Gipuzkoako birziklatze klusterreko bederatzi enpresak ikusgai jarriko dute eredu zirkular berriranzko trantsizioari egiten dioten ekarpena, herritarrei hurbiltzeko asmoz
Gipuzkoako birziklatze klusterreko bederatzi enpresak ikusgai jarriko dute eredu zirkular berriranzko trantsizioari egiten dioten ekarpena, herritarrei hurbiltzeko asmoz
Gipuzkoako birziklatze klusterreko bederatzi enpresak ikusgai jarriko dute eredu zirkular berriranzko trantsizioari egiten dioten ekarpena, herritarrei hurbiltzeko asmoz
Asensio: «Gipuzkoa ekonomia berde eta zirkular berriaren abangoardian dago, eta paradigma aldaketa hori bihurtu behar dugu gure industriarako eta herritarrentzako garapenerako eta ongizaterako aukera».
Azaroaren 19tik 27ra bitartean egingo den Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea dela-eta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak ‹GK Recycling› karpa inauguratu du. Erakusleiho ezin hobea da, herritar guztiek ekonomia zirkularra lurraldeko enpresen errealitatean nola gauzatzen den ikusi, ukitu eta ulertu ahal izan dezaten. Oraingoan, karpa Okendo plazan egongo da, azaroaren 27ra arte, 11:00etatik 18:00etara.
Bertan, ‹GK Recycling› Gipuzkoako berrerabilera eta birziklatze klusterreko bederatzi enpresak erakutsiko dizkigute irizpide ekologiko eta zirkularren baitan burutzen dituzten produktu eta prozesuak. Helburu nagusia da bisibilizatzea eta herritarrei hurbiltzea gure industria, unibertsitate eta elkarteek eredu zirkular berri bateranzko bidean egiten duten ekarpenaren egunerokoa.
Gipuzkoan ekonomia zirkularra finkatuta dago, ‹GK Recycling› birziklatzearen klusterretik abiatuta. Izan ere, ehunen bat erakunde biltzen ditu, guztira 6.500 lanpostu eta 1.425 milioi euroko fakturazioarekin, gure BPGd-ren % 5,3; 650 milioi euro baino gehiagoko inpaktu zuzena du Gipuzkoako ekonomian.
Horri dagokionez, José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak azpimarratu duenez, «kalitatezko enplegu egonkorra mantentzen jarraitu nahi badugu -horiek baitira gure ongizate sistemaren oinarri-, gazteei etorkizunerako aukerak ematen jarraitu nahi badugu eta inor atzean uzten ez duen bidezko trantsizioa nahi badugu, lehiakortasunaren aldeko apustua egin behar dugu gure ekonomiaren eraldaketa ekologikoaren bidez». Asensiok gaineratu duenez «Gipuzkoa ekonomia berde eta zirkular berriaren abangoardian dago, eta paradigma aldaketa hori bihurtu behar dugu gure industriarako eta herritarrentzako garapenerako eta ongizaterako aukera».
Aurten hainbat sektore izango dira karpan: plastikoa, eraikuntza, proiektuak eta zerbitzuak, hondakinen birziklatzea eta organizazio sozialak. Horiek guztiek lelo eta helburu bera dute: lurraldearen garapen ekonomikoaren aldeko apustua egitea, pertsonen ongizatea eta gure planetarekiko errespetua jopuntuan jarrita.
Hauek dira karpan egongo diren ‹GK Recycling› Gipuzkoako Birziklatze Klusterreko bederatzi agenteak: Egutegi Reciclados, Ekomodo, Asfaltia-Grupo Campezo, Asmatu, Sutargi, Bilibin, Ekogras, PreZero (Legazpi ABE) eta Mater Museoa.
Plastikoaren sektorea
Gipuzkoan, enpresa talde batek lan egiten du konponbide berritzaileekin, ekonomia zirkularrean oinarritutakoekin, eta erakusten dute plastikoa ere jasangarria izan daitekeela. Horixe da Egutegi Recicladosen kasua. Usurbilen dago enpresa eta hondakin plastikoak birziklatzen ibilbide luzea du. Premisa bera betetzen du Ekomodok ere, mota guztietako osagarriak (zorroak, motxilak, modako gaiak eta abar) fabrikatzen ditu enpresa honek, PET birziklatua baliatuta.
Eraikuntzaren eta altzarien sektorea
Eraikuntzaren eta horrekin lotutako zerbitzuen arloan, gero eta arreta handiagoa jartzen da eraikuntza proiektuek edo azpiegiturek ikuspegi jasangarria izan dezaten, bai erabilitako materialei, bai emisioak murrizten laguntzen duten efizientzia irizpideak aplikatzeari dagokienez. Sektore horretan jarduten dira Asfaltia-Grupo Campezo bezalako eraikuntza enpresak; zehazki, obra zibilean eta eraikuntza jasangarrian espezializatua dago. Sektore berekoa da Asmatu azpiegitura berdeetan espezializatutako ingeniaritza ere; bere lana nagusiki burutzen du ingurumen aholkularitza, eraikuntza jasangarria eta hasieratik ekonomia zirkularra eta klima aldaketa bezalako printzipioak biltzen dituzten proiektuetan.
Bestalde, Lasarteko Sutargi enpresa eta Gipuzkoako Foru Aldundia 2017az geroztik Dekosocial proiektua lantzen ari dira, ekologikoki eta sozialki arduratsua den diseinuko altzariak sortzeko, hondakinen eraldaketaren bidez. Artisau produktuak dira, eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonek egiten dituzte. Proiektuak hiru alderdiren aldeko apustua egiten du nagusiki: hondakinak berrerabiltzea, enpresak sentsibilizatzea eta kolektibo behartsuenei zuzendutako enplegua sortzea.
Zerbitzuak
Ingurumenak eta iraunkortasunak ia sektore ekonomiko guztiei eragiten diete, eta horrek eragina du aholkularitzaren sektorearen garapenean ere. Hori da Bilibinen kasua. Aholkularitza horrek laguntzen du enpresetan ekonomia zirkularraren eraldaketa aktibatzen, kulturaren eta industriaren sektoreetako enpresei konponbideak emanda metodologia kreatiboen bidez.
Hondakinak birziklatzea
Agian hondakinen kudeaketa da birziklatzearen eta ekonomia zirkularraren alorrean tradiziorik handiena duen sektorea. Ekogras, olioak birziklatzen eta bioerregai bihurtzen espezializatutako enpresa da; produktu lerro berriak sartzen joan da, kafe kapsulen eta hondarren birziklapenetik abiatuta. Hondakinekin burutzen du bere jarduera PreZero enpresak ere. Enpresa honek teknologia onenekin lan egiten du, estatu osoan zehar dituen hautaketa instalazioetara iristen diren material birziklagarrien berreskurapena maximizatzeko.
Kontzientziazioa eta sentsibilizazioa
Hondakinak lehengai bihurtzeko, beharrezkoa da gure laguntza, gure keinu txikiak, eta hor dira funtsezkoak kontzientziazioa eta sentsibilizazioa. Mater Museoa erreferentea da herritarrak itsasoko arazoen eta zaborrak gure ozeanoetan dituen ondorioen inguruan kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko kanpainetan.
5047