Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoak udalerri berri batekin esango dio agur urteari: Itsaso, 89.a

Gipuzkoak udalerri berri batekin esango dio agur urteari: Itsaso, 89.a

Desanexio dekretua onartu du Gobernu Kontseiluak, itsasoarrek joan den iraileko herri galdeketan adierazitako borondatea gauzatuz

2016/12/21

Udalerri berri batekin hasiko du urtea Gipuzkoak, 89.a. Izan ere, Itsaso udalerri independiente gisa sortzea onartu du Gobernu Kontseiluak, historikoki eduki duen herri izaera berreskuratuz. Datozen udal hauteskundeak ospatu, eta tokiko korporazio berria eratu bitartean, Aldundiak izendatuko duen batzorde kudeatzaile batek zuzenduko du udalerri eratu berria. Batzorde hori 2015eko hauteskundeetan, Itsasoren lurralde eremuko mahaian izandako emaitzak errespetatuz sortuko da. Bost kidek osatua izango da, eta kide guztien artean aukeratzen duten persona edukiko du buru.

          Imanol Lasa foru bozeramaileak azaldutakoaren arabera, desanexio dekretuarekin batera, banantzeari buruzko udal espedientean sartu den estipulazio juridiko eta ekonomikoen agiria ere onartu da. Ezkio-Itsasoko Udalak onartu zuen agiri hau, 2016ko martxoaren 16ko udal osoko bilkuran; eta data horretan bertan eragindako alderdi guztiek sinatu zuten. Udalerri batean zein bestean sortutako egoera berria arautzen du dokumentuak, besteak beste, udal zerbitzuen prestazioari, udal bateko zein besteko langileei eta bien arteko lankidetza eta elkarrekiko laguntzari dagokienez.

Erabaki honekin, Itsasoko bizilagunek “gehiengoz eta modu argian” adierazitako borondatea gauzatuko du Aldundiak. 2016ko irailaren 18an egin zen kontsulta, eta emaitza hauek izan zituen: boto eskubidea zuten 140 auzotarretatik (emakumezkoak: 62; gizonezkoak: 78), 119k (emakumezkoak: 53; gizonezkoak: 66) eman zuten botoa (%85). Horietatik, 88 Itsaso berriro udalerri izatearen alde agertu ziren (boto eskubidea zutenen %63 inguru; eta eskubide hori erabili zutenen %74 inguru); eta 26, aitzitik, kontra.  

Foru bozeramaileak adierazi duenez, modu honetan, “erabaki antidemokratiko bat” erreparatu egiten da, Ezkio eta Isaso bat egitera derrigortu baitzituzten 1964an, frankismoaren diktadurapean: “Herritarren borondateari eta iritziari sistematikoki entzungor egiten zien erregimenak inposatutako errealitatea izan zen”. Haatik, haren esanetan, udalerri independentea izatearen kontzientziari bizirik eutsi zaio, “espediente hau hastea ekarri zuen auzotarren ekimenak, ukitutako subjektu guztiek (udalak, Foru Aldundiak, Itsaso Bherria batzorde sustatzaileak eta Ezkioko Herri Batzarrak) prozesu guztian zehar izan duten inplikazio aktiboak edo kontsultan izandako parte hartze handiak eta emaitzak erakusten dutenez”.

 2/2003 Foru Araua du euskarri desanexioak. Izan ere, Arauaren bigarren xedapen iragankorrak, udalerri berria sortzeko exijitzen den gutxieneko biztanlegoaren baldintzatik kanpo -2.500 biztanle- uzten ditu frankismoan bat egitera derrigortuak izan ziren udalerriak. Lasak gogorarazi duenez, estatuko legeak ere, 5.000 biztanle exijitzen ditu, baina arlo honetan eskumena Aldundiari dagokio, Autonomia Estatutuak hala ezarrita: “Horrek eraman behar gaitu, beste behin, gure singularitatearen eta autogobernuaren balioa aldarrikatzera”. Xedapen iragankor hau izan zen ere beste hainbat aurrekari ahalbidetu zituena, hala nola Leaburu, -lehen Leaburu-Gaztelu-; Altzaga, lehen Itsasondoko parte zena; edo Ikaztegieta, Orendain eta Baliarrain, garai batean Hiruerrieta izenarekin bat egindakoak.

