Gipuzkoak zaintza eredua eraldatzeko oinarriak ezarri ditu
Gipuzkoak zaintza eredua eraldatzeko oinarriak ezarri ditu
Gipuzkoako Foru Aldundiak 82.200.000 euro bideratuko ditu zaintza ereduan “pertsonalizazioa, berrikuntza eta lankidetza” sustatzeko.
Gipuzkoako zenbait eragilerekin batera Gipuzkoa 2020>2030 Agenda estrategia baliozkotzeko prozesua amaitu ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak “agenda berritzaile” bat landu du lurraldeko gizarte politikak indartzeko. Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatua Gipuzkoako Batzar Nagusietan izan da gaur goizean Gipuzkoa 2020>2030 Agendaren ardatzak aurkezten, eta 2021ean hasitako ekintza planaren balantzea eta 2022 eta 2023rako aurreikusitako jarduera eta emaitza nagusiak azaldu ditu. “Gipuzkoa zaintzaren abangoardian kokatu nahi dugu. Horretarako, ibilbide orri zehatz bat dugu, gure ereduaren trantsizioa sustatzeko, pertsonalizaziotik, berrikuntzatik eta lankidetzatik abiatuta”, jakinarazi du. 12 jarduera-ardatz, 39 jarduera eta 80 ekintza baino gehiago adostu dira, guztira 82.200.000 milioi euroko aurrekontua dutela, eta horiek oinarritzat hartuta “Gipuzkoako gizarte politikak sendotuko ditugu epe labur, ertain eta luzera”.
Arretaren eta zaintzen agenda berria Etorkizuna Eraikiz programaren esparruan garatu da, eta egungo eta etorkizuneko gizarte erronkei erantzun partekatuak ematen dizkie. Maite Peñak bere azalpenean adierazi duenez, estrategiak adostasun zabala du; izan ere, beste erakunde eta entitate publiko batzuekin batera, zaintzaren sektoreko gizarte eragileek, profesionalek, erabiltzaileek, senideek, adituek, sindikatuek, enpresa elkarteek eta abarrek partekatu, kontrastatu eta baliozkotu dute. Gainera, Etorkizuna Eraikiz Think Tank-aren esparruan egindako Liburu Zuriaren gomendioak ere jasotzen ditu.
Estrategiaren helburu nagusia da zerbitzuetan oinarritutako zaintza eredu batetik, pertsonengan oinarritutako zaintza eredu batera igarotzea, horrela, lurraldeko gizarte politiketarako esparru berri bat bultzatuz, eta horien bitartez, besteak beste, zaintzako tokiko ekosistemak sortzeko prozesua bizkortzeko, egoitza eredua indartzeko, zaintzak pertsonalizatzeko eta etxeko arreta eskaintzeko. “2020>2030 Agendak dakarren berrikuntza nagusia da gizarte politikak trantsizioaren kudeaketarekin lotzen dituela, egin beharreko bidea luzea delako eta ezinbestekoa delako jarraitu beharreko ildoak argi edukitzea”.
Etorkizuneko zaintzak eta egoitzak
Diputatuak azpimarratu duenez, Gipuzkoak ibilbide orria finkatuta dauka, “etorkizuneko erronkei aurrea hartu eta horiei erantzun ahal izateko, gero eta desoreka gutxiago dituen eta kohesionatuagoa den lurralde bat eraikitzen jarraitzeaz gain”, eta gaineratu du, oro har, bost emaitza espero direla: COVIDaren aurkako estrategia indartzea, zaintza eredua sendotzea, gobernantza eredu berriak bultzatzea, berrikuntza sustatzea eta zaintza ebaluatzeko sistema “sendotua, parte hartzaile eta partekatua” ezartzea.
Egoitzei eta zaintzei dagokienez, Kabiarekin eta Adinberrirekin batera egin da lan, eta diputatuak zehaztu du datozen hilabeteetan aurkeztuko dela egoitzen etorkizunari buruzko azterlana, ikuspegi estrategikoa emanez, esperientzia pilotuak diseinatuz eta Gipuzkoan arreta eta zaintza eredu berriak sustatzeko gomendioak ere bilduko dituena. Gainera, iraupen luzeko zaintzak indartzeko estrategia bat ezarriko da, eta Gipuzkoako tokiko ekosistemei zuzendutako plataforma digitalak garatuko dira, bai eta egoitza zentroetarako ikaskuntza plataforma digital bat ere, jardunbide egokiak, esperientziak eta ikaskuntzak trukatzeko.
COVID-19aren aurkako borrokari dagokionez, egoitzek beren kontingentzia planak, protokolo eguneratuak eta behar duten babes materiala dute Aldundiak hornituta; eta datozen hilabeteetan, Gipuzkoako Esku-hartze Sozialerako Gogoeta Etikoaren Taldean egiten ari den lanean oinarrituta, eguneratutako etika kodeen aplikazioa bultzatuko da. Bestalde, egoitzek esperientzia pilotuak eta prestakuntza esperientziak jarriko dituzte abian, langileen emozioen eta harremanen zaintza ardatz hartuta. Halaber, ratioei heltzeko esparru estrategiko bat ezarriko duen azterlan bat egingo da, betiere ereduaren bilakaera eta aldaketa bakoitzerako eskatzen diren ratioak kontuan hartuta.
Era berean, teknologia berrien erabilera eta ezarpena bultzatzen jarraituko da adinekoen zaintza hobetzeko, etxean zein egoitzetan, lotura komunitarioak indartuz eta boluntariotza sustatuz, eta pixkanaka-pixkanaka eraikinen eta espazio fisikoen egokitzapen gehiago eginez, eredu berrian oinarrituta. Eredu horrek gero eta etxeko giro handiagoa du, eta 15 eta 18 pertsona arteko bizikidetza unitate txikietan antolatuta egongo da.
Azkenik, Gizarte Politiketako foru arduradunak azaldu duenez, 2020>2030 Agendak, datozen bi urteetarako, aurreikusten du gizarte boluntariotzako programa berri bat ezartzea, gizarte berrikuntzako proiektuak finantzatzeko laguntzak ematea, tokiko zaintza ekosistemak garatzea, etxeko arreta eredu berri batera jotzeko lurralde estrategia bultzatzea, bakardadeei aurre egiteko Gipuzkoako estrategia hedatzea, eta gizarte politiken eta gizarte zerbitzuen kasu konplexuen erreferentzialtasun eredu berri bat ezartzea. Sareko ebaluazio eredua garatzeaz gain, plan estrategikoak garatuko dira haurren babesaren, gizarteratzearen eta desgaitasunaren arloan, bai eta eredu integral berri bat ere, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko eta kolektibo horrentzako arreta integraleko zentro berri bat eraikitzeko.
2554