Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoako enpresa sarean kalitatezko enplegua indartzeko 3,4 milioi

Gipuzkoako enpresa sarean kalitatezko enplegua indartzeko 3,4 milioi

Diputatuen Kontseiluak ontzat eman du gaur zazpi laguntza lerroko deialdia.

Foru Aldundiak 3,4 milioi euro bideratuko ditu Gipuzkoako enpresa sarean eta ekosistema sozio-ekonomikoan enpleguaren kalitatea indartzeko, Diputatuen Kontseiluak gaur onartutako laguntza programaren bidez. Deialdia Gipuzkoa Ekonomia Indartuz sare ekonomikoa babesteko eta eraldatzeko planaren egiturazko alderdia da eta lurraldeko ekonomia indartzeko eta pandemiak eragindako krisia gainditzeko jarri da abian. “Kalitatezko enplegua gure ongizatearen, gure bizi kalitatearen eta desberdintasunik gabeko gizartearen giltzarria da; izan ere, errenten aurrebanaketa zuzenagoa eta bidezkoagoa ahalbidetzen du, gizarte eta lan bazterketako egoerak minimizatzen ditu, eta baliabideak sortzen ditu pertsona eta kolektibo zaurgarrienentzako gizarte babeserako sistema bat izateko”, adierazi du Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuko diputatuak Eider Mendoza foru bozeramailearekin batera egin duen agerraldian.

Programak berariazko zazpi laguntza ildo ditu: lantoki eraldatzaile eta jasangarriak garatzeko (809.579 euro); langileek enpresetan parte har dezaten sustatzeko (884.421 euro); enpresetan enplegagarritasunerako gaitasunak eta konpetentziak bultzatzeko, bizitza osoko ikaskuntzaren bidez (339.850 euro); emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta kontziliazio erantzunkidea txertatzeko (224.630 euro); enpresak etorkizuneko enplegurantz eraldatzeko (165.000 euro); bizitza osoko ikaskuntza sistemaren rola eta enplegagarritasuna indartzeko Gipuzkoan (339.850 euro); eta ezagutza sortzeko, transferitzeko eta partekatzeko Gipuzkoako ekosistema sozioekonomikoan (636.670 euro).

Horrela, besteak beste, Aldundiak honako alderdi hauek bultzatzeko jarduerak suspertuko ditu: lurraldeko enpresen antolaketa eraldaketa, pertsona ardatz duen eredu bat lortzeko, eta trantsizio digital, ekologiko edo demografikoei erantzuteko; langileen parte-hartzea enpresen kudeaketan, erabaki estrategikoetan, emaitzetan eta kapitalean; pertsonen kualifikazioa, funtsezko gaitasunak eta ibilbide pertsonalizatuak eskuratuz; enpresa munduaren eta prestakuntza munduaren arteko lankidetza, etorkizunean beharko diren gaitasun berriak bultzatzeko; bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzea; edo enplegagarritasunari edo etorkizuneko lanpostuei lotutako funtsezko ikerketako, ikerketa industrialeko edo esperimentaleko proiektuak garatzea.

Beste ildo estrategikoetako bat emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzea izango da, eta, horretarako, Erantzunkide Saretik lortutako ikaskuntzak aplikatzera bideratutako ildo bat sartu da. Sare horretan, 60 enpresa kontziliazio erantzunkideari eta berdintasunari buruzko ikaskuntzak eta praktikak trukatzen ari dira eta guztira 16.767 langile dituzte. Era berean, emakumeek erabaki guneetan parte hartzea eta ordainsari berdintasuna suspertuko dira. Beste ardatzetako bat bizitza osoko ikaskuntza bultzatzea da. Larrañagak “elementu estrategikotzat eta balio bereizgarritzat” jo du gaur egungo egoeran eta “are gehiago etorkizunean, trantsizio handien eraginez (digitalak, ekologikoak eta sozialak) gero eta aldakorragoa eta konplexuagoa izango den ingurune batean”.

