Gipuzkoako arrantza denboraldia martxoaren 19an hasiko da
Gipuzkoako arrantza denboraldia martxoaren 19an hasiko da
Hil gabeko arrantza zabaltzeari eta Aldundiak hartutako neurriei esker, nabarmen hobetu da ibaien eta hainbat espezieen egoera, hala nola amuarrainena
2021/03/15
Martxoaren 12an argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 2021eko arrantza denboraldiaren hasieraren berri ematen duen agindua, eta ostiral honetan, martxoaren 19an, irekiko da. Horrez gain, aurten, Gipuzkoako arrantza kontinentalari buruzko araudia jasotzen duen gida bat argitaratu da. Bertan, besteak beste, arrantzatu daitezkeen espezieak, aldiak, neurriak, tarteak edo arro bakoitzaren xehetasunak jasotzen dira. Azken horiek, gainera, QR kodeak dituzte google maps aplikazioaren bidez kokatzeko. Gida formatu digitalean (Aldundiaren webgunean, https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/ehiza-arrantza/pesca/zonas estekan) eta paperezko formatuan (Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan eta Gipuzkoako Arrantza Federazioaren egoitzan) eskuratu ahal izango da.
Arantxa Ariztimuño Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendariak azpimarratu du lurraldeko ibaiek urtez urte "hobera" egin dutela, Aldundiak abian jarritako ekintzen ondorioz. Joera orokor horri hil gabeko arrantza modalitatearen "pixkanakako hedapena" gehitu behar zaio, "bereziki belaunaldi gazteen artean. Gure ibaiez gozatzeko modu asko daude, eta arrantzaleak dira, besteak beste, ibaien egoera zuzenean bizi dutenak. Arrantzaleen portaeran bilakaera bat ikusi da, eta hainbat espezie populazioen egoerarekin kontzientziatuta, tartean amuarrain arruntarena, hil gabeko arrantzaren aldeko apustua hedatu dute. Gaur egun, salbuespenak salbuespen, belaunaldi gazteek ingurumena errespetatzen duen eta arrain espezieak zaintzen dituen arrantza mota bat egiten dute. Azken finean, badakite euren zaletasunaz gozatu ahal izateko, ezinbestekoa dela amuarrainen eta gainerako espezieen ongizatea bermatzea", azaldu du.
Zuzendariak adierazi duenez, adierazle ugarik erakusten dute Gipuzkoako ibaiek "gero eta osasun hobea" dutela. Adierazle horien artean, Aldundiak urtero egiten duen azterketaren emaitzak daude; azterketa horrek argi eta garbi erakusten du zenbait arrain espezieren joera "positiboa" dela. Horien artean amuarrainaren beraren kasua dago (Salmo trutta). Espezie honek gainbehera nabarmena jasan zuen gure ibaietan joan den mendeko azken hamarkadan eta mende honetako lehenengoan. "Hala ere, azken 10 urteetan, joera hori geldiarazteaz gain, amuarrain populazioaren susperraldia aurreikusten duen adierazle bat nabarmentzen da: amuarrain-kumeen populazioak gora egin du hirugarren urtez jarraian. Ondorioz, datozen urteetan amuarrain helduen populazioek bide beretik jarraitzea espero dugu", adierazi du zuzendariak.
Amuarrainek eta salmonidoek, oro har, klima aldaketaren ondorioak zuzenean pairatzen dituzte, eta gero eta latitude altuagoetan agertzen dira. "Gure kasuan, ordea, joera kezkagarri hori motelduz doa eta hoberako bidea hasi du; horrek erakusten digu Aldundiak eta departamentuko teknikariek urteetan zehar egindako lanak fruitua ematen ari direla". Ibaiak leheneratzeko, hainbat neurri hartu dira, hala nola isurketak eta emari ekologikoa kontrolatzea, ibilguak naturalizatzea edo izokina (Salmo salar) eta hain mehatxatua dagoen arrain hiruarantza (Gasterosteus aculeatus) leheneratzeko planak abian jartzea.
Horri dagokionez, nabarmentzekoa da LIFE-IREKIBAI mugaz gaindiko proiektua, 3 milioi euroko inbertsioa ekarri baitu 2016an abian jarri zenetik. Horietatik % 60 (1.800.000 euro) Europar Batasunaren Life proiektu batetik datoz, eta horri esker hobetu dira bai ur masak, bai Batasunaren intereseko habitaten eta ibai espezieen kontserbazio egoera, Natura 2000 Sareko sei gunetan, esaterako, Leitzaran eta Bidasoa ibaietan, eta Artikutzan. Konektibitatea hobetzeko ekintzek eragin positiboa izan dute gure ibaietan bizi diren arrain espezieetako batzuetan.
Ariztimuñok nabarmendu duenez, "ibaien ekosistemak eta, oro har, gure ingurumena hobetzea helburu garrantzitsua da Foru Aldundiarentzat, Gipuzkoaren etorkizuna eraikitzeko eta klima aldaketari aurre egiteko apustuaren barruan. Hori lortzeko lan handia egiten ari gara, tokian bertan ekintzak eginez eta herritarrak sentsibilizatuz. Guztion zeregina da gure natura ingurunearen gozamena eta zaintza bateragarri egitea”.
2247