Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoako 59 egoitzek jaso dute dagoeneko COVID-19aren aurkako txertoaren lehen dosia

Gipuzkoako 59 egoitzek jaso dute dagoeneko COVID-19aren aurkako txertoaren lehen dosia

Pandemiaren eraginez, partida berri bat sortu behar izan da Gizarte Politikako Departamentuaren aurrekontuan, eta 2020an egindako eta 2021erako aurreikusitako gastua 23,7 milioi eurokoa da.


Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak "prebentzio neurri guztiak zorrozteko" eta COVID-19aren aurrean "ahalegin kolektiboari eusteko" deia egin du gaur goizean, Eguberrien ostean izaten ari den kutsatzeen gorakada "esanguratsua" geldiarazteko. Olanok "itxaropenerako leihoa" ireki dela esan du, adinekoen egoitzetan txertoak aurrera egiten ari direlako; izan ere, azken asteetan kutsatze kopuruak behera egin badu ere, egoera "oso delikatua" da oraindik. "Adinekoak babestea gure erabateko lehentasuna da oraindik ere. Horregatik, indarrean dagoen Zaintza eta Alerta Sisteman jasotako prebentzio neurriak ahalik eta gehien zorrozten jarraituko dugu”, berretsi du.
Gipuzkoako diputatu nagusiak gaur goizean egin ditu adierazpenok, Maite Peña Gizarte Politikako diputatuarekin batera, hedabideekin izandako topaketa informatibo batean. Bilera horretan, informazioa partekatu da COVID-19ak lurraldeko gizarte baliabide eta politiketan duen eraginari, eta adinekoen egoitzek bizi duten egoerari buruz, eta txertaketa-prozesuaren aurrerapena eta prebentzio-neurrien jarraipena ere eguneratu da, Gipuzkoako gizarte baliabideetan aktibo jarraitzen duen Zaintza eta Alerta Sistemaren baitan.
Olanok "maitasun eta hurbiltasun" mezua bidali die COVID-19arekin hildako pertsonen senideei –lurraldeko egoitzetan 144 pertsona hil dira bigarren olatuan–, eta jakinarazi du gaur egun 53 gaixo daudela bederatzi egoitzatan. Urriaren 15etik eman den positibo kopuru txikiena den arren, diputatu nagusiak gogorarazi du, azken hilabeteetako esperientziak erakusten duenez, "komunitatean kutsatutakoen kopuruak gora egiteak" berekin dakarrela egoitzetan "kutsatzeko arriskua handitzea". "Oso kontziente izan behar dugu. Oraindik ere prebentzio-neurri guztiak zorrozten jarraitu behar dugu. Erantzukizun partekatu horretan, hau da, birusaren aurkako borrokan, Gipuzkoak ahalegin kolektiboa egiten jarraitu behar du pertsona ahulenak babesteko", azpimarratu du.
Esparru horren barruan, egoitzetako langile guztien "konpromisoa eta entrega" aitortu du diputatu nagusiak, baita lurraldeko gizarte zerbitzu sare osoarena ere. Era berean, eskerrak eman dizkio DYA Gipuzkoari prebentziozko mapaketetan egindako lanagatik –82.000 proba baino gehiago egin dira uztailetik–; izan ere, "sintomarik gabeko kasuak atzemateko eta transmisioa geldiarazteko tresna oso eraginkorra" dela erakusten ari da.
Horrez gain, egoitza-sareko txertaketen aurrerapenak ireki duen "itxaropenerako leihoa" aipatu du diputatu nagusiak, "normaltasun osoz" garatzen ari dena. Izan ere, lehen dosiaren inokulazioa aste honetan bertan amaitzea espero da. Olanok nabarmendu duenez, Osakidetzarekin "lankidetza estua" izan du Foru Aldundiak txertoaren kanpaina aurrera eramateko, baina "babesa ez da egun batetik bestera lortzen", eta, beraz, "ezinbestekoa da prebentzio neurri guztietan sakontzen jarraitzea", berretsi du.
Bestalde, Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak gogorarazi duenez, egungo testuinguruan "ezinbestekoa" da segurtasun neurriak eta COVID-19aren prebentziorako protokoloak zorrozten jarraitzea, "funtsezkoa" baita birusaren transmisioa geldiarazteko. Horren harira, uztailetik, eta "DYAren lan eskergari esker", 82.161 PCR proba egin direla esan du, "hau da, batez beste zortzi proba erabiltzaile eta langile bakoitzeko, sei hilabete eta erdian", zehaztu du. Azken astean prebentzio-mapaketak areagotu egin dira eta 6.600 PCR proba egin dira; horietatik 5.500 egoitzetako langileei egin zaizkie, sintomarik gabeko kasuak detektatzeko eta, horrela, birusaren transmisioa geldiarazteko.
Txertaketa prozesuari dagokionez, diputatuak esan du ez dagoela lasaitzerik eta neurri guztiak zorrozten jarraitu behar dela, babesa ez baita lortzen bigarren dosia jaso ondorena arte. "Osakidetzarekin lankidetza estuan lanean jarraitzen dugu, eta Gipuzkoan aurreikuspen guztiak betetzen ari dira, txertaketa prozesua normaltasun osoz garatzen ari da, eta dosiak ia egoitza guztietan inokulatu dira, 65 egoitza-zentroetatik 59tan", azaldu du Maite Peñak. Aurreikuspenen arabera, aste honetan bertan amaituko da lehen dosia ematen, eta bigarrena igandetik aurrera emango da, 21 egunen buruan. "Beraz, otsaileko lehen asterako, gutxi gorabehera, erabiltzaile eta langile guztiak txertatuta egotea aurreikusten dugu", esan du diputatuak.
"Erronka erraldoi bati aurre egiten ari gara, mundu osoa eraldatu duena, eta guztion egokitzeko gaitasuna frogatu duena. Gure egunerokoa aldatu egin da zentzu guztietan, eta COVID-19a ere eragin handia izaten ari da aurrekontuetan, nola ez", esan du Peñak, eta pandemiaren ondorioz sortutako egoeraren ondorioz Gizarte Politikako Departamentuaren aurrekontuan partida berri bat sortu behar izan dela zehaztu du, COVID-19ak sortutako gastuei aurre egitera bideratuta. 2020an egindako gastua eta 2021erako aurreikusitakoa 23,7 milioi eurokoa da, 13,2 eta 10,5 milioi euro, hurrenez hurren.
 
  

2137