Programa horren onuradunen artean daude enpresak, enpresa elkarteak eta klusterrak, sindikatuak, ikastetxeak eta lurraldeko I+G+B zentroak. Informazioa eskuragarri dago Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren web orrian: https://www.gipuzkoa.eus/es/web/ekonomia. Eskaerak aurkezteko epea GAOn argitaratzearekin batera irekiko da  eta webgune honetan aurkeztu beharko dira: http://sustapena.gipuzkoa.eus/kudeaketa  

Larrañagak azpimarratu duenez, enpleguaren etorkizuna Foru Aldundiaren jardunaren lehentasunetako bat izango da legegintzaldia amaitu arte. “Eraldaketa global, ekonomiko eta sozial handiek, zeinak gero eta bizkorrago gertatzen ari baitira, kezka handia sortzen dute herritarrengan gai horren inguruan, baina kontua ez da soilik galdetzea geure buruari nola eragingo diguten joera handi horiek, baizik eta aurrea hartzea eta ikustea zer urrats egin ditzakeen Gipuzkoak, kolektiboki, enpleguaren etorkizuna eta kalitatea bermatuko dituen eredu sozioekonomiko bat finkatzeko, ezaugarri ditugun indarguneak eta balioak oinarri hartuta”, azaldu du. Helburu horrekin, Aldundiak lantalde espezifiko bat sortu zuen legegintzaldi hasieran Think Tank Etorkizuna Eraikiz proiektuaren barruan, gizarte, hezkuntza eta ekonomia arloko eragileekin, eta horren ondorioak Gipuzkoako gizarte zibil antolatuarekin partekatuko ditu.

Erronka horri “ikuspegi orokor” batetik heltzeko eskatu du, “kalitatezko enplegua zentzu zabalean ulertu eta landu behar dugulako, ordainsarietatik askoz ere haratago doana, eta hainbat alderdi biltzen dituena, hala nola kontziliazioa, hazkunde profesionala, lan ingurune erakargarria, prestakuntza eta talentuaren garapena, proiektuan parte hartzea… Funtsezko faktorea da gure enpresen lehiakortasun jasangarrirako, errotzea, produktibitatea, eraldaketa edo erresilientzia bultzatzen baititu”.  Halaber, konpromiso kolektiboaren garrantzia azpimarratu du. “Langileekin konprometitutako enpresak, enpresekin konprometitutako langileak, eta lurraldearekin konprometitutako pertsonak, enpresak eta eragile sozial eta ekonomikoak behar ditugu. Enpleguaren etorkizuna erantzukidetasunean oinarrituta baino ezin da bermatu. Hori da programa honekin indartu nahi dugun balioa”, adierazi du.

 

1,5 milioi euro merkataritzarako eta ostalaritzarako

Bestalde, Diputatuen Kontseiluak onartu du 1,5 milioi euro banatzea Gipuzkoako merkataritza eta ostalaritza sektorerako laguntzetan. Programa hori Ekonomia Indartuz planaren aparteko neurrien barruan dago, eta bi helburu ditu: batetik, jarduera horien digitalizazioa bultzatzea, eta, bestetik, pandemiak eragindako inpaktua arintzea, susperraldia bizkortuz.  Eskaerak aurkezteko epea dagokion foru agindua GAOn argitaratzearekin batera irekiko da, eta azaroaren 30ean amaituko da.  Establezimendu bakoitzak 1.000 euroko laguntza jasoko du.

Deialdi hori egiteko, gaitasun teknologikoak eta Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren eta Ogasun eta Finantza Departamentuaren arteko lankidetza uztartu dira, betiere "laguntzak eskatzeko, emateko eta ordaintzeko ahalik eta prozedura arinena diseinatzea xede dela", adierazi du diputatuak, "administrazioaren eraginkortasuna bermatuz, horrela, aurreikusten diren eskaeren kopuru handia ahalik eta azkarren izapidetzeko eta interesdunek epe laburrean kobratzeko".  Laguntza ekonomiko hori krisiak bereziki kaltetutako beste jarduera ekonomiko batzuetarako Aldundiak ezarritakoari gehitu behar zaio, hala nola lehen sektoreari (1 milioi) edo turismoari (1,6 milioi). Era berean, Aldundiak 590.000 euroko beste laguntza lerro bat jarri zuen abian joan den uztailean, saltoki txikiei erresilientziaz eusteko.  

