Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoako enpresa sarean kalitatezko enplegua sustatzeko 4,1 milioi bideratuko ditu Aldundiak

Gipuzkoako enpresa sarean kalitatezko enplegua sustatzeko 4,1 milioi bideratuko ditu Aldundiak

Eider Mendozak azaldu duenez, kalitatezko enplegua ongizatearen, bizi kalitatearen eta desberdintasunik gabeko gizartearen “giltzarria” da.

2022/05/03
Gipuzkoako enpresa sarean kalitatezko enplegua sustatzeko 4,1 milioi bideratuko ditu Aldundiak

Gipuzkoako Foru Aldundiak 4,1 milioi euro bideratuko ditu lurraldeko enpresa sarean eta ekosistema sozio-ekonomikoan enpleguaren kalitatea indartzeko, Diputatuen Kontseiluak gaur onartutako laguntza programaren bidez. Deialdia Gipuzkoako sare ekonomikoa babesteko eta eraldatzeko Aldundia egiten ari den estrategiaren parte da eta, Eider Mendoza foru bozeramaileak nabarmendu duenez, “kalitatezko enplegua gure ongizatearen, gure bizi kalitatearen eta desberdintasunik gabeko gizartearen giltzarria da”. “Izan ere, errenten aurrebanaketa zuzenagoa eta bidezkoagoa ahalbidetzen du, gizarte eta lan bazterketako egoerak minimizatzen ditu, eta baliabideak sortzen ditu pertsona eta kolektibo zaurgarrienentzako gizarte babeserako sistema bat izateko”, nabarmendu du.

          Mendoza gaur goizean agertu da hedabideen aurrean, asteartero bezala, aste honetako diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Programak berariazko zazpi laguntza ildo ditu: lantoki eraldatzaile eta jasangarriak garatzeko (1.200.000 euro); langileek enpresetan parte har dezaten sustatzeko (850.000 euro); enpresetan enplegagarritasunerako gaitasunak eta konpetentziak bultzatzeko, bizitza osoko ikaskuntzaren bidez (703.000 euro); emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta kontziliazio erantzunkidea txertatzeko (225.000 euro); enpresak etorkizuneko enplegurantz eraldatzeko (350.000 euro); bizitza osoko ikaskuntza sistemaren rola eta enplegagarritasuna indartzeko Gipuzkoan (316.000 euro); eta ezagutza sortzeko, transferitzeko eta partekatzeko Gipuzkoako ekosistema sozioekonomikoan (500.000 euro).

Programa honen onuradunen artean daude enpresak, enpresa elkarteak eta klusterrak, sindikatuak, ikastetxeak eta lurraldeko I+G+B zentroak. Informazioa eskuragarri dago Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren web orrian: https://www.gipuzkoa.eus/es/web/ekonomia. Eskaerak aurkezteko epea GAOn argitaratzearekin batera irekiko da  eta webgune honetan aurkeztu beharko dira: http://sustapena.gipuzkoa.eus/kudeaketa.

Pasa den urtean, guztira, 139 proiektu lagundu ziren diruz, 4.510.000 euroko laguntza jaso zutenak. “Hasierako kantitatea 3,4 milioi eurokoa zen, eta gero handitu egin zen, eta aurten berdina gerta daiteke”, argitu du Mendozak. Lantoki eraldatzaileen lerroan, 39 proiektu lagundu ziren, 1.125.000 eurorekin; partaidetzan, 34 proiektu, 884.000 eurokorekin; enpresetako Bizitza Osoan Zeharreko Ikaskuntzako (BOZI) 14 proiektu lagundu ziren, 337.000 eurorekin; berdintasunean, 20 proiektu, 158.000 euroko laguntzarekin; etorkizuneko enpleguko lerroan, 3 proiektu lagundu ziren, 180.000 eurorekin; hezkuntzari lotutako BOZIan, 11 proiektuk 625.000 euroko laguntza jaso zuten; eta, ezagutzari lotutako lerroan, 18 proiektu, 1,2 milioi euroko laguntza jaso zutenak.

