Gipuzkoako enpresa ehunaren lehiakortasuna babesteko deialdia onartu da
Gipuzkoako enpresa ehunaren lehiakortasuna babesteko deialdia onartu da
3,1 milioi euro bideratuko dira urteroko programa honen bidez 2019an, bost lan ildo desberdinetan
Foru Aldundiak 3.175.000 euro bideratuko ditu 2019an Gipuzkoako enpresa ehunaren lehiakortasun, jasangarritasun eta lankidetza indartzeko, Diputatuen Kontseiluak atzoonetsitako urteko laguntza deialdiaren bitartez. Programak bost lerro ditu: 1.990.000 eurokoa Gipuzkoako enpresen lehiakortasuna sustatzeko; 400.000 eurokoa enpresa jarduera jarraitzeko proiektuak finantzatzeko; 650.000 euro enpresa arteko lankidetza-dinamikak egituratzeko; 350.000 eurokoa ekonomia zirkularra enpresa jardueraren balio kate osoan integratzeko; eta 325.000 eurokoa ekonomia sortzailea balioesteko.
Azken bi lerro horiek joan den urtean sartu ziren berrikuntza gisa, eta mantendu egin dira balorazio ona dutelako. Lehenengoaren bidez sustatu nahi da egungo eredutik eredu zirkular batetara igarotzea; hau da, lehengai eta energia kopuru handien kontsumoan eta ekoizpenaren eta kontsumoaren ekonomia lineal batean (erauzi, eraldatu, kontsumitu eta bota) oinarritutako eredutik, produzitzeko eta kontsumitzeko era eraginkorrago batetara, baliabideak eta energia ahalik eta gehien optimizatzeko, eta hondakinik ez sortzeko. «Ekonomia zirkularrak garapen aukera garrantzitsuak sor ditzake, hazkundea eta iraunkortasuna uztartuta. Negozio aukerak, eta ingurumenekoak, bai enpresentzat eta baita herritarrentzat ere», esan du bozeramaileak.
Ekonomia sortzaileari dagokionez, ideia berriak eta ezagutza sortzea ekarriko duten jarduera ekonomiko eta industrialak sustatuko dira; hau da, lurralde baten gaitasunak garatzeko eta sustatzeko abantaila konpetitibo gisa sormena hartzen duten jarduerak. Helburua da gure enpresek ezaugarri bereziak dituzten produktuak eta zerbitzuak gara ditzaten baldintzak sortzea, funtzionalitateari eta prezioari bakarrik begiratu gabe, eta ezagutzaren aurrerabide azkarrari eta gizarteari erantzutea, denbora-faktorea erabakigarria baita haren bilakaeran.
Joan den urtean, deialdi honen bidez 135 proiektu gauzatu ziren. Lehiakortasunari lotuta, babesa eman zitzaien 84 proiekturi eta, ondorioz, enpresen prozesuetara ezagutzak, tresnak eta baliabideak eransteko aukera eman zen, besteak beste informazioaren kudeaketarako sistema aurreratuak, datuak eta ezagutzak; horrela, enpresa horiek merkatuan duten posizioa hobetu eta indartzeko aukera izan zuten, arriskuak murriztuta eta aldaketei aurre hartuta. Horietatik 23 lotuta zeuden enpresa jardueraren transmisioarekin, eta transmisio hori familian egin daiteke, barne salmentaren bidez, enpresaz bestelako pertsonei edo sozietateei salduta, fusioak eta xurgapenak barne. «Enpresa baten sorreraren eta hazkundearen ondoren, transmisioa da bere bizi zikloaren hirugarren fasea; eta fase hori funtsezkoa da jarduera ekonomikoa Gipuzkoan errotu eta sendotzeko», adierazi du Lasak.
Azkenik, beste 10 proiektuk enpresa eta entitateen arteko lankidetza sustatzea izan zuten xede, egungo ekonomiara egokitzen laguntzeko; izan ere, dimentsio enpresarial eraginkorrak eta efizienteak eskatzen ditu merkatu, produktu eta zerbitzuen arabera. Lankidetza horien ezaugarria da taldeen edo erakundeen gaitasunak biderkatzeko borondatea, gune komunak detektatuta eta bakoitzaren aktibo bereizgarriak konbinatuta. «Eszenatoki gero eta konplexuagoen aurrean, konplexutasun gero eta handiagoz erantzun behar dugu; eta konplexutasun horrek lankidetza exijitzen du, are gehiago Gipuzkoa bezalako lurralde txiki batean. Funtsezko da aberastasunaren sorrera iraunkorra eta pertsonen ongizatea bermatzeko”, azpimarratu du bozeramaileak.
