Gipuzkoako bizikleta bideen foru sareak inoizko erabilera daturik onenak izan ditu pandemiaren urtean
Gipuzkoako bizikleta bideen foru sareak inoizko erabilera daturik onenak izan ditu pandemiaren urtean
Gipuzkoako bizikleta bideen foru sareak inoizko erabilera daturik onenak izan ditu pandemiaren urtean
Bizikletaren Behatokiak bizikleta bidezko ia 2 milioi bidaia eta oinezkoen 6 milioi bidaia zenbatu ditu lurraldeko bidegorrietan.
Txirrindularien boomak ia lau aldiz gainditu du Europar Batasun osoko batez besteko igoera (% 8), eta Frantziakoa hirukoiztu du (% 10).
Gipuzkoan, bizikletak eta oinezko ibilaldiek etenik gabe egiten dute aurrera urtez urte, Gipuzkoako Bizikletaren Behatokiak argitaratu berri duen azken txostenak agerian uzten duen bezala; zerbitzu hori 2007tik eskaintzen da.
Behatoki horrek bizikletaz egindako ia 2 milioi bidaia eta oinezkoen 6 milioi bidaia zenbatu ditu 2020an Bizikleta Bideen Foru Sarean. Hiriarteko sare horretan inoiz lortu diren zifrarik altuenak izan dira.
2018az geroztik, Foru Sareko txirrindularien kopurua % 25etik gorako erritmoan hazi da urtero, baina 2020an hazkundea % 31koa izan da.
Txirrindularien boom hori ez da Gipuzkoakoa soilik gertatu, Europa osoan bizikletaren erabilerak goranzko joera orokorra baitu. Hala ere, Foru Sareko gorakadak ia lau aldiz gainditu du Europar Batasun osoko batez besteko igoera (% 8), eta Frantziakoa, berriz, hirukoiztu (% 10).
Bizikletaren eklosio horren arrazoiak pandemiak eragindako mugikortasun ereduen aldaketekin daude lotuta, funtsean. Horri esker, gero eta pertsona gehiagok aukeratu dute bizikletaz eta oinez ibiltzea, desplazatzeko modu higienikoagoak eta osasungarriagoak baitira eta kontaktu fisikoa murrizten baitute. Era berean, 2020an metatutako plubiometria 2019koa baino % 7 txikiagoa izan zen.
Aldi berean, aldaketa horiek zerikusia dute udal eta foru bidegorrien sarea lurraldean zehar etengabe hedatzearekin. Gaur egun Gipuzkoan dauden bidegorrien 399 kilometroek bizikleta-ibilbide seguruak eskaintzen dizkiete herritarrei, eta, horiei esker, gero eta pertsona gehiagok –batez ere emakumeek– bizikletaren alde egiten dute eguneroko joan-etorrietan eta aisialdian.
Gipuzkoako Bizikletaren Behatokiak urtero egiten dituen inkesten arabera, bidegorrien foru sarea erabiltzen duten emakumeen % 25ek eta gizonen % 15ek ez zuten bizikleta erabiltzen bizikleta-bide horietakoren bat erabili aurretik. Bizikleta-bide seguruak izatea, beraz, erabakigarria eta ezinbestekoa da pertsona gehiago –eta, bereziki, emakume gehiago– txirrindularitzara erakartzeko. Izan ere, foru sarea erabiltzen duten emakumeen ehunekoak gora egin du pixkanaka, 2019an % 21ekoa izatera iritsi arte.
Oinezkoen mugikortasuna
Aipagarria da, orobat, Bizikleta Bideen Foru Sareak hiriarteko oinezkoen mugikortasuna sustatzeko egindako ekarpena; izan ere, bidegorrietan egiten diren joan-etorrien hiru laurden oinezkoek egiten dituzte.
Oinezkoek eta txirrindulariek foru sarean egindako bidaiak batuta, 2020an 7,9 milioi joan-etorri zenbatu ziren (batez beste 21.700 bidaia egunean), hau da, Lurraldebusek 2019an garraiatu zituen bidaiari guztien % 31,4; beraz, aurreko urtearekin alderatuta, ia milioi bat joan-etorri gehiago egin ziren.
Nabarmentzekoa da lau bidegorritan oinezkoen eta txirrindularien bidaiak % 40 baino gehiago igo zirela: Eskoriatza – Leintz Gatzaga ( % 52), Azpeitia – Lasao eta Zizurkil – Asteasu ( % 43), eta Soraluze – Bergara ( % 40).
Igoera hori are nabarmenagoa da, pandemiaren ondorioz martxoan eta apirilean indarrean zeuden mugikortasun murrizketa gogorrak kontuan hartuta; izan ere, oinezkoen eta bizikleten joan-etorriak % 53 eta % 89 jaitsi ziren martxoan eta apirilean, 2019ko hilabete berberen aldean.
Pandemiaren baldintzatzaileak alde batera utzita, eta aurreko ekitaldien ildotik, emaitzek agerian uzten dute Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Planean aurreikusitako bidegorrien hedapen progresiboa faktore erabakigarria dela mugikortasun jasangarriaren pisua handitzeko eta bizikletaren erabileraren normalizazioan eta oinezkoen joan-etorrietan aurrera egiteko Gipuzkoan.
Era berean, foru diputatuak bizikletaren eta oinezkoen aldeko esperientzien III. Jardunaldia aurkeztu du " Erronak etairakaspenak pandemiaren ondorengo mugikortasun jasangarri berrirantz " gaiaren pean. Jardunaldia datorren astelehenean, martxoak 29, izango da, online formatuan, eta mugikortasun aktibo iraunkorrean inplikatutako teknikari, eragile ekonomiko eta sozial guztiei zuzenduta dago.
Horrez gain, eztabaida-mahai bat egingo da hainbat elkarte-eremu garrantzitsutako lau emakumerekin, besteak beste, Bizikletaren Aldeko Hirien Sarearekin. Bertan, Covid 19 pandemiaren ondorioz aurre egin behar izan dieten mugikortasun-erronkak, -zailtasunak eta -aukerak aurkeztuko dituzte.
1790