Deialdiari buruzko informazioa eskuragarri egongo da https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/ekonomia webgunean, eta eskabideak zergabidea.gipuzkoa.eus plataformaren bidez aurkeztu beharko dira. Plataforma horren bidez, eskaerak automatikoki egiaztatuko dira, eta, baldintzak betez gero, bi asteko epean egingo da ordainketa, gutxi gorabehera. Establezimendu onuradunek TicketBAI aplikazioko altako 15 fitxategi aurkeztuta izan behar dituzte gutxienez Gipuzkoako Zerga Administrazioan, eskaera egin aurreko 15 egun naturaletan.  Oinarri hauetan arautzen diren dirulaguntzak bateragarriak izango dira Estatuko, Europar Batasuneko edo nazioarteko beste administrazio, erakunde publiko edo pribatu batzuetatik helburu bererako jasotako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin.                                                                                      

Larrañagak gogorarazi du pandemiak eragindako murrizketek gogor erasan dituztela sektore horiek, eta oraindik ere horien eragina nabaria dela; "izan ere, lehendik ere erronka garrantzitsuak zituzten teknologia berriak zirela-eta, hala nola kontsumo ohituren aldaketak edo bezeroekiko eta erakunde hornitzaileekiko harreman berriak, euskarri digitaletan oinarrituak. Laguntza hauen bidez, digitalizatzeko ahalegin hori babestu nahi dugu, funtsezkoa baita enpresek krisi hau gainditzeko eta garapen sozioekonomikoa eta lurraldean enplegua sortzen jarrai dezaten laguntzeko".

 

Kenkariback

Bestalde, Mendoza bozeramaileak TicketBAIrekin lotuta laguntzak izan ditu hizpide. Gogoratu duenez, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera hasiko da Gipuzkoan TicketBAI betebehar berria ezartzen, modu mailakatuan, sektorez sektore. Lurralde honetan jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadun guztiei eragiten dio, eta 60.000 inguru dira Gipuzkoan. “Proiektu honen hedapenari laguntzeko, hainbat laguntza jarri ditugu martxan, betebeharra bete behar duten erabiltzaileei begira: batetik, Ekonomia Sustapeneko diputatuak aurkeztu berri dituen laguntza zuzenak eta, bestetik, zerga kenkariak, inbertsioen finantzaketan laguntzeko”, esan du Mendozak. Azpimarratu duenez, “bereziki garrantzitsua” da borondatezko epean sartzeagatik ezarritako kenkari indartua: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) nahiz Sozietateen gaineko Zergan egindako gastuaren %60 hobaria jasoko dute, 5.000 euroko mugarekin, derrigorrezko epean sartu baino hilabete lehenago arte.

Honen harira, bozeramaileak esan du Ogasunak kontutan hartu duela, zergadun askok TicketBAIri lotutako inbertsioak jada egin dituztela edo orain eta hurrengo urtean egingo dituztela, baino hurrengo urteetan egingo diren kanpainetara arte onurarik ez dutela jasoko. Honi aurre egiteko Kenkariback TicketBai izeneko eredua sortu du Aldundiak. “Honi esker, modu erraz batean kenkari horren aurrerapena emango da, zergadunak lehenbailehen diru-itzulketa jaso dezan”, adierazi du. Hau da, Kenkariback-en bitartez, zergadunek TicketBAIrik lotutako inbertsioa egiten duten momentuan jasoko dute zerga hobariaren onura. “Nondik aterako da diru hau? Ba azken lau urtetan ordaindu dituzten PFEZa edo Sozietateen gaineko Zerga itzuliko dizkiegu, betiere kenkariak ezartzen dituen arau eta mugen barruan. Honela, lortzen duguna da zergadunari denboran azkarrago laguntzea, hau da, inbertsioa egiten duen momentuan”, azaldu du Mendozak.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako proiektua da TicketBAI, baina lurralde bakoitzean modu bereizian hedatuko da. Praktikan, lurraldeko jarduera ekonomiko guztia Ogasunarekin lotuko du eta, Gipuzkoan, foru erakundeak denbora errealean jasoko du erregistratzen den transakzio bakoitzaren informazioa. Dituen abantailen artean, batetik, zerga administrazioak iruzurraren aurkako borrokan aurrerapauso handia eman ahal izango du, iruzur egiten duenaren lehia desleiala ezabatuko baitu. Aldi berean, zerga-administrazioak zergadunari eskaintzen dion zerbitzua hobetuko dugu, zerga-betebeharrak azkar eta eraginkortasunez betetzea erraztuz. Era berean, Gipuzkoako sektore ekonomikoa erabat digitalizatuko da, eta horrek garrantzi berezia hartzen duela COVID-19ren krisiaren testuinguruan.

  

2642