Ekintzailetasuna
Halaber, Kontseiluak enpreseb sortze eta garapen prozesua bultzatzeko programa onetsi du; programa horren bidezko inbertsioa 1.661.715 eurokoa izango da guztira, lerro hauetan banatuta: enpresak sortzeko prozesuan bultzatzeko programa –Txekin, 230.000 euro-; emakumeek sustatutako enpresa proiektuak -Emekin, 270.000 euro-; teknologia eta berrikuntzan oinarrituta dauden enpresak sortzeko laguntza –Txekintek-Bernetekin, 971.448 euro; eta ekintzaileen eta ekintzailetzaren inguruko trebakuntza, ebaluazioa, balorizazioa eta zabalkunde soziala laguntzeko jarduerak -190.267 euro-.
Programa honen bitartez orain arte lortutako emaitzen balantzea “oso positiboa” da, eta deialdia bat dator, gainera, bigarren Euskadiko Ekintzailetzaren Erakundearteko 2017-2020 Plana (EEP 2020) abian jartzearekin; plan horrek arreta jartzen du, beste helburu batzuen artean, ekintzailetasun aurreratuari laguntza emateko ekosistema indartzeko beharrean, eta ekintzailetza berritzailea eta oinarri teknologikoduna bultzatzeko dauden egiturak berrantolatzeko eta hobetzeko helburuan.
Horregatik, Aldundiak programa honen bidez zenbait neurri hartu nahi ditu, barne ekintzailetzaren bidez enplegua (autoenplegua barne) sortzen duten enpresa eraginkor eta efizienteak sustatzeko, enpresa berriak sortzeko eta garatzeko (spin-off-ak, azelerazio prozesuak, balio erantsi altuko negozioak garatzeko laguntza, etab.) Adierazitakoaren helburua da ekosistema ekintzaile bat garatzea da, zeinak politikak, fiskalitatea eta administrazioa, merkatuak, azpiegiturak, lidergoa, babes eta laguntza elementuak, eta ekintzailetzaren aldeko kultura integratuko dituen. Joan den urtean laguntza eman zitzaien 483 proiekturi eta, ondorioz, 388 enpresa sortu ziren: 234 emakumeek sustatutakoak, eta 45 start-upak edo oinarri teknologikodunak.
Deialdiarekin ekintzailetza katean dauden eragile guztiak inplikatu nahi dira, funtsezko protagonismoa emanez ekintzaileei beraiei. Bozeramaileak nabarmendu du ekintzailetasunaren kultura eta ekintzaileak “funtsekoak” direla garapen ekonomikoa sustatzeko eta gizarte aberatsagoa eta berdinagoa eraikitzeko; beraz, enpresaren ekarpen sozial eta ekonomikoa nabarmendu behar dela adierazi du, batez ere Gipuzkoan, non enpresa txiki eta ertainek osatzen duten gehienbat sare ekonomikoa, haiek sortzen baitituzte lanpostuen % 40a.
Berdintasunaren aldeko dirulaguntzak.
Kontseiluak 630.000 euroko dirulaguntzak ere onetsi ditu, udalei eta mankomunitateei, emakumeen elkarteei eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen duten irabazi asmorik gabeko beste entitate batzuei zuzenduta. Foru Aldundia urteko deialdi hau egiten ari da 2008. urteaz geroztik, berdintasunaren aldeko tokiko politika publikoak sustatzeko, tresna arauemaileak eta tokiko proiektu estrategikoak sortzen laguntzeko, organizazio feministak eta berdintasunaren aldeko emakumeen elkarteak indartzeko, eta emakumeen jabekuntza indibiduala eta kolektiboa sustatzeko espazioak eta prozesuak finkatzeko.
Une honetan, proposatzen da onestea laguntza horien 2019. urteko deialdia eta oinarri arautzaile berriak, hainbat aldaketa jasotzen dituztenak aurreko deialdiekin alderatuta. Zehazki, udalen kasurako, dirulaguntza lerro hau eskatu ahal izango dute elkarrekin bat eginda aurkezten badira. Elkarteei dagokienez, diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira entitatearen eta langileen ohiko funtzionamenduak eragindakoak, baldin eta ez bada gainditzen proiektuaren kostuaren % 10a. Azkenik, elkarteek aurkeztutako proiektuetarako, dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa gehitu da (12.000 euro).
Errenteriako eguneko zentroa
Halaber, Errenteriako Olibet mendekotasuna duten adinekoentzako eguneko zentroa egokitzeko obren egikaritze proiektua onetsi da, guztira 565.318,17 euroko aurrekontuarekin eta 5 hilabeteko egikaritze epearekin. Eraberritze obren helburua da instalazioen irisgarritasuna hobetzea eta plaza kopurua 30tik 36ra gehitzea. Obrek irauten duten bitartean erabiltzaileak Lezo eta Urnietako zentroetara eramango dira.
1577