 Lasaren irudiko, foru dekretuarekin, Ezkio-Itsasoko herritarrek, bertako Udalak, eta Aldundiak elkarlanean egindako bidea borobildu egiten du foru dekretuak. “Gauzak behar bezala egin dira, beti ere lankidetzan, elkarrizketan eta elkarrekiko errespetuan oinarrituta. Partaidetza prozesua egin zen, iritzi eta ekarpen guztiak aintzat hartuz, eta sakonki aztertu zen desanexioaren bideragarritasun ekonomikoa zein jurdikoa”. Itsasoko herritarrei zorionak eman, eta zorte ona opa die, aro berri honetan Aldundiaren “elkarlanerako prestutasuna” eskainiz.

Landa eremuari babes handiagoa eta hobea

Lehen sektoreari bultzada berri bat emateko bi laguntza deialdi onartu ditu ere Kontseiluak. Aurrenekoak nekazaritza ustiategietan inbertsioak eta landa eremuko garapena bultzatzea du helburu, ustiategien bideragarritasuna hobetuz. Lagundutako lan ildoen artean, hauexek daude: ustiategien ekoizpena merkatuaren beharretara egokitzea; enpresa kudeaketa eta ustiategien errentagarritasuna hobetzea; ekoizteko ahalmena handitzea; ingurumen iraunkortasuna hobetzea; abereen higienea eta ongizatea, elikagaien segurtasuna, ekoizpenen ibilbidea eta laneko segurtasuna hobetzea; eta inbertsio berritzaileak ahalbidetzea.

Berritasun nagusiak bi dira. Alde batetik, 500.000 eurotan handitu da dotazio ekonomikoa 2016ko deialdiarekiko; 2.750.000 euro inbertituko dira guztira. Halaber, dirulaguntzen deialdia nabarmen aurreratuko da, tramitazioa azkartzeko –lehen ekaina-uztailean egiten zen-, eta eskaerei modu eraginkorrean aurre egin ahal izateko. “Baliabide gehiago bideratuko ditugu, sektorearekiko dugun konpromisoa finkatuz, eta horrez gain, gure desburokratizazio politikari jarraiki, prozesua aurreratu eta azkartu dugu, eskatzaileek zer babes ekonomiko izango duten ere lehenago jakin ahal izateko”, azaldu du Lasak.

Dirulaguntza hauek “oso harrera ona” ari dira edukitzen. Gipuzkoako nekazaritza sektoreak “etengabeko hobekuntzarekiko” duen jarrera ona erakusten dute, bozeramailearen esanetan. 2016an, 141 ustiategi izan ziren onuradun, guztira.

Kontseiluak onartutako beste deialdia, nekazari gazteek enpresak sortzeko laguntzak arautzen dituena da. Nekazaritzan “ondo prestatutako eta trebatutako gazteak” sartzea da landa garapen politikaren beste ardatz bat da, belaunaldien erreleboa bultzatuz, eta landa lurren tokiko garapena, dibertsifikazioa, enpresen sorrera eta garapena, eta enplegua sustatuz. Kasu honetan ere, arrazoi berdinengatik 2017rako deialdia aurreratzea erabaki da, eta 2016rekiko dotazio ekonomikoa handitu du Aldundiak. 810.000 euro inbertituko ditu, iaz baino 135.00 gehiago. Aurten, dirulaguntzoi esker, 19 gaztek hasi dute bidea sektorean, enpresa berriak sortuz, edo martxan zuedenak bere gain hartuz.

Errepideen pintaketa

Aldundiaren ahalmen handiko sareko errepideetan, seinale horizontalak margotzeko zerbitzua kontratatzeko baldintza administratiboen agiria onartu du, azkenik, Aldundia. Epea bi urtekoa izango da, beste bi urtez luza daitekeena; eta 999.844,48 euro, gehi % 21eko BEZari dagozkion 209.967,34 euro. Seinale horizontalak margotzeko lanak “bizkor eta sistematikoki” programatu eta antolatzea ahalbidetuko du kontratu honek: “Egiten ditugun inkesta guztiek egiaztatzen dutenez, gipuzkoarrek oso nota altuarekin baloratzen dute gure errepideen kontserbazioa. Gure asmoa da baliabideak jartzen jarraitzea, eredugarritzat jo daitezkeen azpiegitura hauen mantenurako”. 

Datozen udal hauteskundeak ospatu, eta tokiko korporazio berria eratu bitartean, Aldundiak izendatuko duen batzorde kudeatzaile batek zuzenduko du udalerri eratu berria.
  

1805