berriek 2.000 t plastikozko poltsa tratatuko dituzte.

GHK-k 2.627.000 € inbertitu ditu urtean 25.000 t ontzi tratatzeko gaitasuna duen planta berrian. Instalazio berriek 2.000 t plastikozko poltsa tratatuko dituzte; horrela, poltsa horiek birziklatzeaz gain, horiek botatzeagatik sortutako kutsadura arazoak ekidin ahalko dira.

 

José Ignacio Asensio: “Legazpiko planta berria bezalako azpiegiturei esker, Gipuzkoak aurrera egin, eta birziklatze datuak hobe ditzake".

 

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak ontziak birziklatzeko planta berri bat jarriko du martxan, aurreko instalazioak erabat berritzeko eta 1.000 m2-ko azalera egokitzeko 2.627.000 € inbertitu ondoren. Azken belaunaldiko teknologiaz hornitutako makinariari esker, ekoizpen-ahalmena hirukoiztu eta 1etik 3 t/ordu izatera pasako da; horrek esan nahi du urtean 25.000 t ontzi bereizi eta prestatuko direla ondoren birziklatu ahal izateko. Era berean, prozesuen kalitate eta eraginkortasuna hobetuko da –% 82tik % 88ra– eta jarduerak sortutako galerak eta errefusak murriztu. Planta berriaren ustiapena CESPA eta Campezo enpresek osatutako ABEEari esleitu zaio, 4 urterako, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin, eta 5.764.600 euroko zenbatekoarekin, aurreko instalazioak berritzeak sortutako kostuak barne harturik.

 

Legazpiko planta berriak mankomunitate hauetan bildutako ontziak tratatuko ditu: Debabarrena, Debagoiena, Urola Erdia, Urola Kosta, Tolosaldea eta Sasieta. Instalazioen ahalmena hobetzeari esker –hirukoiztu egin da–, ontzien bilketak izandako hazkunde handiari erantzun bat eman ahal izango zaio; 2017an, Gipuzkoan jasotako hondakinen % 62,81 osatu zuen, eta, 2018an pasa diren hilabeteetan, % 26ko hazkundea izan du aipatutako eskualdeetan. Legazpiko aurreko instalazioetan iaz tratatutako ontzien bolumena 8.000 tonatik gorakoa izan zen; kantitate horren laurdena, 2.000 t, birziklatu ahal izateko bereizi eta tratatzen diren plastikozko poltsak dira; horrela, hondakin horiek botatzeak sortutako kutsadura-arazo nagusienetako bat ekiditen da.

 

Aurreko plantan erabilitakoen aldean, hobekuntza teknologiko nagusi hauek txertatu dira, besteak beste: gaitasun handiagoko bi azpiproduktu prentsa; bi optiko berri; linea diseinu berria, birziklatze eta by-passarekin; burdin bereizgailu bat,  balistikoko material finen fluxuen gainetik. Horrekin guztiarekin lortu nahi da edukiontzi horira botatako ontziei ahalik eta etekin handiena ateratzea, errefusa murriztea eta errefusa ahalik eta gehien murrizten duen planta bat izatea.

 

Ontziak bereizi eta tratatzeko makineria berriaz gain, plantako segurtasunean eta lan baldintzetan eragina izango duten hobekuntzak txertatu dira, esaterako: led argiztapena, kamera termikoak, irekitzeko eta ixteko ate berriak, intsonorizazioa eta isolamendua, aldagelak  zabaltzea, bulegoak birmoldatzea eta deskarga eremuak zabaltzea.

 

Plantak inguruneari loturiko dibulgazio proiektu bat izango du; horrela, edukiontzi horira botatzen diren ontziak birziklatzeko plantan egiten den lana erakutsiko zaie eskoletako ikasleei, material didaktikoen eta zentroetara hurbilduko diren monitoreen bitartez.

 

Planta berriaren proiektuak jarraipena ematen dio 1997an Ingurumeneko Departamentuaren eta Sasieta Mankomunitatearen arteko hitzarmenari esker eraiki zen hasierako plantari. Ontziei eta ontzi hondakinei buruzko 11/99 Legeari erantzun bat ematea izan zuen helburu, eta mota horretako lehen planta izan zen EAEn.

 

  

2401