“Enpleguaren etorkizuna Foru Aldundiaren jardunaren lehentasunetako bat izango da legegintzaldia amaitu arte”, adierazi du foru arduradunak. “Eraldaketa global, ekonomiko eta sozial handiek, zeinak gero eta bizkorrago gertatzen ari baitira, kezka handia sortzen dute herritarrengan gai horren inguruan. Kontua ez da soilik galdetzea geure buruari nola eragingo diguten joera handi horiek, baizik eta aurrea hartzea eta ikustea zer urrats egin ditzakeen Gipuzkoak, kolektiboki, enpleguaren etorkizuna eta kalitatea bermatuko dituen eredu sozioekonomiko bat finkatzeko, ezaugarri ditugun indarguneak eta balioak oinarri hartuta”, azaldu du, gogoratuz Etorkizuna Eraikizek bultzatzen duen Think Tank-ean gai hau jorratzen ari den talde espezifiko bat dagoela.

Mendozaren iritziz, erronka horri ikuspegi orokor batetik heldu behar zaio, eta kalitatezko enplegua zentzu zabalean ulertu eta landu behar da. “Ordainsariez gain, beste hainbat alderdi ere biltzen dituelako: hala nola kontziliazioa, hazkunde profesionala, lan ingurune erakargarria, prestakuntza eta talentuaren garapena, proiektuan parte hartzea…”, esan du. Bere ustez, “funtsezko” faktorea da Gipuzkoako enpresen lehiakortasun jasangarrirako, errotzea, produktibitatea, eraldaketa edo erresilientzia bultzatzen baititu.  “Langileekin konprometitutako enpresak, enpresekin konprometitutako langileak, eta lurraldearekin konprometitutako pertsonak, enpresak eta eragile sozial eta ekonomikoak behar ditugu. Enpleguaren etorkizuna erantzunkidetasunean oinarrituta baino ezin da bermatu. Hori da programa honekin indartu nahi dugun balioa”, aldeztu du.

 

Biribilgune berria Alegian

Bestalde, gaur onartu da GI-2133 errepideko, Alegiako hegoaldeko sarbidean Errotaldeko biribilgunea egiteko proiektua. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 330.639,37 euro da, eta lana burutzeko epea hiru hilabete. Mendozak gogoratu duenez, 1991. urtean, GI-2133 errepidearen saihesbidea eraiki zen Alegian, herrigunea ekialdetik inguratzen duena GI-2131 errepidearekin konektatu arte. Halaber, GI-2133 horretako 18,750 kilometro puntuan T formako bidegurutzea egin zen, hegoaldetik herrigunera sartzeko, orain esku hartuko den puntua hain zuzen ere. 2000. urtean bidegurutze hori handitu egin zen eta 2014ko udan, hainbat irlatxo egin ziren eta itxaroteko erdiko errei bat, Amezketatik iristen diren ibilgailuak babesteko.

“Hala ere, zirkulazio abiadura handia da bidegurutzearen inguruan oraindik ere eta, horren ondorioz, bide segurtasuna hobetzeko, Aldundiak egokitzat jo du bidegurutze hori biribilgune bihurtzea”, azaldu du bozeramaileak. Aipatutako proiektuan zehaztutako biribilguneak kanpoko lerro zurian 34 metroko diametroa du, eraztunaren zabalera 7 metrokoa da, kanpoko bazterbidea 0,50 m-koa eta barnealdeko bazterbideak, berriz, 2,00 metro zapalgarri ditu. Halaber, bide gurutzearen ondoan dagoen enpresa baten instalazioetatik hurbil egoteak eta Amezketa ibaiaren estaldura egitura baten gainean egoteak baldintzatzen dute biribilgunearen diseinua eta, ondorioz, instalazioa doitu egiten da dagoeneko urbanizatuta dagoen plataforma aprobetxatzeko eta estalduraren ertzekiko nahikoa distantzia uzteko euste sistemak kokatzeko.

 

Egoitzetako partea

Azkenik, adinekoen egoitzetan pandemia izaten ari den eragina ere eguneratu du bozeramaileak. Erabiltzaileen kasuan, momentu honetan 143 positibo aktibo daude (pasa den astean baino 53 gehiago), 22 egoitza ezberdinetan. Kasu hauetatik, 33 lagun daude erreferentzia zentroetan. Pasa den astetik hona, egoiliar bat zendu da, 68 sendatu dira eta 122 positibo berri atzeman. Guztira, azaroaren 29tik hona, 54 egoiliar hil dira, eta 2.584 lagunek gainditu dute gaixotasuna. Azkenik, adinekoen egoitzetako langileei dagokionez, 47 positibo aktibo daude (pasa den astean baino 2 gehiago) 22 egoitza ezberdinetan.

  

2395