Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoako artxiboei esker, online berreraiki daiteke familiaren zuhaitz genealogikoa

Gipuzkoako artxiboei esker, online berreraiki daiteke familiaren zuhaitz genealogikoa

Gipuzkoako Artxibo Atariak 715.000 erreferentzia dauzka, eta 1.680.000 irudi eta dokumentu baino gehiago.

2020/04/08

Kulturako diputatu Harkaitz Millanek herritarrak animatzen ditu:  “Gipuzkoako artxiboen webguneak bisitatzea aukera ona da konfinamendu denbora hau betetzeko, eta aurkitzeko, eskura dugula Gipuzkoaren eta bertako biztanleen historiaren parte oso garrantzitsu bat, klik soil batez”.

Izan ere, sarean kontsultatu daitezke, alde batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren mende dauden artxibo historikoak –Gipuzkoako Artxibo Orokorra (Tolosa) eta Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa (Oñati)–, eta bestetik, udal artxiboak, eliza-artxiboak, eta hainbat artxibo pribatu. Gainera, informazioa zabaltzeko ekintzak azkartu dituzte, bilatzaile-atariak milaka dokumentu-erreferentzia berriz hornituz eta milaka irudi berri gehituz.

Foru artxiboek Gipuzkoako artxiboetako orrialdeetan "murgiltzera" gonbidatzen dute, familia bakoitzaren zuhaitz genealogikoa berreraikitzeko. Berreraikitze hori egitea ahalbidetzen duen informazioa lurraldeko artxibo ezberdinetan gordeta dago. Duela urte batzuk, beharrezkoa izango zen leku batetik bestera mugitzea, eta dokumentuak ordutegi jakin batean kontsultatzea. Teknologia berriei esker, ordea, artxibo asko zabalik daude eguneko 24 orduetan, urteko 365 egunetan.

Harkaitz Millan: “Gure jatorria ezagutzea, gure genealogia egitea eta gure familiei buruz ikertzea, gure artxiboetan dagoeneko tradizioa duen jarduera bat da.  Jende asko dago gai horietan interesatuta, gure zentroak eta gure webguneak bisitatzen dituztenak”. Hain zuzen ere, interes horren eta eskari horren jakitun, Gipuzkoako Artxibo Orokorrak argitara eman zuen Gipuzkoan familiak berreraikitzeko gida (XV-XIX) liburua, F. Borja Aguinagaldek idatzia, erabiltzaileei informazioa emateko, iraganerako bidaia zoragarri horretan nola "moldatu" jakitearren.  Gidaliburu horren edizio digitala hemen aurki daiteke: 

http://www.artxibogipuzkoa.gipuzkoakultura.net/libros-e-liburuak/elkarlanak-encuentros-es.php

Gure familiari buruzko ikerketa bat hasi ahal izateko, abiapuntua da 1900 baino lehen jaiotako gure arbasoen izena ezagutzea (izan daiteke, hala badagokio, gure aitona edo amona, birraitona, birramona…). Informazio horrekin, datu osoak aurki ditzakegu arbaso horien sakramentu, bataio, ezkontza edo heriotza liburuetan (beti 1900 baino lehenagokoak), Donostiako Elizbarrutiaren artxiboko bilaketa-atarian (https://artxiboa.mendezmende.org/es/inicio.html). Gomendagarria da Sakramentu Liburuen Indizazio Arauak irakurtzea; ez duzu denbora askorik beharko eta ikerketan lagunduko dizu.

Baina, zure familia baldin bada Gipuzkoakoa, Bizkaikoa edo Arabakoa, edo lurralde horietan bizi izan bada, Euskal Jaurlaritzako artxiboen ataria kontsultatu beharko zenuke –https://dokuklik.euskadi.eus/sacramentales/sacramentalesbilatzailea–, bertan hiru lurraldeetako sakramentu liburuak baitaude eskuragarri.

Atari horietan, gure arbasoak identifikatu ditzakegu, haien abizenak, gurasoen izenak, eta, jaio, ezkondu edo hil ziren herriak. Eta gure ikerketarekin jarraitu.

Gure arbasoak identifikatu ondoren, jauzi bat eman dezakegu, eta haien jarduera publikoak edo pribatuak ezagutu ditzakegu, haien bizitza, azken batean, ehunka mila dokumenturen bitartez, zure eskura jartzen baitituzte Foru Aldundiko artxibo historikoek (Gipuzkoako Artxibo Orokorra eta Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa), Gipuzkoako Artxibo Atariaren bidez: http://artxiboataria.gipuzkoa.eus/jopac/ .

Bi artxiboetan aurki ditzakezu zure arbasoek emandako notario eskriturak (1919ra arte), testamentuak, salerosketak, ezkontza-kontratuak, lan kontratuak, ondasunen eta herentzien inbentarioak, lagapenak, etab, eta jakin dezakezu orain badauzkaten edo inoiz eduki zituzten. Familiaren baserriari buruzko datuak bilatu nahi badituzu, eskura dituzu, notario funtsez gain, hipoteka-ofizioak, Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan. Ez badituzu topatzen datu horiek, orobat ikertu dezakezu notario protokoloetako aurkibideetan, denak digitalizatuta baitaude. Gure familien eguneroko beste alderdi batzuk ezagutzeko beste iturri interesgarri batzuk auziak dira, hau da, Korregimenduko Auzitegian (lehen eta bigarren auzialdiko auzitegia) auzitan jardundakoak, Gipuzkoako Artxibo Orokorrean gordetzen direnak. Auzien arrazoiak oso gaurkoak irudituko zaizkizue: herentziak, kontratuak ez betetzea, zorrak, irainak, lapurretak, eta estuproak, besteak beste, XVI. mendetik XIX. mendera bitartekoak. Kasu batzuetan, auziek jarraiu egiten zuten Valladolideko Errege Auzitegian eta Kantzelaritzan. Informazio hori eskuragarri dago hemen:  http://pares.culturaydeporte.gob.es/inicio.html

Informazio hori guztia osatzeko, foru artxiboetan eta udal artxiboetan gordeta dauden kaparetasun espedienteak erabil daitezke.

Gaur egun, Gipuzkoako Artxibo Atarian kontsulta ditzakezu testu eta argazki dokumentuen 715.000 erreferentzia eta 1.680.000 irudi baino gehiago, nahiz eta oraindik lan handia dagoen aurretik, –online– eskuragarri jartzeko, artxibo horietan gordetzen den dokumentazio osoa. Interesatzen zaizkizun dokumentuen irudiak aurkitzen ez badituzu, Atariaren bidez eskatzeko aukera duzu.

Udal artxiboak ere oso iturri garrantzitsuak dira gipuzkoarren eguneroko bizimodua ezagutzeko. Gipuzkoako udal artxibo askok eta zenbait artxibo pribatuk Eusko Jaurlaritzako Dokuklik / Badator https://dokuklik.euskadi.eus/ atariaren bidez zabaltzen dute beren informazioa, eta are gehiago, Gipuzkoako udal artxibo askok, hala nola Bergara, Eibar, Irun edo Donostiakoek, kontsultarako guneak ere badituzte, hango dokumentu asko ezagutu ahal izateko.

 

  

20325