Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoako 300 enpresa industrialekin egin du lan ZIURrek bere ibilbideko lehenengo urtean

Gipuzkoako 300 enpresa industrialekin egin du lan ZIURrek bere ibilbideko lehenengo urtean

Ainhoa Aizpuru diputatuaren ustetan, azpiegitura “inoiz baino beharrezkoagoa da”, COVID-19 gaitzak eragin duen “digitalizazio azeleratua” dela eta

2020/11/11

Gipuzkoako 70 enpresa industrialek hartu-eman estua izan dute ZIURekin, Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroarekin, eta beste 200 enpresa baino gehiago harremanetan jarri dira, lankidetzan aritu dira edota antolatutako ekintzetan hartu dute parte. Hau da, zenbakitan, Donostiako Zuatzu industrialdean dagoen ZIURren zentro fisikoaren bizitzako lehen urtearen balantzea, iazko azaroaren 15ean ireki baitzituen ateak. Proiektu Estrategikoetako foru diputatu eta ZIUR Fundazioko presidente den Ainhoa Aizpuruk ibilbidearen balorazio positiboa egin du, hamabi hilabete hauetan proiektua nabarmen finkatu eta egonkortu dela adierazi du. "Argi geratu da egin genuen apustua egokia izan zela, gure industriak horrelako azpiegitura bat behar zuela digitalizazioaren erronkari aurre egin ahal izateko", defendatu du.

Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, Koldo Peciña ZIUReko zuzendariarekin batera, Zibersegurtasun Zentroak orain arte egindako lanaren balantzea egiteko. Aizpuruk gogorarazi duenez, Etorkizuna Eraikizen baitan sortu zen proiektua da ZIUR, hau da, Gipuzkoaren etorkizuna modu kolaboratibo eta parte-hartzailean eraikitzeko foru estrategiaren baitan. "4.0 industriaren eta digitalizazioaren etorrerarekin, gure enpresa industrialak eraldaketa eta errealitate berrira egokitzeko prozesu betean zeuden eta daude; agertoki berri bat da, aukera eta mehatxu propioak dituena, eta azken hauen artean nabarmentzen dira zibererasoak", azaldu du Aizpuruk.

Foru diputatuaren arabera, COVID-19 gaitzaren pandemia globalaren etorrerak prozesua bizkortu du. "COVID-19ren krisiak eta horri aurre egiteko hartutako neurriek, hala nola urruntzeak eta konfinamenduak, digitalizazio behartu edo bizkortu moduko bat bultzatu dute. Guztiok igo behar izan dugu ia egun batetik bestera baliabide telematikoak eta telelanaren trenera, eta horrek zibersegurtasunak suposatzen duen mehatxua ere biderkatu egin du", nabarmendu du. Hala, IBMren txosten baten arabera, urteko lehen hiruhilekoan zibererasoak % 125 hazi ziren Europan. "Egoera honen aurrean, agerian geratzen da ZIUR bezalako proiektuak inoiz baino beharrezkoagoak direla", azpimarratu du.

Horren harira, foru arduradunak azpimarratu du ZIURek Foru Aldundiaren agenda estrategikoaren zati garrantzitsua izaten jarraitzen duela, eta duela gutxi berretsi duela foru erakundeak lurraldeko ekonomiarentzat "gaur egun funtsezkoa den" proiektu bat bultzatzen jarraitzeko konpromisoa. Hala ere, pandemiaren testuinguruan ZIURek "ihes egiten utzi ezin duen aukera bat" duela ere azpimarratu du Aizpuruk: pandemia osteko berreraikuntzarako Europak abian jarri dituen funtsak. "ZIUR bat dator % 100ean Europak pandemia osteko agertoki horretarako ezarri dituen ezaugarriekin, funts horien bidez bultzatu dena baita jasangarritasuna, digitalizazioa, erresilientzia... bezalako ezaugarriak. Baliabide horiek eskuratzeak jauzi kualitatibo garrantzitsua ematen lagunduko lioke ZIURri, eta, esan dugun bezala, egungo testuinguruan berebiziko garrantzia duen proiektu bat dimentsionatzen lagunduko liguke", azpimarratu du.

 

Iragana, oraina eta etorkizuna

Peciñak, bere aldetik, nabarmendu du ZIURek bere zentroaren bizitzako lehen urterako lau konpromiso ezarri zituela, eta lauak bete direla. Lehenik eta behin, zentro fisikoa bera egokitzeko behar diren inbertsioak egitea. Bigarrenik, ekipamendu eta sistema informatikoez hornitzeko beharrezko inbertsioak egin dira, zibersegurtasun industrialeko laborategia abian jartzeko eta webgune korporatiboa aktibatzeko beharrezkoak direnak barne. Hirugarrenik, ZIURek Gipuzkoako industriari ematen dizkion zerbitzuak eta jarduerak finkatu eta zabaldu dira, haien zibersegurtasun gaitasunak indartzeko; hala nola, hartu diren neurrien artean daude bideratze-aholkularitza, zibersegurtasun behatokia, laborategia edo sentsibilizazio eta prestakuntza tailerrak. Eta, azkenik, industriarekin eta Gipuzkoako zibersegurtasunarekin lotutako eragileekin (AFM, Elkargi, Gipuzkoako Bazkundea, unibertsitateak, ezagutza- eta prestakuntza-zentroak) lankidetzan oinarritutako lan-eredua garatu da.

"Hau da, lau konpromiso horiek gauzatuta, esan dezakegu ZIUReko zentro fisikoak bere zutabeak jarri dituela bere gaitasun osora funtzionatzeko", azaldu du Peciñak. Hala, hartutako neurrien artean, zibersegurtasuneko laborategiaren gaikuntzarekin garatutako jarduerak nabarmendu ditu; horri esker, erakusketa-laborategia, sareko segurtasuneko laborategi teknologikoa, produktuaren segurtasuneko laborategi teknologikoa eta zibersegurtasun industrialeko laborategia hedatzen hasi dira. Zibersegurtasuneko behatokiaren kasuan, duela gutxi Gipuzkoako industriaren esku jarritako zibersegurtasuneko autodiagnostikorako tresna nabarmendu du, eta datozen asteetan ZIURren zentroaren bizitzako lehen urtean egindako mehatxu, zibereraso eta jarduerei buruzko lehen txostenak argitaratzen hasiko dela aurreratu du.

"Urtea amaitu baino lehen, hiru txosten garrantzitsu argitaratuko ditugu: zibersegurtasunaren funtzioaren gida, zibersegurtasunaren mehatxuen txostena eta zaintza teknologikoaren eta joeren txostena", azaldu du Peciñak. Era berean, ZIURek, lankidetza-hitzarmenak sinatu dituzten eragileen eskutik, Cyber Deception teknologien bidezko erasoak detektatzeko kanpaina abiatuko duela aurreratu du. Gainera, Gipuzkoako industria-enpresen egoeraren azterketa sakona ere egingo du, segurtasun digitalaren ikuspuntutik, zibersegurtasunean kalifikatzeko irtenbide aurreratu bat oinarri hartuta. Horrekin batera, ZIURek prestakuntza tailerren eta sentsibilizazio eta trebakuntza ekintzen agenda indartzen jarraituko du.

  

1855