Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoak Piztu META! programaren deialdi berria aurkeztu du

Gipuzkoak Piztu META! programaren deialdi berria aurkeztu du

Orain arte, Piztu META! ekimenak 92 herritar-proiektu garatu ditu, eta honek 886.871 euroko ekarpena ekarri dio lurraldeko kultura-sareari.

2022/05/03

Proiektuak aurkezteko epea bihar, maiatzak 4, hasiko da eta ekainaren 23an bukatuko da. Bestalde, diru-bilketaren kanpaina irailaren 29an hasiko da.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako Departamentuak eta Goteo Fundazioak gaur goizean iragarri dute Piztu META! programaren VII. ediziorako deialdia, mikromezenasgoa edo crowdfunding bidez kultur proiektuetan parte hartzeko eta finantzatzeko bide berria. Kulturako Departamentuak proiektu bakoitzak bere crowdfunding kanpainen bidez jasotzen duen diru kopuru bera bideratuko du, 70.000 euro gehienez programa osorako.

Harkaitz Millan Kulturako diputatuak eta Eva Esteban Goteo Fundazioaren Matchfunding deialdien koordinatzaileak hartu dute parte prentsaurrekoan, aurreko deialdian parte hartu zuten bi proiekturekin batera: Nerea Kortabitarte, ¡Viva la diferencia, Juliette! proiektuaren sustatzailea, eta Ander Gisasola, KZ50, historia de un cineclub dokumentalaren sortzailea.

Kanpainak bi fase izango ditu, eta hauek dira bere helburuak: deialdian parte hartzen dutenak erakartzea, dohaintzak eta partaidetza sustatzea, hautatutako proiektuak ezagutaraztea eta kultur partaidetza bultzatuko duen giroa sortzea.

Edizio berri honen lehen fasea bihar, maiatzak 4, hasiko da proiektuak jasotzen direnean, eta epea ekainaren 23an bukatuko da. Une horretatik aurrera, kanpainara aterako diren proiektuak aukeratuko dira, eta irailaren 29an hasiko da diru-bilketaren kanpaina. Parte-hartzaileek hemen aurkeztu behar dituzte beren proiektuak: http://met.gote.org

Gainera, maiatzaren 25etik ekainaren 8ra bitartean, crowdfunding proiektuak garatzeko tailerrak burutuko dira herritar guztientzat. Uztailaren 13tik irailaren 28ra bitartean, aldiz, edizio honetan hautatutako proiektuek finantzaketa kolektiboari buruzko prestakuntza eta aholkularitza jasoko dute.

Harkaitz Millan Kulturako diputatuak azaldu duenez, “ekimen honen bidez, lotura handiagoa lortu nahi dugu kultura-proiektuen eta gizartearekin sortzen dutenen artean; era berean, baliabide ekonomiko berriak erakarri nahi ditugu, bereziki eremu pribatukoak, eta Gipuzkoako kultura-jarduerari iraunkortasun handiagoa eman nahi diogu”.

Piztu META! ekimenak gainera, aukera ematen du herritarrek eta gizarte-eragileek kultura-proiektuetan eta politiketan parte har dezaten sustatzeko; kultura-proiektu eta ekimenen gizarte-laguntza testatzeko, interneteko plataformetan aurkeztuz; diru-laguntza publikoak osatzeko, proiektu bakoitzaren jarraitzaileen ekarpenen bidez; eta finantziazio publikoa gizarte-babes handiena duten proiektu eta ekimenetara bideratzeko.

Programa hau Goteo Fundazioaren bidez garatzen da. Fundazio hau programaren laguntza eta sostengua emateaz, prestakuntzaz, goteo.org plataforman META gunea sortzeaz eta hautatutako proiektuak hautatu eta laguntzeaz arduratzen da.

Iazko edizioa

META! programaren seigarren edizioak oso emaitza positiboa izan zuen, jasotako 36 proiektuetatik 15 aukeratu baitziren eta 14 arrakastaz finantzatu baitziren. Herritarren ekarpena 67.722 eurokoa izan zen eta Aldundiarena 70.000 eurokoa. Guztira 1.222 pertsonak hartu zuten parte, 55 euroko batez besteko ekarpenarekin.

Guztira, sei edizioak batuta, Piztu META! proiektuari esker 92 herritar-proiektu finantzatu dira, eta 886.871 euroko ekarpena egin zaio lurraldeko kultura-sareari.

Aurreko deialdian parte hartu zuten proiektuak

Oraingo honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako Departamentuarekin eta Goteo Fundazioarekin batera izan dira iazko edizioan parte hartu zuten bi proiekturen sustatzaileak.

Ander Gisasolak KZ50, historia de un cineclub proiektua aurkeztu du, Kresala zineklubaren historiari buruzko dokumentala, hain zuzen. Gisasolak Kresalaren 50 urteko historiari omenaldia egiten dio. Kresala zinekluba 1972. urtean jaio zen, filmak erakutsi eta horiei buruz hitz egiteko. Zineklub horrek gaur arte iraun du eta osasun ona du.

Ander Gisasola ha presentado su proyecto KZ50, historia de un cineclub, un documental sobre el cineclub Kresala para realizar un homenaje a sus 50 años de historia. El cineclub Kresala nació en 1972 con el objetivo de exhibir películas y hablar de ellas, creando un espacio en el qe se podía hablar con libertad. Este cineclub ha sobrevivido hasta hoy y goza de buena salud.

Dokumentalean Kresalari lotutako ikusle, kide eta kolaboratzaileek hartzen dute parte. Dokumentala egiteko, zinekluban emandako film-zatiak erabili dira. Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatuko da 2022ko urriaren 19an, lehen saioaren 50. urteurrenean.

Nerea Kortabitarte, ¡Viva la diferencia, Juliette! proiektuaren sortzailea da. 5 eta 9 urte bitarteko haurrentzako ipuin ilustratua da, euskaraz eta gaztelaniaz egina. Helburu nagusia da aniztasunak eguneroko egoeretan duen garrantzia haurtzarora helaraztea.

Ipuinak trilogia bat ixten du. Bertan, bildumako lehen ipuin ilustratua Juliette, neska ausarta izan zen, berdintasuna eta genero-estereotipoak lantzeko, eta bigarrena Juliette eta Lurra izeneko planeta bat, haurtzaroan kontsumo arduratsuaren eta ingurumena zaintzearen garrantzia lantzeko.

  

2077